www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

KATTIN

 

        Joan den astean galdu ukan dugu, eritasunaren ondotik herioak bereturik, Arrokiko etxetiarsa xaharra, Kattin, aspaldian gutarik bakotxak bere baithan deitzen zuena, boz aphal bainan khartsu batekin: POBREN AMA! Hitz eder horien gora erraiteak edo norbeiti erraiten aditzeak berak halako bat egiten baiterauku: ahalgearazten guhauren buruaz!...

        Eta bizkitartean, zinez «pobren ama» zen Kattin, aiphatu dugun Arrokiko etxetiarsa xaharra.

        Bizi guzian errumes batena bezain xume iduki du bere burua. Goizetan lehenik jaikia, egun osoa barne ala kanpo lanetan iragan ondoan, jendeak, kabalak, gauzak zoin beren lekuetan, tenoretan eta izarian moldaturik, azkenik zoan bethi oherat, othoitzean, eta urrikita... egun hartan hain guti erabilirik zango besoak.

        Zer nahi gerta zakion, alegera zen; eta haren begitarte gozoa ikusiz, arraitzen ziren etxeko guziak. Irri bat bazuen graziaz bethea; begiak zeru kolore, malezia ñirñira batekin; ibilgunean, lehenagoko denboretako moldegaizkeria izpi bat. Lanean ari zelarik, laket zuen hango eta hemengo berrien aditzea xeheki. Emaztekia!... Bainan emazteki baino sainduago baitzen, atxiki ohi zituen beretzat. Etzen bazter ikusi nahia: merkaturat zenbeit aldiz, elizarat maiz, eta gero etxean, han baitzuen osoki bere bihotza. Guti zakien, bainan eskolatu gutik ukan dute haren jakitatea, etzakielarik bizkitartean deuseren egiten, ez asmatzen, ongiaren baizik.

        Errumesekin zen osoki haren zoriona. Bere athean bat ikusten zuen ber, —haur debalde utzi; gizon gazte minhartu lanetik gelditu; haur bat besoetan, bertze bi ondotik, ama batzu goseak; xahar ezindu, itsu, eri; begitartea min itsusi batez jana bidetan dabiltzan nehork ez ikusi nahizko izigarri dohakabe, —hots, edozoin izan zadien, besoak zabalduz altxatzen ziozkan, ama batek bere haurrari buruz bezala: «Ñe! Hemengo aldi zuk egun? Zato barnerat... Zertan zitut, gizagaixoa?» eta berehala, irri goxo batekin, jar arazten zuen sukaldean.

        Elhe ona bethi, bihotzetik bihotzera zoana; gero, zer ere baitzuen eskas eta hura emaiten zakon bere ahalaren arabera: jateko, edateko, soineko edo sos. Eta holaxe bere etxean bulta bat iraganik eskalea bideari lotzen zen berriz, loriatua.

        Arrats guziez, pobre bati bederen emaiten zuen etzantza, bere mahainean zuenetik afal arazi ondoan. Ez zitzakon hori aski oraino: ikuzten zituen haren oinak, batzuetan zauriak lotzen, garbitzen pildak eta antolatzen, aldatzen ere ba behar zenean eta, biharamun goizean tenores abia zadien, zakuan emaiten haskaria.

        Auzoan aurkitzen zena norbeit eri edo beharretan? Bazoakon ikustera ixil, altzoa beterik. Orok laket zuten kattinekin solasean egoitea: nor ziteken, urrikari etzukenik?

        Azkenekotz, nahiz etzen baitezpada zaharra, hainbertze lanek, elhe eta obra onek, othoitzek higaturik, hil izan da... igaiteko segur pobreak baino gehiago oraino maite zuen Jainkoaren ganat.

        Hil-herrietan, emazte xume haren gorputzak ez du ukanen egoitza eder berezirik, orhoitaraziko gituenik hartaz. Han, bertzela, ixiltasun eta ilhunbe, ororentzat berdin. Nork daki? Aberats berekoia, esker gaixtoko pobrea behar bada ondoan ukanen ditu,... bainan hek, zuzen den bezala, ahantziak daude:

        Ez baitezakegu ahantz «POBREN AMA» .

 

aurrekoa hurrengoa