www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

MEDIKU XAHARRAK GAZTEARI

 

        Mediku xaharra eri gaizki baitzen, ikustera joana zitzakon auzotik gaztea, azken orena hurrandua ahal zuela, agian, poxelu harek.

        Etzen batere sumindu xaharra. Bere lagunari ohartu zitzakoneko, irri hits mehe bainan goxo batek ideki zaizkon ezpainak:

        «—Hor hiza?... Jar hadi horxe, nitarik ahal bezain hurbil. Atsegin diat jin baihiz. Ni, banihak. Haldamaldaka hasia zautak ja bihotza. To, ez baita orobat gutarik hil ondoan deus gelditzen ohartu gitzaizkioten eta bertzeer erakutsi dioztegun egia bakarrak baizen, dazkitan lehenbizikoak erran gogo daizteat hiri. Barkatuko daitak gure ofozioari eratxikitzen badira denak:

        —Eriekin, elhe guti. Emeetek hanitz sendagailu. Ez die sinesterik erremedio ausarkietan baizik. Bitxiago bertzalde, eta hobeago zaizkoie.

        —Sendatzea hitzemak bethi. Ez baduk heltzea uste, eta aithortzera lerratzen bahiz, nundik nahi duk ukan dezaten sinesterik hi baithan? Ez zaitak halako astorik, nola baita eriaren aitzinean bere jakitateaz odol hotzean durduzatzen den medikua.

        —Sendagailuak baino nahiago die oraino esku lana. Ez zakie gaixoek zer derabilkan buru barnean, badakikanez zerbeit ala deus ez, asmatzen dukanez zer duten gaitza edo bat ere baduten. Ikertu ondoan, gogoan dauzkakala batzuetan egun guzia, etzezakeie amets; heien eretzean erabil dezakekan barne kexuari ez die eskerrik. Nahiago hite ikusi eta haztatu, oinhazerik minenak behar gabetarik jasanikan ere. Erabilzkik beraz aztaparrak! Loth hitzeie nunbaitik, ahalaz tresnekin! Badakika zendako jendeak medikuari baino jauspen gehiago dakarran potikarioari? Hunek, elhe ederraz bertzalde, emaiten dakolakotz zerbeit bere begiz ikus eta bere eskuez hunki dezakena.

        Jakitatea ez duk deus; jendearekilakoa duk guzia.

        —Etzaikala gaitzi hire bihotz guziaz arthatu dituzkanek ardura uzten bahite, hiriko medikuen ganat joaiteko, eman dezagun Baionarat. Baionesak berdin bazoazik Bordalerat, Bordalesak Pariserat, Paristarrak Berlinerat, Berlinekoek aldiz Parisen dauzkatelarik beren jainkoak.

        «Herri ttipian hagolakotz, etzauk nehor etorriko, zorigaitzez, ihes zoazkikan heien ordain. Bainan ez dik famak egiten, ez diruak ere, gizonaren zoriona.

        —Gomak azantzekin goresten hitener: hek berek baihite, azpiz jorratuz, gehienik aphaltzen.

        —Aiphatzen dituzkalarik hire lagunak, aiphazkik izariz: ezartzen balin badituk goregi, ala kitzikatzen, ala azpirat emaitera bermatzen bahitzeie, hire buruari baizik ehiz ariko harrika.

        —Jende xehearen alharik laketena: medikuen arteko aharrak.

        —Aithorrak artetan —bakhan haatik— hire hutsetarik bat, ahalaz handienetarik: noizetik noizera zafratuak ez balire, etzakiat baluketenez sinesterik jendeek medikuntza baithan...

        —Ez erran behinere eri bati ez duela deusik: hainbertze baita gutartean eri nahi direnak izan, edo bederen eritzat hartuak!....

        —Halaber, berauk eriari erraitetik xahu dela, azken hatsetan ikusi dukalarik baizen.

        —Ohartua nuk apiriko azpietan ala ithurrietan emazteak egun guziez mintzo tuk hitaz. Gomak haatik medikuaren orde ez dutenetz ikusten hitan... gizon gaztea.

        Ehakiatala samur horren erraitera ausartatu banitzauk.»

        Mediku xaharrari hatsa bazoakon ahulduz. Ukan zuen bizkitartean oraino doidoia gemen, hunen igortzeko:

        «—Adituko dut edozoini urrerik ez dela aski, gizon baten bizia eros dezakenik. Eta bizia begiratu dakokanean, hogoi libera urre haren ganik ezin bilduz higatuko duk hire burua, galduko heure bizia.

        Atxizkik halere hire eskuak garbi, laño hire bihotza. Medikuntza duk ofozioetan ederrena.»

        Hok izan ziren mediku xaharraren azken hitzak.

        Deusek ez du akitzen gizona nola egiaren erraiteak.

        Bizpalau aldiz ideki zuen ahoa xoriño batek bezala; lanbro batek hartu zaizkon begiak; eskuaren emaitera baitzoan bere lagunari, biderdi baratu zitzakon, hotz eta geldi.

        Hila zen.

 

aurrekoa hurrengoa