www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUALDUN PHESTAK
BAIGORRIN 1905ean

 

        Ari gira goiti. Aurthengo eskualdun phestak ikus zitzazketen orok; begiak eta gogoa ase zitazken plaza bethean zirelakotz, gainetik zerua eder iguzki goxo batekin, bazterretarik ageri urrun, beren udako jauntzi xoragarrian, Baigorriko ordoki ala mendi lerroak.

        Plazaren erdian, barrika batzuen gainean, taulaz, igaiteko mailik gabe haatik, bazen egina dantzako toki bat, erdaraz halakoer «teatrea» erraiten ohi baitzeie. Haren inguruan hetsia ere zuten eremu puska bat, ez baitzuketen ontsalaz nehor utzi behar han sartzera, jujariak baizen. Jendea ere gutiago akituko zen, berdin ikusiko zituelarik denak, egon balitz jarririk plazaren

        sahetsetan diren harrizko alkietan. Bainan nork atxik geldirik harrotua dena? Halako ostea zen bertzalde non, jandarmak izana gatik, ez baitziteken alki hetan ororen kokatzekorik.

        Hanitz, hanitz jende bazen, plazan, leihoetan, zolako harrasiaren gain eta gibelean, karriketan, —Baionatik, Bordaletik, Parisetik, Espainiako eskualdun herrietarik ere. Emazteak gogorki apainduak, ez luketelarik bada hainbertzeren beharrik Eskualduntsek ederrak izaiteko; izarren artean izar, bizkitartean, Baigorriko andreak berak.

 

* * *

 

        Hiru orenetan jin ziren Xuberotarrak, ttunttuna eta txulula joz, Constantin aita semeak aitzinean. Barka dezadatela biek, hemen izendatzen baditut: atsegin handi baita herritar batzuentzat, eta Eskual-herriarentzat ospe, holako jaun batzu ager zaizkioten buru.

        Taulen gainean, Xuberotarrek xoraturik atxiki gituzte. Mutil gazte zainhart batzu, burua xut eta zangarra biribil, gain gainetik apainduak: oinetako motxak, galtzak labur —batzuek xuri, bertzeek urdin—, maipulis gorri batzuekin dena urreria, ponet kokarda buruan; «zamalzaina»,

        «kantiniersa», «txerreroa» bertzalde, zoin bere jauntzi pollitarekin.

        Aditu duenak zoin zalhuak diren, errana badakote ere luma bezala dabiltzala, egiaren erdia baizik ez du amesten; ikustekoak dira; ezen, ez dabiltza bakarrik airean, airean badaude, zangoak xoriek beren hegalak bezala harat-hunat elgarri joz inharrosten dituztelarik.

        Dantza hanitz eman dute, bethi berdin arin eta ixil, eta zoin bere tokitik zeiharkatu gabe: «godalet» dantza, miresgarri baita nola baso baten gainerat jauzi egin dezaketen, aurdiki gabe; «Satanen» dantza; «gavotta» —zendako ordean gavotta? ez da hori eskualdun dantza bat—; «Lapurtar motzak», beren esku zartekin; «Xibandierrak»; «Ostalertsa», eta zenbat holako! Beha zauden Kaskoin eta Biarnesek harriturik zioten etzutela behinere holakorik ikusi hiri handienetako teatretan beretan. Ez zerasaten egia baizik.

        Azkenean orok, elgarretara bildurik, kantatu daukute «Maitia, nun zira» hain gora eta ozen non oiharzunak ihardesten baitzeien Espainiako aldetik, eztiki, «maitia» handik egon izan balitzeie bezala barrandan...

        azuten ere beren artean koblari bat, hanitz ederki kantuz gure arbasoez mintzatu zaukeguna, bainan Xuberotarra gutik dakite Baxenabarren, eta apur bat irringarria zen gizon hura: bihotza aiphatzen zuen aldi guziez, —sabela, zapatuz eta begiak zerurat, erakusten zaungulakotz... Tolo tolo, eztiki, artetan behaztopaño batzuekin, jende handier haizu zeien bezala, huna nun Charles Minjonnet, Lizerazuko jauna, tauletarat iganik hasten zaukun xehatu nahiz zertaz zen aldi huntan bersularien gudua: «Enperadorearen soldado bat, Baigorriarra sortzez, tirriatzen da herrirat itzultzera zenbeit egunendako, gogoan ukanez orai direla hemengo eliza-phestak; uzten dute aitzindariek; huna gure mutila: oi zer bozkarioa harentzat, etxekoen, ahaideen, ezagunen ikustea, gozatzea heiekin, haurrean maitatu tokien berriz maitatzea; pilota partida bat baitute haren gazte lagunek Españolen kontra hitzhartua, barne jartzen da; garaia baderama; herritarrek ospan derabilate; bainan horra heldu zakola abiatzeko tenora, hanbatenaz lazgarriago non Enperadorea gerla berri bati lotzera baitoa; ez da mutikoa lotsatzen; Eskualdun izana gatik, badaki Frantziari zor dakola bere odola, heriotzerainokoan: uzten du beraz lañoki sor-herria, hemen pilotan bezala han, gerlan, zafratuko dituelakoan bere etsaiak...»

        Aditzen dugu ere eskualdun phestetako lumazko gudu hori hork zuen bethierekotz ezarri Eskualdunen artean; zenbat diru den hortako emanik; zoin diren aldi huntan Baigorrin garaitu dutenak.

        Deitzen ditu bederazka. Bainan untz'urre (saririk gorenaren) irabazlea ez da ezagun. Xoko batean gorderik dago Joanes Garaztarra, dakigularik orok nork duen izen alegiazko hortaz itzaltzen bere burua. Hau ez othe daukanez hoinbertze osparen gei?... Egiaren erraiteko, lantu du bertze orduz bersu hoberik, nahiz hok ere neurtuak diren xuxen, labur, eta bat bederak ondar hitzean joite ona duen. Launazka jartzen dira: lauek azken hitzaren buztana berdina daukate, eta berdin joria, aldatzen zeielarik lehen andanatik bigarrenera, eta bigarrenetik hirugarrenera, begien atseginarendako bezala beharrikoenarentzat. Bainan irakaz betheak zorigaitzez gehienak, erdara hitz andanatto bat han-hemenka erain eta ez jorraturik. Bertzalde halako denda batean daude. Nekez osatuak iduri dutelakotz, nekez ditugu irakurtzen.

        Bainan, beha, beha nor doan taulen gainerat bigarren garait sari untz'erdiaren eskuratzera: español apez-gei gazte bat, ja sotana jauntzia, Bizkaiatik etorria egun gutarterat, dituela bi urte Donapaleon bertze guzier nausitu zen hura bera. Pablo de Zamarripa y Uraga. Badoa lañoki, batere gupidarik gabe, jendeak eskuz joka eskerrak bihurtzen daizkolarik. Nahiago bainuken nik izan balitz han, gain hartan, gure arteko apezetarik bat agur egiteko, zor zitzakon bezala, apez eskualdun arrotz gu hainbertze maite gituen hari; nunbait zaudezin ordean gure herrietako artzainak, batzu han, bertzeak hemen, ostearen erdian galduak!...

        Bihotzminekin aithortu behar dut jaun gazte haren lanaz ez dezaketala erran deus. Bizkaiako hizkuntza ez dutalakotz izpirik aditzen. Barkatua izan bekit, ez bakarrik ene urrikiaren eretzean, bainan oraino mihi gaixtoek salhatu baitadate jujeen beren artean ez dela bat baizik dakienik, eta harek ere guti...

        Hirugarren irabazlea: Baigorri bereko xantrea. Norbeitek hartzen du, hunen ordain, saritzat emana izan zakon makila zilarreztatua, makila gorrail lerden hazta ttipiko bat, mizpira ginharriz, ah! zer makila! Damurik laster zen akitu Dibarrart aldi huntako neurthitzan: luzexago egin balu, untz'urrea eskuratu baitzuken. Halere, agertu duen poxitik ezagun da zer koblari den; erran nahi dut hoberenetarik dela, ez baita orobat Eskual-herrian nehor nausitzen zakonik, non ez diren Elissamburu zena eta Zalduby. Gozoak dira haren bersuak; asetzen daukute beharria; ez datxikite elhe alferrik; baditeke ez duten bihotzari min egiten atseginarekin edo beren argiaz llilluraturik uzten izpiritua, bainan hunkitzen gituzte gure gizontasunean, jende gehienak bide hortaz hatzemaiten dituztelarik. Irakurzale hanitz baduke horrela Dibarrartek ttipietan, bierartekoetan, eta bertze hainbertze bederen adixkide.

        Oroz gainetik eskerrak diozkate egun herritarrek zeren kobla batean aiphatu baititu, beren izenez deithuz, Baigorriko mendi maite Oillandoi eta Jara.

        Laugarren irabazlea, Donostiar bat; bainan, etzelakotz han, idukitzen daizkote bi gerriko sedazkoak, aitoren semeer baizik ez baita gehiago halakorik ikusten. Guipuzkoako mintzaian haren neurthitza. Pollita, bainan... hutsa.

        Lumazko koblariena iragan da. Lapurtar hizkuntza dago gelditua nausi, Baxenabartar izpi batekin nahastekaturik. Ahozko koblariak ditugu orai iganak tauletarat.

 

* * *

 

        Zertaz dute beren kantuzko gudua?

        Lehen biek: gerlaz eta bakeaz. Rothschild Sarakoa gerlaren alde behar zen mintzatu; bainan lagunak sista batzu igortzen baitzaizkon gaitzak, laster hasi batearen goresten hura ere. Oro irriz. Pikoak ontsa eman balitu oraino, erranguratzekorik etzitaken; bainan etzuen deus onik ala ederrik agertzen bere ponet gorri eta larru zuria baizik. Denik ere, bertzea baino gehiago izan da, ez baitzen behar hanbat.

        Heien ondotik jin diren biek, ama familiakoa eta mutxurdina elgarren aldean emanik, hetaz zuten gudua: zoin zer bizi huntan hobekienik han behar trenkatu. Bainan etziren hanbat ari, ez bat, ez bertzea: neke baita ere, bereziki laborari batzuentzat, lañoki mintzatzea, elgar kitzikatuz nehoren beharriak laidostatu gabe, holako hedadura eta goratasuneko zer batzuez. Irissartar koblaria zauku azkenean iduritu gutienik ahulena.

        Ezarri dute gure gizona buruz buruan bakea oixtian kantatu zuenarekin, ikusteko nor izanen zen nausi: kantonieraren alde hura, hau kurrieraren.

        Kurrierak erhautsi kantoniera: «oro egun guziez aiduru ahal daude haren; esku lanak ez ahal du aphaltzen; noiz bustitzen ditu izerdiz kantonierak bere tresna giderrak? ez dea bertzalde ororen meneko, kurrierak aldiz letren heltzeko hatzemaiten dituelarik nahi duen guziez lagunak?»

        Kantonierak ez baitzezaken gehiago deusik erran, ez hatsik har ere, bertzeak leherturik taloa bezala —ah! zer irriak egin ditugun!— garai saria eman dakote kurrierari: 45 libera, naski.

        Eiheralarreko gizon bat da, xamarduna, begitarte on hezur larriko batekin. Oixtian, bakearen alde ari zelarik koblan, etzuen iduri bazukela antze ala gemen handirik. Bainan kopeta egin zako, zalhoindu mihia, zintzurra ere ideki bere hein eta gurako neurthitz-bidea eman dakotenean. Azkar zen bere kurriergoan; ahora heldu zitzaizkon zirtoak; kantua bazeraman ozen, luze eta ikharan herrestatu gabe.

        Bainan huna nun, bat-batean agerturik, oldartzen zakon itxura guzien arabera Ameriketan ibilia den gizon bat, bizar mail batekin gaineko ezpainean, lepoan ttattarra, jauntzia gurbil. Ortzaizeko dela diote. Hau arnoaren alde ezartzen dute, hura uraren. Oro beha, harrituak gudu berri hortaz; xamardunak jaunari amor eman beharko diola ikharan denak. Inguratzen dituzte oixtiko koblari gehienek, erdi gordeka berriz iganik tauletarat, behakotik ezagun baitute hasarre direla Amerikanoarentzat.

        Zendako ordean ez dute xoririk ederrenek kanturik ederrena? Zendako itxurari ez darraiko bethi izana? Nola ditake, buru puska duelarik, gizon batek hutsa baitu dena? Hasteko, gure jaunak zirtoa bakhan du eta neke, arnoaz orhoitzeak berak erasian athera behar liokelarik; kantua ere araberan, kakol bezain ilhuna, ilhun bezain kakola. Xamardunak etzezaken ahulagorik hatzeman bere aitzi.

        Halere, urrikaldurik bezala eta entzuleak kexatzen hasiak baitziren, jujeek, elgarrekin iharduki ondoan, eratxikitzen daizkote hamar libera

        Amerikanoari: saririk xumeena. Ixilik sakelan sartzeko orde, bihurtzen du gaizoak emaileari, laidoarekin gorri-belztua, kantu mutiri eta kobla jasangaitz batean othoizten duelarik eman dezala handik sos hura herriko behar bati.

        Aitzinera joanik orduan, Rothschilek adiarazten daizko lau bersu, ditazken maltzurrenak, dena keinu eta trufa.

        Bainan Eiheralartarrak zakon emaitekoa azken uztarra, eta gaixtoena, kantuz, neurtuz hitzak:

        Nik ez dituk ezpainak zimurturen emailerik deno,

        Ez bainaiz, ene laguna bezala. Amerikano.

 

        Jendearen oihu, irri karkail eta esku zartak!

        Denak jujeer galdez: xamardunari eman zitzoten jaunak hain ituski esker gabez utzi hamar liberak.

 

* * *

 

        Orai irrintzinarien aldi.

        Bada orotarik. On baino txar gehiago. Gizon xahar batek baitezpada erakutsi nahi ukan derauku... erlastua zela eta ez gehiago irrintzina egiteko adinean. Oihanburu Itxassoukoa zen gehienen iduriko hobekienik ari, erditsutan haria luzesko zintzurretik emanikan ere; bainan, gelditzean, hiru zinka igortzen zituen izigarriak, ez baita basa ihizirik hain ozen eta saminik egotz dezakenik. Aldi andana batez egin du, eta bethi berdin, horrela erakusten zaungularik irrintziak baduela menderen mendetan iraun duen soinu bat, nehork orai bere nahitara alda ez dezakena. Harek du lehen saria ereman.

        Bainan bertze batzuek hobeki zakiten irrintzinak ondarrerat, hiru zinken aitzinttoan, daukan irrizko karrasia. Haletan hon, irrintzinari guzien artean, ez baita agertu bat bakarrik, irrintzina bere osoan adiarazi daukunik.

        Marruma bitxi lazgarria, nehork ez baitaki noiz eta zeren gatik athera zuen gizonak lehen aldikotz! Ohartzen bagira, egungo egunean artzainek dute egiten ardurenik, guziz ilhuntzetan, ardien biltzera helduak direlarik mendi gain batetarat. Handik ilhunak hartzera doan ordokiari behatzen duenean, bera erne eta gazte, deuseren ez beldur, ospan, erho batek gainditzen dako gizonari bihotza; orroaz, irri karrasiaz, zintzurra mehetik ethentzerainokoan, adiarazten du zeruari, mendier, zelhaiari, artzain laguner, goren hartan dagola hura xutik, nausi, azkar, zainak beren baithako indarraz mozkortuak. Gizon basaren barneko zorionik erhoena, hainbertzetarainokoa non bertze gizonak berak ez baitzaizko orduan deus, erhauts bailitzazke gogotik bere aztaparren artean eta heien ondotik lurreko izaite guziak, horra zer derraukun irrintzinak.

        Horiek buruan derabiltzatalarik, husten ari da plaza emeki, erle burrunba ezti batekin. Banoa ni ere etxerat, atseginetan Eskualdun multzo bat gaitza elgarrekin ikusirik, zaharrek utzi ohitzez jarraikiki orhoit, beren zazpi eskualdetarik Baxenabarreko herri gozo hartara bilduak arraiik, bipilik, bihotzez agian bethierekotz eskualdun.

 

aurrekoa hurrengoa