www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

BASA

 

        Amen-omenek beharrietarat ekarri daukute eskual hirixka batean egun hotan gertatu bitxikeria hau.

        Merkatua zen. Karrika, ostatu, botiga, oro alhan. Betbetan ikusten dute komisarioa bazoala, urhatsa bipilik, etxe batetara. Igaiten da, sartzeko aldiaren goait zaudenak besoez baztertuz, legearen izen garratza oihu egiten du, idekitzen dakote: berehala, barne hartan lanean ari zen basa dentistak bere tresnak kukutzen ditu, barkamendu eskatzen gezur zenbeiten ondotik, amandaren pagatzea hitzemaiten, eta hagineko minarekin ihakinka zaudenak handik badoatzi hortzez karraskan.

        Ephe berean, ja berria adixkide batzuek heldua baitzakoten basa hezur-xuxentzaleari, hunek bizpahiru gizon kanporat, haren eskuaireari zaudenak hautsiak zituzketenen xuxentzeko: medikuaren ganat laster egin zezaten.

        Basa emaginak berak ikharan zauden, nahiz ba omen den hetarik emazte bezenbat.

        Urrunxago bizi den aztiak, etxea hetsi berriz harek, erasian ziolarik oraiko Gobernamendu tzar hunek gizonik baitezpadakoenak ez dituela bizitzera uzten.

        Ez dugu ofiziale ohoragarri hoitarik bihirik ezagutzen; badakikete bertzela, engoitik, nola iharduk etsaiari; bainan ez gaudezke, hemen, heien alde gure mintzo xumea zuzen den bezala adiarazi gabe.

        Gure indar guziez badatxikigu heien alderdia, komisarioaren kontra. Huts egin du komisarioak. Hunen egitateak ez duke uste zuen ondoriorik. Ez dezokegu onets, ez barka.

        Ba, egia da, orok ikusten dugu, oro gure gostuz ohartzen gitzaizko: ez da nehor ikasiz baizik ofizio baten jakitera heltzen, ikasiz norbeiten ganik. Har dezagun xumeena: artzaingoa. Artzain guti, artzainik bat ere ez, bere baitharik artzain on bilhakatu denik: ardien alhatzea, batzea, moztea, deiztea, gasna egitea, horra lan andana bat, erakutsi gabe nehor ohartzen ez zaizkotenak. Galdegiozute xuberotar artzainer. Alta ez dira tontoak! Bainan sorginik ez, halere, heien artean. Orok ikasi behar beren ofizioa, eta ttipi danik.

        Behazu laborariari. Hainbertze lan mota baitauka lurrak, begi ala eskuak hain xuxen jarraikitzea galdatzen dutenak, nor da hek ikasi gabe dazkienik? Nahi duzun bezenbat jeinu eta eskuaire ukana gatik, bizpalau urte bederen behar dituzu laborari on jartzeko, norbeitek bidatzen zituelarik. Zoin zautzu lanean jakinago: menditar laborari bethi bere gain ibili den bat, ala zelhaiko laborari-etxe handi batean mutil egonik dagona? Hau?... Niri ere ba.

        Nun da zurgina, bere antzez etxe baten zureria ontsa ezarriko duena?

        Nor da, eskolarik gabe, liburu bat eginen duenik?

        Ezartzu laborari edozoin, apezaren jaunzturaz apaindurik, ea meza xuxen emanen duenetz? Ikusi duke bi aldiz, bizkitartean! Bainan, berauk othoi!

        Gogoeta horiek guziak erabili dituzke aiphatu dugun hirixkako komisarioak. Barneak eman bide dio basa dentista harek etzakiela hortzen antolatzen, guti edo aski atheratzen balin bazazkiken ere, hau ez baita neke.

        Jazarri zako, uste ukanez laborari zozo batzuer erhautsa begietarat emaiten zuela bere tresnekin, jokotriaz zerameiela dirua sakelatik.

        Gogoeta berak bazerabilzken basa hezur-xuxentzalearen, emaginen eta aztiaren alderat. Ez balin bazeie oldartu, ahamen handiegia ez baitu nahi ukan ereman egun berean, horra zendako...

        Egin duke oraino bere baithan komisario gaizo harek:

        «—Dentista hunek etzakik dentistgoan, hargin batek notantzan baino gehiago. Karrikaren haindiko buruan, hara berriz biga, hogoi ta lau urte artio eskoletan egonik etorriak direnak. Zenbat nahi guti bermatu balin badira ere, ba ahal zakie zerbeit. Orai artean sakela behartu ere bide zeiek, eta ez guti. Deus ez dakienak zerbeit dakienari eta, zerbeit haren ikasteko, hanitz urte ala diru xahutu duenari bizipidearen kentzea, ez dea hori ohointza!»

        Erabili duke oraino bertzerik gogoan, nork daki, komisario dohakabeak. Hau, behar bada:

        «—Bitxi duk nola hanitz eta hanitz urteren eskola galdegiten duten ofizioetan bakarrik diren agertzen, beren baitharik, herri xoko batzuetan, hitz baten erraiteko ez izkiriatzeko ez direlarik on, ofizio hek errotik badazkitela orroaz dioten batzu. Laborari sorginik ez, eta dentista sorgina izanki; zurgin ala harotz sorginik ez, eta hezur-xuxentzale sorginak nun nahi; dendari sorginik ez, eta emagin sorginak ihaurri; mediku sorginik ez, eta aztiak bazter guzietan: xoko ala gezurtien erresuman bizi othe gira?»

        Nahi duzun bezenbat, jaun komisarioa, nahi duzun bezenbat, bainan makur zabiltza. Utz nezazu emekiño emekiño xuxent zitzadan.

        Ageri da ez dakizula zer den basaren ikusi nahia. Izenak berak jende xehea harrotzen du. Guziz ofizio bat badakiela, eta bere baitharik, basak oihu egiten duenean;... hanitz nekatuz baizik bertze edozoinek ikasten ahal ez duen ofizio zerbeit. Hartakotz duzu hainbertze basa ofiziale Pariseren beraren erdian, burutziarik ez baitezakete egin lanarekin.

        Ni huntaz nago harritua, ori: basak izanez, zendako beren buruaren jauntzera diren atxikiak. Jaunzturaz berexak balire, eta bitxiak; eskuaraz mintzatzeko orde, murduka balezate frantsesa edo anglesa; eskazalak ez balituzte hoin garbi: derabiltzaten tresnak ez balituzte ofiziale egiazkoen hek berak: arimaz derratzut baluketela miletan gehiago behari, eta jandarmekin berekin ez zinintazkela hurbil heien ganat, zenbat ere baitzira, jaun komisarioa.

        Bainan, badute bertze zaintzalerik: Jainko ala debru, ez nakike. Batere berek ez dakitelarik, batzuetan eskua laguntzen deie hunek: ikusi ditut, aldi bat baino gehiagotan, basa dentistak lothu hortzak irauten, aztiaren edari itxura gabekoek hilak pizten kasik, hezur-xuxentzaleak zain behartu batzu tanpez sendatzen, haur ederrak sortzen basa emaginen perekarekin. Beren baitharik, gizona, gauzak heien alde jartzen.

        Hanbatenaz ardurago non —utz nezazu erran dezazudan beharrirat— hortzetaraik, ala hezurretarik, ala sabeletik, ala burutik erranguratzen zeieztenek ez baitute erdietan deusik, edo bederen zinkurinaz dauden mina ttipienetarik baita.

        Basek ikasiak direnei kalte dakartela, kalte zuzen kontra, kalte ogiaren ahotik kentzerainokoan, ezin ukhatua da, jaun komisarioa. Bainan zer egin? jendea alde dute, guziz jende xehea, hunen oldarrari bihurtzeko ez baititeke poliza aski azkarrik.

        Utzi behar dira, irriz.

        Basa dentistek, basa hezur-xuxenzaleek, basa emaginek, aztiek iraunen dute menderen mende.

 

aurrekoa hurrengoa