www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

AMERIKETAKO ORHOITZAPENAK

 

        Sei urte eta erdi nintuen Ameriketarik Frantziarat aitamekin etorri nintzanean. Adimenduaren adina, edo nunbait han, diotenaz. Hortakotz othe nizan hoinbertze orhoit Ameriketako lurraz, ala bi tokiak hain direlakotz itxuraz berexak non batetik bertzerat aldatzeak begia joiten baitio den haurrenari, ttipian ikusi lekuez eta erabili gora-beherez orhoit niz, hasteko, han nizala oraino iduritzerainokoan.

        Ez da deus garbiagorik ene buruan. Askotan banago ere kokatzen othe duenez bertzerik. Gogoa bethea daukat orduko zerez. O haurreko egun berriz jinen etzaretenak, zuetarik dut bihotzean nere bizi apurrak eman daukedan gozorik hoberena!

        Orhoitzapen xumeak, bizkitartean, eta nork daki? geroztikako zenbeitekin nahastekatuak orobat, nehork ez baitu ikusten nola dabilkion bere barnea... Halere begiratu ditudan bezala ezarriko ditut hemenxe.

        Etxe luze aphal bat ginduen, lastoz estalia, bi ixurkirekin; sahetsak beltz, ihia abere ongarriarekin gogortuz eginak. Barneak nola zituen, bazuenetz ere bihirik, ez nakike erraiteko. Buru batean, kanpotik, zurubi luze bat xutik zagokola, ba.

        Zenbeit urhatsetan, ziloka batean, burdin hariz eta paxet gora batzuez hetsirik, barrio ttipia, zaldiena; zaldi basa xehe andana han zagon, ardura gizonek, zalthuts igan eta, handik baitzeramatzaten azpian putarka.

        Haratxago, bainan hurbil hau ere, barrio handia, corral erraiten zakotena, burdin hariz berdin hetsia. Han ikusten ditut oraino ardiak, muturra bat bertzearen sabel azpirat zaudela, elgarri tinki.

        Ikusten dut ere, lau zango besoetarik diliridan harturik, sartzen zituztela halako ur bat zaukaten aska batzuetan. Ur hartan piltzar bat bustirik, huntaz thorratzen zituzten zenbeit. Lan hori deitzen zuten: cura. Begien aitzinean daukat bertzalde nola, noizetik noizera, arkhina aski tinkatu zenean eta loditu, palaz urratzen zuten, zohikatuz, zohiak gero metatzeko.

        Etxetik urrunxago ginduen zipua, zabal eta barna. Edateko ala zerbitzuko ura handik ginaukan. Noiztenka, soka bat gerrian estekaturik, hartarik dilingo, gizon batzu zolarat bazoazkion, ura zer heinetan zen ikertzeko arabez.

        Begiz ikus ahal urrun hedatzen zen zelhaia, belharrez musker gizen, han hemenka bizkitartean pentoka larrutuño batzuez titatua. Zeru aphal urdin batek leherturik bezala zaukan; odaiertzean, urrutirat, ukurtuz haren ganat jausten zela iduri baitzuen. Nun nahi burua goiti zindezan, erdiz erdi aurkitzen zinuen iguzkia, zabal, xuri, dixtirantarekin llilluragarri, xipiltzeko sapa zariola.

        Jendeez bezenbatean, gehienik orhoit nizana, bethi eta bethi gogoan baitaukat: aita. Eta bizkitartean etzaut bururat heldu behinere nehon ikusi dutala, ez baitezaket erran nolakoa zen begitartez ala trakaz. Ardurenik lanean ari zen nunbait, bere aneia eta sehiekin.

        Haren beldur gaitza nuen. Arras goizik aditua bide nakon haurrer dagola ixilik egoitea jende larrien aitzinean, guziz jateko tenoretan; ezen, urrunerat hautemaiten nuen ber, ixilik jartzen nintzan, erdi ahalge, erdi izitua. Behatzera ere ez nintzoken ausarta. Hain barna sarthua ukan dut zainetan, ttipi danik, aitaren alderateko beldur hori non, gizondu ta, jarraiki baitzaut, halako uzkur eta, zer nahitarat abia nindadien, huts egiteko ikhara bat jauzarazten zaundala...

        Haur zotz izana gatik, joiten othe ninduenez... baditeke, bainan ez dut gogoan.

        Aiphatu dutan herabe harritua huntarik naukan gehienik: ama hanitzetan mintzatua baitzitzautan hartaz, goretsiz, bera baino biziki gorago ezarriz. Errana zaundan etzuela lana baizik maite, zuzentasunez ala zuhurtziaz ez zitzakola nehor hurbiltzen herrian, orok jauspen ekartzen zakotela, guziz artzainek, etzuelarik bizkitartean haukiekin elherik batere.

        Banakien oraino, amak erranik, gauzak ikusi arau zerabilala gogoa; lausenguz etzitakela bil; huts xehe lerroarentzat garratzago zela, ezin ez handi bakar batentzat; buruan hartuz geroz, etzezakela barka. Behakoa urrun heltzen zuelarik bizkitartean, ezen harek behin tzarrarendako bazterrerat utzi artzainetarik ez omen zen bihirik geroan oneratzen. Amaren aneia gazte bat holaxet bazuen sei hilabetheren buruko kanporat emana, ordutik deus behar bezalakorik ez baitzuen egiten nehon dohakabeak.

        Amari aditua nakon, bertzalde, berdin gogorra zela zakurrentzat, hotarik baitzaukan andana hilik, alferrak zirelakotz edo hatzemanik izanak ardien ausikika meskaratzen.

        Etxetik igor nindezan osaba artzain hura bezala edo, zer dakit?... zakur gaixtoer jazarri zen araberan loth zakitan nire ere, holako zerbeitetarik sorthua bide zen aitarendako naukan delako beldur izigarria.

        Beharrik han bainuen ama; bertzenaz, lazturan ereman nintuzken nere gau egunak. Geroztik, o zenbat urrikari ukan ditudan amarik gabe ttipi danik gelditu diren haurrak!...

        Ene ama maite, ene haurtasuneko argi eta gozo bakarra, bethi ikusten dut etxe sahetsean xutik, goizarekin, xuhailez jauntzia, besoak ukondoraino agerian, eskuen artean oihal marruskatzen ari, aitzinean bi heraitz sardekadunen gainean zaukan aska baten barnerat ixurkina erortzerat uzten zuela.

        Goizarekin atheratzen nintzan bada egun guziez, eta joaiten etxetik urrun, pala bat bizkarrean, erranen dut berehala norat.

        Elhe emaiten zaundan amak, irriño batek arraitzen zakolarik bere begitarte gazte pollita, ahoko sendoak lerro lerro agerian. Nexkato larri bat zitzautan, bainan ona ene alderat ezin gehiago eta, bethi maldatzen ninduelakotz, halako herabe batekin nitaz gorago naukana.

        Ihizirat nindoan, oixtian aiphatu pentoka larrutu hetarik batetara, nehori (ez amari ere) erran gabe hargatik

        Peludoaren ihizirat. Bi urtez ez dut behar bada egun bat huts egin, joaitetik; ez oren bat iragan peludo bat edo bertze nere eskuz hilen nuela uste ukan gabe.

        Erbiaren heineko ihiziño bat duzu peludoa, lurpean satorra bezala bizi dena. Bizkarra eta sahetsak azal lodi batek gordetzen daizko, balak ere aldeanbertze zila ez dezakena. Zenbat aldiz ez nuen aditua, haren hiltzekotz, tiroaz gibel aldetik behar dela hatzeman; edo, ohantzetik hurbil haren beha egon ondoan geldirik, han sartzean buztanetik lotzen ahal bazako, esku ezkerraz azkarki atxikiz buztana, ipurdi xilotik kanitaz ondoraino sarraskitu.

        Entzuna nuen oraino aurdik zitakela, gehiago ez goititzekotan, lepoan edo buruan kaskako bat emanez, hotaraino ez baitzako heltzen bizkarreko azala. Nehondik, bizkitartean, ez nitake gogora nolakoak dituen lepo ala burua.

        Ilhuntzetan, amak erakutsirik, ikusten ohi nintuen metaka jalgitzen tegietarik. Belharra segaz bezala bazeramaten beren hortz xeheen artean; non, ephe laburrik barnean, hemengo pentze handi baten eremua garbitua baitzuten. Tiroka nundik uxa zitzazketen jostatzen ziren maiz artzainak, bainan alferretan.

        Zoin lagunekin ere lur-pean bizi ziren, banakien: bizkatxak, azeriaren iduriko mutur luze batzu, jateko zailak; eta zorrinoak, ile horasta argal batez estaliak, marra urdin bat bizkarrean trebes. Ez niz bizkitartean orhoit, ala hotarik, ala hetarik bat bakarra ikusirik. Zorrinoek, urrundanik ere kitzikatzen balin baziren, are gehiago hurrantzera egiten bazeien gizonak, bi metretan gora eta sei ixtapetan harat zirristan igortzen ornen zakoten berea gernu zikina, soinekoak histen baitzituen, erretzen, eta haren usain likits izigarria ez baitzen boketarik ezezta zezakenik. Sorjes hek zaldizkoer berer oldartzen ziren.

        Bainan peludoen ondotik ez nindabilan, baitezpada egun guziez urrutirat ikusten nintuelakotz. Aspaldi zuen jastatua nuela heien haragia, ez bainuen sekula amestuko hain onik bazitakela: orduz geroztik nindaukan bethierekotz hartua ihiziko errabiak.

        Ardura ekartzen zaungun bat edo bertze gure etxetik urrunxago ezkondua zen aitaren koinat batek. Aldi bakotx aitak, arduran elhe guti zuelarik, ixiltzerik etzuen osaba haren begi xuxenaz. Ba, ni ere lehiatu gogo nintzan osaba bezala, eta lehen bai lehen, peludo harrapatzera!...

        Hanbatenaz ere non amak baitzakien peludokitik jaki hautaren adelatzen, oraiko egunean oraino orhoitzeak berak ezpainak milikarazten baitauzkit. Arrats guziez, etxean sarthu orduko, goiti behatzen nuen: ba othe zen dilindan ihizi hetarik bat, bi ziriek zabal zabala idekirik zaukatela, baratxuri xixter batzu han hemenka sarthuak bizkar azalaren barneko aldetik daukan haragi uzter horail ahotik ezin utzizkoan. Ah! zer phesta, biharamunean, peludoa ginuelarik bazkariteko!

        Beraz goiz guziez banindoan ihizirat, pala bizkarrean, kanit ez harmarik ez bainezaken oraino zorigaitzez eskura. Aitaren zakurretarik bat nerekin hartzen nuen; zenbat zituen, nolakoak ziren oro, nun zagoden ez bainakike gehiago. Bien izen eta itxurak ditut gogoan atxikiak bakarrik: Kapitain, zakur larri bat, zuri beltz, arrunta, bainan indar handikoa; Garibaldi, orotako maiteena, begi ederrak baitzituen, erneak, ilea labur, margoz kanela iduri, bai eta bere beharri zabalak buruaren bi sahetsetarik dilindan osto batzu bezala higituz bazerabiltzalakotz. Denak diren bezala erraiteko, ene pala eta zakur lagunaren gatik, beldurrez ikharan nindoan ihizien oro zilo eta larrutuak urrun ageri ziren gordegietarat, hara ta bizkatxa mutur luzeek ausik nindezaten edo zorrino zikin sorhaio batek, bere uharra begietarat zirristatuz, alderat itsuturik ezar.

        Nere buruari gogor eginez, lotzen nintzan bizkitartean lanari. Palaz zabaltzen nintuen ziloak, gainetik urratzen, barnez barne ahal bezain urrun jarraikitzen nintzeielarik; batzuetan, errabiarekin lurrez ahal bezain tinki bethetzen nintuela, handik ezin atheraz ithoko zirela agian agertu nahi ez zitauztan kabala gaixtoak. Zakurra ene sahetsean saingaka eta jauzteka, burua lur arras, bizkarra besoen gainerat eroria, beharriak xut, begiak landatuak, erhotua zilo hetarik airatzen zen urrinarekin. Nik tresnaz jo lur kofatua, harek ihausi eta aztaparka; bainan peludorik ez. Holaxet bagineraman goiz osoa biek, leherturik.

        Sabelean ahul bat hautemaitearekin, ordukotz bertzela iguzkiak erre nahi baininduen gain behera, pala sorbaldarat goititurik banindoan azkenekotz etxerat, ene lagun maitea gibeletik; «Ago, ago, bihar ikusiko die gurekin!» nakolarik urhats guziez erraiten eta egun guziez, den gutieneko etsimendurik gabe.

        Ardura, etxerat hurbiltzearekin ikusten nuen aita, hegastegiari zagon zurubiaren gain gainerat igana, handik beha zagola urrutirat, artzain ala ardiak nun zabilzkion. Bainan ez nindakon so egoiteko baratzen. Niri ohart etzadin, inguru bat eginez ixilka sartzen nintzan etxean.

        Sar eta berehala emaiten zaundan amak jatera. Aita han zelakoan, eta guziz ene kexuarekin ez nuen atheratzen hitzik, ez begirik goititzen.

        Ez dute egundaino ene ganik jakin nun eta nola neramatzan goizak.

        Are gutiago, ez dutala behin ere hatzeman peludorik.

        Horrela ihizin nindabilalarik, aitak eman behar zaundan nahigabe handia.

        Ez dut ahantziko bizi naizeno: arratsalde aphala zen; ama etxe sahetsean jarria, itzalean; ni, haren inguruan ari josteta. Horra nun ikusten dugun aita gure ganat heldu, begitarte mokorrarekin arabez, ezen berehala amaren altzorat ihes egin nuen.

        — ada berriagorik, Joanes?

        — Zakur madarikatu horiek berriz ere ardier ohartiak... Bortzpasei hunki daizkiatzie barda.

        —Jainko jauna! Ez dauzkitzute balinba itho?

        —Bizkarrerat jauzi eginik, handik ausiki. Ez dituzu hilen naski, bainan xahuturik utzi tizie gaixoak. Behingotz zauri ederra badikezie.

        — Eta nun ziren mutilak?

        — Gaua zuzun, ez dizie ikusi deusik. Egun ogizian ohartu bakarrik, ardier odola baitzariezin.

        _ Badakitea zakurra zoin den?

        — Denek Garibaldi dela ziozie.

        Izen hori aditzearekin, ene zakur eta ihiziko lagun maitearen izena, izialdurak inharrosi ninduen amaren belhaunen artean. Hauteman bide zuen, ezen erran zakon aitari:

        — Ezin sinetsia da. Aspaldi du etzinuela holako zakur onik eskuratu. Bi urte huntan gurekin baita, etzuen bada oraino holako gaixtakeriarik eginik!

        Aita ixil ixila.

        Amak, berriz:

        — Haur gaixo hunek ere hainbertze maite zuen! Hunen gatik, aldi huntako bederen, othoi barka zakozu.

        Aitak hitzik.

        Kurubilkatu nintzan amari kontra, hatsa doidoi hartzen nuela hersturarekin. Banakien etzuela aitak barkatuko; haren begietan ez nintzala deusik; lehenago egitate berarentzat bazituela zakur andana bat hilak.

        Ez nuen begirik hetsi gau hartan.

        Biharamun goizean, argi urratzearekin, ikusten dut aita, bazoala etxetik zalhu zalhua. Urrundanik jarraiki nindakion, zerbeit izigarri jasan behar nuelako lazturak koropilatzen ninduelarik.

        Sarthu zen barrio handian, eta joan haindiko bururaino. Ni gelditu erditan.

        Burdin harizko hesirat heldu zeneko, horra nun atheratzen duen sakelatik, dirdir, revolverra, gibelean berehala gorde baitzuen. Ageri zitzautan ba orai zertarat jalgia zen, bainan nik deus ezin egin! Ah! Jainkoa!

        Aditu nakon oihu hau, labur eta gora:

        —Garibaldi!

        Agertu zen handik haratxago zakur gaizoa, eta lasterka abiatu bere nausiari buruz, — beharri, buztanak higitzen zituela, bere begi ederrak dena amodio.

        Ximixta bezala iragan ziren denak: aitaren beso agertzea, tiroa, zakurraren erortzea sahetsaren gainerat, sabela zilaturik.

        Bizia ordu berean nihauk galtzen nuela iduritu zitzautan, bainan laster ahantzi nuen Garibaldi, ardiak hala ausikirik hobendun handia zela gogoak erraiten zaundalakotz...

 

        Bazen bertze zakur bat, gogoan bizirik begiratu dutana. Bainan, ez denez bitxikeria! ez nintzan haren izenaz orhoituko, aitak ez balaut geroztik aiphatu, erranez ez duela zakur hura bezain maiterik ukan bihirik, Ameriketan egon den ephe guzian.

        Deitzen ginuen Ñatoa.. Aphala zen, xuri eta beltz, bulharrak zabal, oinak labur bezain lodi; burua biribil, matrail gotorrak zituelakotz. Aitaren ahotik daukat, bat ala bertzea huntaz harrituak baigaude, etzuela behereko aldean hortzik; tresna hok gaineko matrailaren hegitik zatxizkila, eta handik baizik ez.

        Hau irakurtu duenak bere beithan egin duke ja, horrela marketsa zenaz geroztik xakur hura, sortzez edo bertzela, nekez zitakela loth ardier; ez dela beraz batere balditzekorik aitak hainbertze maite balin bazuen.

        Bertze eskualde on edo handirik bazuen ordean Natoak. Berehala erran dezadan: zaldiekilako larderia (adi ontsa: zaldiekilakoa), zaldien garaitzeko jakitate eta... ahala.

        Haren lagunak arthaldearen zaintzeko ziren, hura zaldien.

        Ihausika abiatzen zitzeien, gaitzeko kalaxkan, hanbatenaz ere non artzainek eta aitak huiatzea laket baitzuten; gero, emeki emeki gibeletik hurbiltzen, zaldiak (ardura gertatzen zen bezala) behatzen ez bazion; azkenekotz, klask buztanari ausikian lotzen.

        Zaldiaren laster eta putarrak orduan! Erhotzen zen, bi zangoak airaturik igortzen zuen uztar bakotxean pilota bat bezala goititzen zuelarik zakur mokordoa; bainan hunek ez uzten. Gehiago tinkatzen baizik ez, izaitekotz, iduri lurrean punpatzearekin indar berriak hartzen zaizkotela matrailek. Laster akitzen zen potroa, buztanaz halako ihizi gaixtoaren herrestatzea ezin jasanez; azkenekotz, gelditzen; abiatzen itzulika lekuaren gainean, mozkortua izan balitz bezala; eta, oro xutituak ginaudelarik —Ñatoari: «Bapo! bapo!» oihuka—, sahetsaren gainerat lau hatzez erortzen. Ordu berean uzten zakon buztana zakurrak, eta berriz xutitu zen bezain laster, ihausika bere aitzinean barriorat zerakarran.

        Gogoan biziki barna sarthua daukat egun batez ardien barrioaren erdian ezarri zutela barrika bat xutik, eta hari, etxearen sahetsetik, aita bertze zenbeitekin arizan zela revolverraz tiroka, azkenekotz alde orotarik zilo gelditu baitzen. Geroztik bethi orhoit ere niz orduan aditurik hitz hauk: «behar dugu ari blanquian».

        Aita bizkitartean ez da orhoit. Gehiago dena, dio ezetz.

        Ez dut bada, haurrez geroz, behinere ikusi ara hartako tirokarik.

        Nola othe ditake beraz itxura hori ene orhoitean?... Nork erran dezake nola dabilan gure buru barneko alha?

 

        Ardura, etxearen inguruan josteta ari nintzalarik, aditzen nintuen urrunerat oihu batzu gaitzak.

        Banindoan zenbeit urhats heier buruz; ikusten bainuntuen orduan zaldizko andana bat zalapartaka harat-hunat zabiltzala, zaharoa beso-gainka erabiliz; heien artean, heien inguruan, nun nahi, ardiak aztoraturik alde orotarat lasterka, ez jakin zer egin, ez norat jo.

        Arratsean, etxerat zeneko, aditzen nakon aitari artzainek arthaldeak nahastera utzi zituztela; zer nahi ikusi zutela zoin zoinena ezin bereziz; etxeko ardiak akiturik gelditu zitzaizkola.

        Biziki kexu zen arrats hetan aita.

       

        Amak belhaunikarazten ohi ninduen —noiz, nun, ez nakike— eta, bi eskuak ahurraz elgarri ezarririk, erranarazten zaundan hitzez hitz othoitz hau, oraino aditzen baitut:

        «—Jinko maitia, egizu nitarik mutiko perestu bat».

 

        Lehen, azken, agerturik daude ene Ameriketako orhoitzapenak oro.

 

aurrekoa hurrengoa