www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ITHURRI LEKUA

 

        Ez dakit nori aditu dakotan, eskual herri batean orai artio ithurria xoko batean baitzuten, haren handik kentzera doazila, plazaren erdirat ekartzeko.

        Ez zindezake asma zenbat ilhundu nauen berri horrek.

        Nihau nagon herria, hasteko, osoki bertze bat litake, den lekutik aldara balezate gure ithurri maitea. Ez pollitagoa, ez hobea. Daukat ur ketako, xurikiten berendako ere, irabazi guti luketen jendeek .

        Herriko etxe multzoaren ganik berex da gure ithurria. Berrehun urhatsetan, nunbait han. Ez urrun beraz. Bi elhorri xurizko hesien artean orga-bideak bazeramatza, erdi gorderik. Hara ta, ur xirripa bat argi-argia, ñir-ñir, mendixka baten azpitik sortzen dena erasian. Iduri du ohantze bat xilo harek, goroldiz inguruatua delakotz.

        Gaztandei handi batek egiten dako itzal.

        Zurezko askaño baten mokotik haratxago da erortzen xurruta. Ikusi orduko ahogozoa jauzten zautzu; ahurra bildurik bazoazkio edatera. Zoazi, ori, halako uraren jastatzera berunezko tuta zikin horien ahotik!... Bego han, bere xokoan, gure urñoa, plazarat ekarri gabe!

        Xurruta jaustearekin bilhakatzen da ithurri, lur hutsean egina baitakote lekua, zolan legar xehe bat ezarririk. Hunaindiko buruan badauzka lerroan bortz latsa-harri gaitzak.

        Bortzak hartuak baitire ardura, goizetik. Emazteak urerat ixuriak dira, ithurria itsuski laket dute. Nork erran ahal lezake zendako?

        Han direnean gibeletik behatzen badeiezu, askotan ezagutuko duzu berehala nor zer adin, edo kara, edo gogokoa den. Mutxurdin xaharrak zango sagarra gorderik dauka; neskato gazteak, aldiz, belhaunetarik goiti zaiak. Aztal beharri hantu batzuek, zainak beltz eta dena koropilo, agertzen dute ama familiakoa; mehar legunek, hazi oneko edo lanean guti nekatzen den andereska. Ez dut uste bizkitartean beren buruaren erakustea gatik doazila hoin ardura emazteak ithurrirat.

        Asko herritan, bertzela leihorretik dira aspaldian ari xuritzen. Ez da hainbertze hozten, baita erran zahar bat, gezurra ene iduriko —ezetz diote, hasteko, jende xaharrek,— bizia laburtzen duela zangoen urean atxikitzeak.

        Elgarren ikustea gatik, elgarren berri jakiteko, bihotzaren batek bertzeari idekitzeko lañoki, badoatzi gehienik emazteak ithurrirat. Hemen solas gaitzak derabiltzate, hanitz direnean eta gizonetarik urrun. Elizako gora-beherak dauzkitzute ikertzen oroz gainetik; apezaren erranak ez dira nehon han bezala xehatzen, hain xorroxki. Han da sortzen, hazten, handitzen, ithotzen ere ba hanitz medikuren omena... Herriko jende handien azturak, ahuleziak, itxaxurak deusek ez ditu boketa latsa batek bezain agerian ezartzen. Sehien, langileen mihiarentzat poxelu eta ahalgerik gabeko xoko goxoa!

        Egun batzuez, nahaskeria gaitzak atheratzen dira ithurritik. Herriko jende xeheak xinaurriak bezala jazartzen dituzu elgarri. Aste bat edo biez, ez da aditzen elhe eta ukaldi gaixto, mendekio, jokotriarik baizen. Inguruetako herriak berak ikus ditazke auzotik auzora sumintzen. Horiek guziak ahur bat xuritzaleen politikaren ondorioa. Jasaitekorik gabe ohartzen zakonarentzat jostagailu.

        Hitz batez, gizonek kafe, edo ostatu, edo merkatuan baitute beren bihotzeko jaidura ttipien alha, hau ithurrian dure hatzemaiten emazteek.

        Erradazut orai garbiki: plazarat ekartzen balin badute ura, nundik nahi duzu gaixoek beren barneko irakinak egotz ditzaten han bezain lañoki? Kopeta behar lukete, haur mukuzu batzu ororen entzuten eta ikasten inguruan balagozkioketelarik!

        Bego han, bere xokoan, gure urñoa, plazarat ekarri gabe!

        Ithurriak badu oraino bertze eskualde onik. Arratsalde aphaletan da ezagun, noiz eta ere, alhorreko lanetik lekora, gazteria ur keta baitoa edo abereen edanaraztera. Epel egiten du tenor hartan. Gaua heldu da gain beheiti, iguzkiak egunaz ixuri su izigarriaren eztitzera. Atsegin dute laborariek erreka xoko hartarat biltzen. Badaude han gogotik elheketa. Nehon ez dute han bezala, gelditu gabe bethi berdin azkar sortzen den ur hotx garbiaren bazterrean, akituak ditazkela ahanzten.

        Mutil gazteek laguntzen dituzte neskatxak pegarraren bururat goititzen. Ezagutzak egiten dituzte, kabalekin egun guzia ibili ondoan jendetasun poxi bat ikasten dutelarik. Zenbat aldiz ez dira ithurri bidean aiphatu ezkontzazko lehen solasak!

        Bego han, bere xokoan, gure urñoa, plazarat ekarri gabe!

 

aurrekoa hurrengoa