www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

AMODIOA

 

        Egun hartan, eskolako lagun andana Biarritzen elgarretarat bildurik, eskualdun eta mendien bi alderdietarikako erdaldun —notari, mediku, abokat, potikario, ingañadore, eta eskoletxe handi batetako irakasle zenbeit— goxoki bazkalduak ginen denak mahain beraren inguruan, leihoak zabaldurik, itsas hegiari dauden ostatuetarik batean.

        Ez, baitezpada, phesta egiteko harat joanik, baizik ere elgar ikusteko.

        Eskoletan guti edo aski burua alhatu dutenek ez dakite gehiago phesta zer den: ohartuago gizona, eta beldurtiago duzu jan-edan soberatik kalte har; herabeago ere lagunentzat, hok nakaizturik gaitzi daizkion; elheketa gogoaren erabiltzeak dakolarik oroz gainetik apurtzen aho ala sabeleko gozoa.

        Bainan zer atsegina elgarretaratze hartan! Zer begitarte arraia batzuek bertzeer! Zer esku tinkatzeak! Ezpainek erran aitzinean, begiek urrunerat salhatzen: «Ba, hemen nuk! Nolaiz? Ehintuan, ez, ahantzia! Badea lan, zien ezkualdian?» eta ondarrik gezurño hau, niniak uste gabetarik klixk ilhuntzen zauzkitzula: «Ehiz izpirik ere zahartzen, mutikoa!»

        Eta gero, jarririk, zer mintzaldi lañoak!... Bihotza ager, zabaldurik, hutsak eta oro aithortzerainokoan; herri ttipiko nahigabe aiherkunde, herra, han iretsi eta pairatu, laido aphalak irakur, hiri handian lehenago iragan egun eder aberatsez artetan orhoituz; jakintsunen asmuak xuriturik ezar, bipildurik, bizitzeak bat bederari eman dautzueken irakaspenekin; Pariseko, Bordaleko, Tolosako xoko maiteetan gogoz elgarrekin berriz ibil, harat-hunat ahalgerik gabe edozer aipha: jastatu duenak baizik ez dezake erran mihiz, adixkideen artekoa baino minagoa baita ezen, eskolako lagunek beren biltzarretan elgarri dematen zorion hori.

        Bazkal ondo ginauden beraz egun hartan, jateko lekutik pipatzekorat aldatuak, hemen alki guri batzuetan jarririk errara; hunek atheraldi, harek zirto, bertzeek irri, itsas haize gaziak xixtaka perekatzen ginintuela.

        Gutarik batek zuen ipizta emana, ziolarik:

        «—Badakizieia zer ginduken orai beharrenik orok?»

        Eta denak so baiginaudezkon, harek zartalahara:

        «Urrixa bedera»

        Hoin ausarki mintzo zitzaukuna ofizioz potikarioa zen eta, potikario gehienak bezala, arrunta.

        Irriño bat egin ginakon, doidoi: bainan, ez baitzitzakon arabez ahopaldi hura aski, aitzina bazerasan:

        «—Zer da, bazkari on batetarik lekora, emaztearekin gozatzeaz hoberik? Hazkurriak odola berritu dautzu: edarien indarra zainetan badabilkizu, bero bezain erne. Ez duzu amodioa baizik gogoan.

        «Bazakiten hori gure aitzinekoek, guk ahantzia balin badugu ere, edo zorokeriaz utzia. Lurraren gainean hedaturik zauzkaten estalgietarat lerratzen ohi ziren azken ahamenarekin, soinekoak laxaturik, han ihalozkatzeko beren hauturala. Menpeko batzuek xirula joiten zeieten edo xirribinka, etzitzaten adi batzuek bertzeen intzira, auhen, hasperenak; gain behera, sare batetarik erortzen zeiezten arrosa liliak, haukien usain eztiarekin ondarra elgarren besoetan hordi ziten...»

        «—Bazkari onaren ondotik, eta musikan, eta arrosa lilizko uhar goxoa gainera hartuz baizik ez balin bazitazken joka gure arbasoak, ez niz den gutienik hetaz bekaizti», zuen artetik athera gutarik batek, maltzurkeria zariola.

        Ez adituarena egin zakon lehenik hasia zenak, erraiten zaungula oraino bere hoberenean:

        «—Amodioa, haragiaren irrits bat da dena, eta haragiak berak asetzen du. Ni, hasteko, hortako niz. Eta ez dut uste baden emazterik ezetz ihardetsiko dautanik... Zoroak dauzkat bertzela iduritzen zeienak. Beude othoi ametsak bazterrerat gure begiz ikus eta eskuz hunki dezakegunari gaudelarik!

        «Ez dugu aski behatzen kabaler. So egoiten baginitzeie, irakaspen ederrik eman lezagukete. Hek ez dira gu bezala nekatzen gogoeta. Lehia heldu zeien ber, jazar: ez dute bertze legerik. Edozoin edozoinekin, berdin zeie. Eder, itsusi, gizen, mehe, tonto, erne, oso, markets, ez dute axolarik. Ea ara hortarik gizona baino gaizkiago heltzen diren? Nor zuetarik bihurtuko zaut, erranez ez direla gu bezenbat gozatzen? Behinik behin, begiratzen ditugula hek bezain luzaz gure ahalak?... Gutiago maite dituztea beren umeak?... Badea heien artean, aiphu dugun buru hortarik, eritasun gehiago, makur, ixtripu, heriotze?... Elgarren ondotik ibiltzeak ahantzarazten deiea, guri bezala, hazkurriaren bilhatzeak manatzen diozkaten urhatsak?... Nere baithan sartzen nizalarik bitxi zaut, egiazki, nola adimendua delako zerak amodioa bilharatzen dakon gizonari ez ditaken lekuan, dakizuen bide makurrez.»

        Hitz hok aditzearekin, zigarreta leihotik firrindan aurdiki zuen notariak, ziolarik bizi bizia:

        «—Ago ixilik, othoi, mutikoa! Ez dakik zer derasakan. Ez banintzauk bazkaritean beha egon, ikusten nuela zoin guti huen edaten, banikek ustea arnoaren kheak harrotzen ari daukala kapeta. Ezen nahasi dauzkiguk denak, eta ixtilean: gizon, emazte, kabala, haragi, izpiritu, jaidura eta amodio. Etzakiat zer gibelondo ukanen duen ene solasak, bainan xuxendu gogo hit, baituk beharrak.»

        Denek beharria atxiki ginakon mintzazale berriari, behatzera ez ginitzaizkolarik ausartatzen, ezen bethi danik apur bat azpitik ginauzkan. Española zen: mutiko liraina; dohainez ihaurri; aberatsa.

        Orok baginakien hamar urte hartako haren berri, nahiz bere buruaren ahal bezain guti agertzera lehiatzen zen. Xixtez han edo hemen hartako doia ikusia baiginuen ordean, eta gero, zer ez da jakiten oraiko egunian?... Etzitzkon bizkitartean iduri, ja! hain ontsa ezagutzen ginintuela haren izaite ala hurat-hunatak.

        Bordales andere bere adintsuko batekin adixkidetua zen. Hau, ditaken emazte ederrenetarik: ile nasai hori, begi urdin zabal ezti, ahoko elhurra bezain xuri, golko jori, esku legun, oin-lepo mehar, larru xuri-gorri, etzuen itxuraz deusen eskasik. Gogorki argitua bertzalde, eta jendea.

        Ardura elgarretaratzen ziren itsas bazterrean, Biarritzetik Donostiarateko hegia burdin-bidez urtetik urtera xehekiago ikertzen zutelarik. Etzitaken amets mutiko, neskatxa, hain bat bertzearen neurrikorik, halako toki miragarrietan besoz beso ibilki. Lehen aldikotz hek ikusi ginintuenak ihesari eman ginen, gure ohartzea ez zitzeiela behar herabetzeko zer bat. Hain maite zuten elgar eta hain da bakhan ara hartako amodioa, non gaixtakeria baitzauguken heiekin bidean buruz buru egitea.

        Geroztik gogoan ginintuen biak. Ez ginintzeien hargatik bekaizti. Atsegin ginuen orok, behin bederen ikusirik gizon eta emazte bat hain osoki parekatzen.

        Bada, gure laguna hunelaxe mintzatu zen potikario sorjesari:

        «—Amodioaz dugunaz geroz solasa, hartan gauden, bertze nehorat zeiharkatu gabe. Ez giten ilki gure hatzetik.

        «Daukat, nik, bere izaite guziko lehiarik minena emaztearen alderat baizik ez dezakela erakuts gizonak. diot: bere izaite guziko lehia. Gorputzeko irrits aphalen asetzea bakarrik, izpirituaren deiik gorener elkor egonez, badakizieia zer zautan? Osoaren ondotik ibilki, eta erdiaren jabe gelditzea.

        «Irrits heier dagon gizona aberearen heinetik ez da hanbat goititzen.

        «Eta erdiaz on baratu dela athera bazait, sobera diot hori bera, ezen bi izpirituen batasunak dakarran zoriona, hanitzez, hanitzez errotikakoagoa da, ezen ez gorputzetarikoak.

        «Zeure baitharik edo gauzen ganik heldu zauzkitzun gogoeta guzien andre eder sendo batekin ihardukitzea: huni agertzea zeure barnea den bezala, zure asmu, jaidura, amodio, nahikunde, aiherkunde, janiza, herrak, zure bihotzaren zolan pulunpatzen diren itsuskeria ala izigarrikerietaraino: ordainez, harenen jakitea eta, jakin arau, zuhaurenen hetaz itzaltzea edo gogortzea; ibiltzea harekin gure buruko dohainek eman dezaguketen alhapide guzietan, lur-azalaren goiti-beheiti, harri mota, landareen itxura, kabalen harat-hunat hain gurenen iduriko, itsasoetako leize dena ilhunbe, zeruetako berri hainbertze jakin tirrian gaudeienak, gizonaren urhats, aztura, ikertzeko khar, ohartze apur, musika, thindu, neurthitz, laxo, lehen gertatuen xuritze, esku-lan, sineste, bizipide; hotien guzien eta hoik idurikoenen mihian erabiltzea maitiaren sahetsean, zure biziko egun laburrak baderamatzazularik maitatzen eta beha Munduaren itzulikari, erradazue, erradazue baditekenez gutarik bakotxarentzat amets xoragarriagorik?

        «Othoi ez niri aipha haurrik! Bere laguna egiazki maite duenak ez dezake onets bertze batzuetarat, hok umeak izanik ere, bere amodioaren barreatzerik. Haurrek ez dezakete ken baizik gizonari emaztearen alderat zaukanetik. Emazteari biltzen dakote haurrek gizonarekilakoa; biak ordutik haurretarat ixurtzen baitira, elgarrentzat epeltzen direlarik,... batek bertzea arrunt ahanzten ez dutenean.

        «Amodio osoak bibita du manatzen.

        «Aitamek, aitamatu direnetik, ez dakite gehiago zer den amodioa.»

        Ez niz baitezpada elheek iziturik gogoetatuak jartzen diren gizon hetarik, bainan aithor dut notariaren azken solasak aditzearekin ezin egon batek hartu ninduela. Erran nakon, hitzhartu sailetik uste baino biziki gehiago zeiharkatzen nintzalarik bizkitartean:

        «—Bazitakek, baizitakek egian hizan. Bainan hik diokan bezala egin balezate denek, lurrak dauzkan gizon eta emazte guziak jar balite elgarri so, elgarren koi, ondoriorik uzteko axola izpirik gabe, laster gure motakorik ez litakek ageri nehon nehor? Gure mota ezezta litakek?

        «Amodioz litakek ezezta! zaundan ihardetsi bipilik. Zer hiz, beldur lurrak, gu bezalakorik hazteko gehiago ez ukanez, itxura hitsagoa lukela? Batezpadako gauzkak Munduaren edertasunarendako? Uste duk Mundua ez litaken berdin itzulika gu gatik?

        Ez nakon ihardetsi. Ohartua nintzan ene sahetseko laguna ezin egonak harturik zaukala bere alkian, iduri kukusoz ausikia alde orotarik. Mediku zen Lapurdin; mutiko langile zuzen bat. Etzuen, harek, ohaiderik. Urrun, mendixka batzuen artean, bazabilan gau eta egun bere zaldi zaharrarekin eri batetarik bertzera, sos biltzen. Begitarteari aski zitzakon behatzea, ikusteko aita familiako on baten gei zagola. Ez ginuen denek bertze asmurik, baizik egun batez haur andanaren buruzagi izanen zela, emazte lakrikun baten jabe orobat, eta orai zabilan bezain nekatua bere egitekoetan ibilki.

        Hunelaxe mintzatu zitzaukun:

        «—Bazkal ondo baikira, beharrik, eta nehork ez baigitu barrandantzen! Bertzenaz, bitxia laike gure solasa, nahiz adin batean, guziz argitua delarik, ez luken gizonak zeren izi atheraldirik zorrotzenez. Guziak aipha daizke eta xeha... mihia neurrian atxikiz. Bizkitartean, ez dut uste baden mintzai bakar bat eskuara bezain minbera denik, derabiltzagunen erraiteko; lotsa da; nahiago luke egon ixilik. Eskualdunak, izan dadien gizon ala emazte, badu halako herabe bat amodiozko zerez mintzatzeko. Bakhan adiarazten ditu, erdi hitzez orduan ere, ardurenik ez jakinarena egiten duelarik. Hortan, goraki diot eta atseginekin, gizonago da Frantsesa baino.»

        Potikarioak, besoa inharrosiz, berehala hautsi zakon hoin gurbilki abiatua zuen hitzaldia. Notariak oixtian zapatuz geroztik, egosirik zagon larruaren barnean, noiz hartu ahalko zuen ordaina. Egotzi zuen:

        «—Eskuara hoin uzkur balin bada eta kilika, apezek dute hortaratua. Ez noa aski barna: hortaratua dute Galileako zurgin seme pedoilaren irakaspenek.»

        «—Xo! xo, mihi tzarra! zakon ihardetsi medikuak. Ez deiat ukhatuko zenbat bitxi zautan, nihauri ere, erlisione finkazale guziek, Mahometek salbu, higuin ukan baitute emaztearen kutsua, eta hotarik urrun iragan beren bizia,eragiten zuten haziak etzuelarik bizkitartean emaztea baino lur hoberik behar geroan. Bainan etzautak iduritzen hortaz esku har dezakekala, orai artean bere laguna gehienik maitatu duen gizon-jainkoari irain egiteko.

        «Nahiz hire ahopaldiek nekez beltz dezaketen...»

        «—Beltz edo xuri..., zakon berriz ere lothu potikarioa, ez nuk debekatuko erraitetik: eskuara hoin beratz eta thoil balin badago, apezek daukatela emalditurik. Ah! zer gizaldea zitaken beihala Eskualdunena, erlisionearen irakasteko estakuruan nausi hoik sarthuak etzitueno! Lañokiago zerabilkean bere gogoa. Etzikean, ahoa ideki behar zuen aldi bakotx, elizako orhoitzapen zurruburruez mihia trabatua!»

        Ez samurtzea gatik eta, bertzalde, hastapeneko solaserat itzuli nahia baitzen, utzi zuen oraino medikuak nahi zuenaren erastera, gero bereari alderat jarraikitzeko:

        «—Amodioa zer den?... Galdegiozue haragiak dakarzkon irrits guziak, adimenduak zuhurtzian dagoeno asma ditzozken gurak bere lagunarekin asetzen dituen gizon ala emazte horri?

        «Hau duzue adituko bat ala bertzeraren ezpainetarik: Amodioa da gizon eta emaztearen arteko batasun osoa.

        «Bainan gizonak ez dezake eman emaiten ahal duen guzia emazteari, emazteak ez dezake suntsi bere izaitea gizonarenaren baithan, bakarrik daudeno elgarrekin eta beren arteko atseginak baizik ez derabiltzatelarik gogoan.

        «Beren odoletik sortzen dituzten haurrek deiete bakarrik emaiten gizon eta emazteari, —ala gorputzez, ala gogoz, ala bihotzez bat egiteari darraion gozo neurririk gabea.

        «Jende xeheak, adimenduak manatzen dakonari gu ez bezala jarraikitzen ohi baita, halaber guk baino xuxenkiago badaki egia hori. Zori onez badaki eta jarraikitzen zako! Bertzenaz, zer atsegin luke lur hunek harentzat? Nola lagozke bertzela xutik erresumak?

        «Behazue Eskualdunen artean zer agitzen den. Mutiko, neskatoak goizik ezkontzen dire, haur danik hautaturik elgar, beren baitharikako bat bertzearen alderat zaukaten su hartan. Ez dautzuet deusik erranen elgarretaratzeko hartzen dituzten bideez: auzapeza ezarriz ararteko, haren aitzinean zin eginez, halaber apezaren oinetan, hunen othoitzen gerizan orozbat jartzen direlarik, emaiten diote sartzera doazin sailari halako zerbeit garbi eta azkar, bertze deusek eman ez lezokena.

        «So egon zaizkiote. Horra nun lothuak diren, bi biak, etxeño berean, ontasuntzat ez dutelarik maiz beren amodioa baizik eta beren besoetako indarra, emeki emeki higatuz heriotzeraino eremanen dituen bideari.

        «Zer da batasun ederragorik? Amets dezakeguia bi gazte heien arteko bekoz bekoa baino osoagorik, dela bihotz, dela gorputz, dela buru, dela ontasun?

        «Egiaren den bezala erraiteko, ez dira bizkitartean arrunt adimenduz berdintzen. Hurriagoa da, gizonarena; emazteak, agertu gabe, bidatzen du maiz lanetako goiti-beheitian, sal-erospenetan, auzoekilako urhats minberetan, argitzen, xuxentzen, hezten lagun oiesa. Izpirituaren orozbat xorrotx eta malguak badauko, emazteari, gorputzeko ahularen ordaina.

        «Familia heldu zeie: bat, bi hiru, bortz, zortzi haur, ardura gehiago. Zenbat aho asetzeko! Zenbat larru estaltzeko! Zenbat buru emeki emeki gizontasunerat heldu behar direnak!

        «Ez dira senhar emazteak lotsatzen. Ez dute ukho eginen guduari. Beharra handiago, handiagoa izanen da heien lana, hertsiagoa elgarri dakarten amodiozko laguntza. Gauak egun eginez, igandeak astelegun, phesta egunak ortzirale, aztaparrez, jeinuz, xuhurtziaz bilduko dute, beren burua gabe atxikiko badute ere maiz, umeen hazteko ala altxatzeko doia.

        «Nahi duten bezain hertsiak izan bite ongiaren zedarriak, atherako dire hek ohorezki.

        «Othoi irririk ez egin!... Badakit oraiko egunean gauza guziak, eta oroz gainetik sainduenak trufatzen ez dituen gizona ez dela gizontzat ezagutua, bainan etzazuela zuen burua hein hortaraino aphal!... Zenbat gizonago ez ginintazke denak, gure elhe onez bederen gorets baginintza aitama familiako gaixoak, elhe onez bertzerik zor ginioketelarik bizkitartean; ez ginezakelarik gure eginbidea heien alderat osoki bethe, behar orduan direlarik bakotxak gure ahalaren arabera esku emanez baizik. Agian noizbeit helduko dire huntarat Gobernamenduak!...

        «Beharrik badute zerbeit, lausengu eta laguntza guziak baino azkarrago dauzkana: fedea elgarren baithan, guduak emaiten deien gemen geroago handiagoa, bihotzeko gozo, haurren beren idurirat altxatzeko atsegin, eta... eta, barkatuko dautazieiea zart erraiten badut? norbeitek, nunbait, hil ondoan, gei diren izarian saristaturen dituelako uste zinezkoa.»

        Zoko guzietarik oldartu ginintzaizkon orduan:

        «—Hi, mutikoa, apez behar hintzan... Ez ginian aspaldi holako predikurik entzun!»

        Bainan, mintzatzeak berak berotua baitzuen, etzezaketen bazterretako elheek izi. Bazarion aitzina:

        «—Ez da oraino goren gorenerat heldua aitama familiako gaixoen batasuna.

        «Horra haurrak handituak. Xoriñoak lumaturik ohantzearen uztera doazi. Arrunt beren burua ahanzterainokoan heien hazten akitu direlarik, indarrak ttipitzen hasi zeiezten orduko, burhasoek, balin bazuten edo bildu ahal ukan badute zerbeit, zatitzen dute izpi hura umeen artean. Hok eskuin eta ezker barreatzen dire.

        «Aitamak orai etxean bakarrik, erdi buluziak; orhoitzapenez bizi, elgarren artean elgarrentzat, aneia arreba batzu bezala.

        «Larrazken laburra! Indarrak ttipitzearekin, nahiz gogoa berdin azkar daukaten eta suhar, baztertzen zeiezte auzoak, ez deiete gehiago irabazpiderik emaiten, beren azken sosñoak uste gabetarik jaten dituzte. Zahartu direlako estakuruan, nehork ez deie eskerrik.

        «Mendi xokoan edo zelhaiaren erdian etxetiar zagoden etxeño hura, hainbertze urtez hain gogotik bere haurren erdian borrokatu dituzten lur hek, kabala maite hek, ithurriño hura, oro utzi behar ukan dituzte, plazan etxe huts baten hartzeko, hemendik auzoetarat lan bide errexagoa ukanen dutelako ustearekin. Ez dira lotsa: zer eskukaldiak ez dituzte emanen oraino! Eliza orai hurbil ukanen baitute, harat ere arduraxago joanez...

        «Badakite zorionez auzo goriek nor diren, eta zenbat nekatuak gazte zirelarik. On direno galdatzen dituzte, egin dezaketena egin. Orotan begitarte on hatzemaiten dute gaixoek; egun guzietako irabazirik ez bada ere, bethi laguntza, lan keinu batean truk.

        «Badabiltza holaxet zenbeit urtez, lurrak bere ganat emeki emeki ukurtzen deielarik gorputza, adimenduz haurtasunerat itzultzen direlarik. Laneko ahalak bethi han dituztela iduri zeie hargatik; eta maite balin badituzte, beharrez dituztela maite.

        «Artetan haurrak, edo haurren haurrak, heldu baitzeiezte etxerat zerbeit laguntzaren eske, ez dute onik ukaiten heien alderat beren burua ondarra buluzi artio...

        «Baderamatzate azkenean, kasik betan, senhar emazte xaharrak hil-herrirat, bere ahal guziaz bizi izanik eta, berentzat baino gehiago, bertzeentzat.

        «Ehortz eta ere, elgarrekin daude.

        «Holakoa dut deitzen, nik, gizon eta emaztearen arteko batasun osoa.

        Ixil ixila egon ginen denak bulta bat, gure lagunaren mintzaldiaz gogoeta. Iduri zuen, huts zerbeit hatzeman nahi ta, ez ginezokela kausi. Xutitzera ginoazin aire hartzera joaiteko, amodioaz aski erranik eta aditurik baginuela ustez. Gutarteko batek berriz hasi zuen ordean solasa, dena beharri egundaino bezala jarri baiginen.

        Mintzazale berria —hogoi ta hamar urtetako mutiko larri bat —hiri handian zagon, ofiziorik batere hartu gabe; hau jasta, hura jasta, orotarik apur bat buruan sartzen zuelarik. Etzen bizkitartean faun, ez arina; herri ttipirat itzultzeak zaukan lotsaturik, ardura hemen gizon eskolatua, alhapiderik ez ukanez, auzoen ez-jakin eta nagiaren kutsutik egunetik egunera oiestuz baitoa.

        Bere bizar beltz ederrarekin, urrez apaindurikako luneta batzuen gibelean behakoa orozbat ezti eta hits, iduritzen zaut oraino ikusten dutala.

        «Bitxi zaut, zion irriño bat ezpain xokoan ezin gordez, nola nahasirik zabiltzaten denak, egiaren sahetsetik. Bakotxa zihauren baitharik mintzatu zarete. Nehori etzautzue gogoratu ez dela gu baithan egia, bai ordean gauzetan; hok ontsa ikertuz, guziz geure begiz, dezakegula noiztenka hatzeman hura, bere argi bereziarekin.

        «Hainbertze gizon mota, hainbertze amodio mota, horra egia.

        «Hau ere badelarik: zer jaidura ere baitu gizon batek, ez daukala hura berdin azkar bere bizi guzian, ez eta ere egun batetik bertzera; ardura aldatzen ere direla zenbeit gizon bihotzez, hau maitatu ondoan hortarat erortzeko, azkenean orobat nahikunderik bat ere gabe gelditzen baitira harria bezala.

        «Hoinbertze aren artean, zoin da zuzena? Badirea ere on ta makurrak? Zoin zer diren nola ezagut ditzazkegu?

        «Daukat ez dela gizonik galde hoitarik bakar bati ihardets dezakenik. Nik, hasteko, ez nakike, eta utziko zaituztet zoin zihauren sinesteekin. Ara guziak badira; oro metan hartuz, baginuke behar bada erraiteko asko bakotxarentzat; gure mihiak ez luke behin ixiltzerik; bainan zeren gainean finka ditake gure adimendu xumea, meta guzia ikusten ez duenaz geroztik, jujatzeko hau xuxena dela, hura makurra, hunek gauzak alde dituela, harek kontra? Munduaren goiti-beheitia xeheki bezala osoan ezagutzen ez duguno, zer onets dezakegu, zer gaitzets, itsura mintzatuz baizik? Gutarik argituenaren errana izan ditakea iduripen baten erakutsiaz bertzerik? Badukea iduripen batek baino hazta gehiago, edo ahaidetasun egiarekin?

        «Jakin zazue beraz ene ganik, lañoki, gizonaren irritsik beroena, gurarik biziena, ez dela baitezpada emaztea; ez eta emaztearena, gizona. Bertzerik mana dezoke bere jiteak.

        «Hau dena mahaina da; ez du asetzeaz bertze xederik; jateaz orhoitzeak berak alde orotarik urina atheratzen dio, atseginarekin. Hura, jokoko errabiak dauka azpitik; karta ukaldi batean sal lezake bere burua. Hunen laguna edariak bildua du arrunt, bide handiz heriotzerat baderamalarik. Horxeko horri emozue urrea, urruea oraino, urrea aitzina, urrea bethi; bere urrearekin ehortzirik nahi luke izan. Joanes bazter ikusi nahiak errerik dabila, lurraren itzulia hiruetan egina daukalarik. Piarresek lan gosea du, eta xutik ez dagoke, akituaren akituz...

        «Sei gizon horiek berrogoi urtez goiti badute. Eskua suan eman nezake ez dela bat, urrixaren alderateko tirriarik ere hauteman duenik.

        «Ez dautzuet aiphatzen Manex, adimenduaren alhari bere bizia eman duena. Orduak gogoeta deramatza; ez da deus ohartzen ez denik, irakurtu ez duenik, ikertu gabe utz dezakenik. Xoratzen da edozeren itxura guzier beha, aldizka edo betan; gauzer, elgarren ondoan ezar eta, eite edo berexkuntza edireiten. Hori da, gizonaren jaiduretan, errorik gaixtoenak egiten dituena. Zorigaitz bere baithan handitzera uzten duenari! Galdua da. Nehork, ez deusek, ez du aldaratu ahalko bere sailetik. Beharrik gutiak dira gutartean, bakarrak, hein hortaraino beren buruaren alhaz horditurik daudenak...

        «Bainan baditeke zeiharkatzen nizan ezarria ninduzuen bidetik. Uste dut gogoan duzuen, amodioa orok deitzen dugun, haragiak daukan irritsik minena. Ez dea hala?

        «Bada, ez duzue nik erraitearen beharrik jakiteko badirela, gizon ala emazte, berek bakartasunean asetzen dutenak. Badira miliunka. Harri, landare, tresna, esku joko, ez da kitzikagailurik gozatzeko on etzeienik.

        «Zer erranen dautzuet jendearen kabalekilakoaz? Badakizue emaztearen ixuria zakurraren alderat. Nihau, behin ikusirik nago, bortuan, biarnes bat lau zangotako astaña bati lothua, geroztik hunat ez baita deus baldi nezakenik.

        «Ez zautalarik bizkitartean amodio hori hain bitxia, ez zikina, nola gizona gizonari jarraikarazten duena; ihizi batzuen artean, hala nola ttittarretanr, arrak arrekin ikusten ohi diren bezala, udako bero handietan...

        «Emaztearekin duelarik gizonak bere gozoa, zenbat ara berezi gizon batetik bertzera eta gizon beraren baithan, adin arau, aldarte arau, ahal eta behar ordu arau! Begi ukaldi, behatze, usna, entzute, musu, jasta, murtxa, milika, ausiki, xurga, hunki, pereka, tinkatze, borroka, kutsatze bitxi bezain xikin, oro baderamatzagu bat bertzearen ondotik, egunetik biharrera edo bakhanago aldizkatzen ditugularik, ardura ara hoitarik bati edo bier dagolarik gutarik bakotxa.

        «Maizenik bizkitartean, egia den bezala erranen dut, emazteak gizona du nahi; bainan ez, hunek uste duen bezenbat, bere odolaren eztitzeko xedetan. Emazteak laguntza du galdegiten gizonari: ez, hunek hari bezala, gorputzeko atsegin iragankor likits bat. Emaztearen amodioa bihotzekoa da: fede, jauspen, urrikalmendu horra zer daukan gehienik.

        «Hitz batek badauka, hots, ene erasiaren funts guzia: ez denik ez dela mundu zabalean.

        «Bainan aski oraikotz! Etzaretea leporaino aseak ondoriorik deus ez dakarketen solas lizun alfer hoitaz? Goazin itsas hegira, han gozatzeko gogoak bat bederari emanen daukun bezala, bertzela alabainan ez baititeke...

        «Ez nuke nahi zuetarik nehor bere egitekoetarik aldaratu. Ikusten dut potikarioak uztekotan gaituela, lilittoer jarraikitzeko. Notariak baduke behar bada norapeit galdea. Zorionezkoak horrek bezala izarra kopetan duten gizonak!... Medikuak aldiz itsasoan nahiko du sarthu, eta zafratu bere odola, ur gaziak eman dezon gerokotzat etxean amesten duen familia handi haren hazteko indarra. Nik aldiz, aithortzen dautzuet lañoki, luzesko mintzatu nizalakotz edo bertzela, zintzurra idortua dut; eta etzaut iduritzen deus beharragorik baduketala orainxe, nola bock bat. Nahuzue nik bezala egin? Gogotik orori bedera dopatzuetr... Goazin.

 

aurrekoa hurrengoa