www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

PILOTA PARTIDA

 

        Pilota partida bat esku huts, Lekornen, dituela hogoi urte, ikusi ez duenak ez daki zer den esku huskako partida, bazter herri batean. Jakin dezazun gatik, ene haurtasuneko batez mintzatuko nitzauzu.

        Chipiene astelehena zen egun hura, herriko eta elizako phesta bigarrena, San Cyprienen ohoretan urte guziez egiten ohi dena buruilarekin.

        Hogoi egun hartan hitzhartua zuten partida, Hazparneko merkatuan: Elhorriko hiru, hiru Lekondarren kontra. Laster hedatu baitzen berria auzo herrietarat, berehala batzu hangoen, bertzeak hemengoen alde jartzen zirelarik. Diru poxi batzu ere ba bitartekoer atxikitzeko eman, aitzinetik jokaturik, sehiek: partidaren ikustera joaiteko baimena ez bazuten ardiesten ere.

        Astelehen arratsalde hartan beraz, ja bi orenetako ikus zitazken hiru erregebideak beltz beltza gizonez estaliak, herriko bertze etxe-mulko bai eta auzo herrietarik toki bererat urhats xehean joanki hainbertze lagun.

        Plazarat bildu zireneko, multzoka jarri ziren, batzu bertzeekin solasean beren abereez, laborantzaz, harat-hunatez. Horrela nahasiak izana gatik, herri arau kara berezia zuten gehienek: aise ezagutu zinintuzken Makearrak, ginharriak direlakotz eta gora mintzo; Luhustarrak, hiritar emaiten baitute; Heletarrak, hezur larrikoak hek, barnez bezala mihiz azkar; Doneztihiritarrak, xuhurrago, jauntzia ere ez hain aberats; Lekuindarrak, biribil bezain legun; Gerezietarrak, lerden eta bipil; bainan, guzien artean, Lekondarrak berak. Gizon bierarteko batzu (handiak, izaitekotz), xut, etxeko-jaun hoberenez bertzeak xamardun, bainan ederki emanak, begitartea xuko, bizar ondo bat gabe, iguzkiak eta nekeak kaskaildua apur bat, behakoa orozbat herabe eta hotz; ala geldirik, ala urhatsean, ala mintzo direlarik, ala daudenean ixil, baitaukate halako bildu bat, zuhau berehala sararazten zituena zeure baithan.

        Plazak arroltze bat iduri du, erdian zabal, bi muturretan hertsi, dena etxez inguratua.. —Haukien artean hiru, lau, eskualdun egoitzaren kara dutenak, argamasak ezagun dituztelakotz gorriz thindaturik. Ez da bat halere lorioa duenik; arte harrasirik ez dute ageri; gainek ez dakote zolari alharzerik egiten, ez doazko gainka; bi aldetarat ixurkia berdin dute estalgiek. — Ursuiak maldatzen ditu ipar ala mendeal haizetik.

        Buru batean dago errebota, harri pikatuz eginik, harrasi batek zabaltzen duela eta bertze batek goititzen, burdin sarea hegian; Eskual-herri guzian 1870ez geroz aiphatua, armadetako aitzindari, général bat, bere zaldi xuriaren gainean herriko seme batek thindaturik badaukalakotz. Plazari sahetsaz badago, hogoi ta hamar ixtapez luze, ostatu bat gaitza.

        Lau orenak irian agertu ziren Hazparne-Zelhaitarrak, mutiko gazte xuhail batzu, jaunxkila, erneak, neskato ile harrodun andana besoz beso zerakartelarik; ausartzia horren gatik aditu baitzituzten handik eta hemendik xixtu batzu saminak. Bainan etziren ahalgetu; eta, ostatuan sarthurik, erauntzirik beren soinekoak, aldaturik, huna nun ditugun ja plazan hiru pilotariak, xuritan jauntzirik, arin.

        Ziri luze batzu eskuan, kaskatuz zango muturrak, oihuka, ukabil ukaldika, bizpalau mutikok berehala husten dute plaza zola; inguruan, bizpahiru lerrotan, gainka elgarri, kokatzen dira behariak; etxetako leiho guziak bethetzen, haurrak igaiten zuhamu ala teilatuetarat; horra jujeak izendatuak, biga herri bakotxeko, bi bazterretan xutik baitaude, begia atzarrik: hara kondazalea, ziri bat eskuan; huna azkenean, nehor ez baitzitzeien oraino ohartzen, Lekondar pilotariak.

        Ixilka sarthuak dira, uzkur hainbertze begien aitzinean agertzeko, ez jakin norat ibil, ez eta nun ezar beren eskuak. Hiru laborari ume azkarrak, gerruntze ala sorbaldak zabal, larrua beltzaan. Soinekoetarik ezagun bertzalde, ezen oro kolorezkoak dituzte, espartinetarik hasirik, eta botoin hori batek biltzen deie osoan, aitzinerat, ixtapeko galtza.

        Jujari bat plazaren erdirat jinik ikusten dugu sos bat piruriketan igortzen goiti; mutiletarik batek derro: «Kutx», hala gertatzen da, eta, pilota punpatuz, badoa gure gizona oldarrean lauzarat, botatzera. Oro ixil, beha zer beso dukeen.

        Lehen kintzearen ondotik, kondazaleak bere oihu luzearekin adiarazi ere ez! boteak bat, erreferak bat ere ez. Hiruetan hogoii! Trabesa haizu! minto samurrik baizen ez da entzuten eskuin eta ezker:

        — Bortz libera bortz liberaren!

        — Hogoi libera hamarren!

        — Ni Hazpandarren alde.

        — Ni Lekondarren. Biba Lekondarrak!

        Purpurpur higitzen dira beharien lerroak. Orok, moltsa eskuetan, zilar urreak harat-hunat derabiltzate. Ez hanitz, bainan gogotik, gudukatzeari: ez zautzuia alabainan etsai bat, diruz oldartzen zautzuna?... Lehenago, bertzela, bortz liberakoa bortz liberakoa zen; orai, hain ardura baiterabiltzagu, nehork gehiago ez deie eskerrik.

        Pilotariak, anhartean, beren hari.

        Lehen hamar kintzeak Lekondarrek deramatzate xita-miruka.

        Hazpandarrak, hutsa hutsaren gainean, plazaren ezin ezagutuz ari dira. Hunek zola gain behera dauka izpi bat, eta ez orotan berdin tinki, laborarien orgak ardura han gaindi doazilakotz; gune bat uspel dago eta hil; gibela arras tzarra du. Pilota, berek ez dakitelarik nola, bihurtzen dute aldi bakotx ostatu sahetsari buruz. Emeki emeki ohartzen dira lauzak ozka bat egiten duela lurrarekin, harriak ere ez dauzkala oro hein berean zelhai. To, to! eta erreboteko harriek berek baitituzte beren zilo eta zizkak! baitira hetarik zenbeit gogorragoak bertzeak baino, biziagoak, pilota urrunago heltzen dutenak! Sahetseko harrasiak, berriz, zeiharka izanez, nola igortzen duen ukaldia barnerat, gehienetan ona gertatzen baita! Eta iguzkia, begietarat baitago arratsalde aphalarekin, guziz gibelekoentzat! hok itsutzen baititu eta, —non ez diren zeiharka beha egoiten pilotari, eror artio,— ez uzten ikustera!

        Orai ikasiak dituzte, haztatuz, plaza hartako xoko moko eta zimardika guziak. Badakite haren ara; jarri zaizko. Laster berdintzen dituzte bertzeak. Jendea heier beha, xoraturik. Hain dituzte oinak zalhu, hain xuxen eta zorrotz behakoa, joa hain erne, gerruntzeak hain guri eta zainhart, halako eskuairea dute airetik, — ezkerrarekin orobat, —punpe lasterretik, gainez, azpiz, itzulian, non gainditzen baitute bethi danik hazpandar pilotariek Eskual-herrian ukan duten omena. Begikoak dira, egiazki, zapatain xantxail hek!

        Bainan neke da Lekondarren garaitzea. Hanitzak jadanik ohartuak dira heien joak, ez iduri gatik, tanka gogorragoa emaiten duela harrian. Eskoilak nahi duzun bezenbat, bainan jarraikitzen pilotari, bethi oneratzen nunbaitik, leherarazten artetan, eta, buruz ari direlakotz, jo hanitz berexten, hartarik baita ezagun jokolaria! Badute oraino bertzerik beren alde, guziz hau: ez baitira hats hantzen, ez baitute oraino kopetan izerdi xortik ezagun, ez mateletan gorririk. Hogoi ta hamarretan harat doazi. Orai da ageri jendea, nor noren den alde, nor kontra. Lekondar, Makear, Heletar, Gerezietar gehienek laborariak dauzkate beren gogoko; Lekuindar, Doneztihiritar, Luhustar, Hazpandarrek, zapatainak. Leihoak mukurru dagode betheak ikusliarrez, burdin ziri batzuen artetik buru zenbeit geldi geldia dagozilarik, begiak bakarrik alde orotarat alhan. Pilota jo eta jo airean dabilano, denak ukur eta xuti, xuti eta ukur, lekuaren gainean tente dagozi; lurreratu dea bada, heien esku zarta, oihu, marruma, jauzi, zalaparta, guziz menditarrenenak!! Halako izi bat sartzerainokoan, behinere aditu ez dituenari...

        Kintzeek ez dute hausterik, beren ahal guziaz bermatzen direlakotz sei gudukariak. Indarrean badabila pilota, lore, gora, urrun, batzuetan aphalik, ximixta bezala; airetik emaiten diozkate gaitzeko zaflak; zoko guziak ikertzen ditu, bainan oro zainduak hatzemaiten; erretzen ardura marra; zirristan lerratzen lur arras, bainan bethi bizi; iraun lezake luzaz oraino, ez balakio azkenean gertatzen, nehork uste ez duelarik, eror lekuan, harri kizkor madarikatu bat, makurtzen duena eta huts eginarazten.

        Zurpil, akituak, ahituak hatsa ezin hartuarekin, baratzen dira apur bat pilotariak. Arno xorta bat ekartzen deiete, berriz har dezaten indar.

        Hemendik goiti, edozoin estakuru aski zeie gelditzeko, deitzeko jujarien. Hok ardura dute elgarretarat biltzea plazaren erdirat, onhartua delarik bizkitartean bethi heien errana, nehork hitzik athera gabe.

        Kintzetik kintzera ahulduz doazi gure mutikoak, eremu gutiago du hartzen pilotaren harat-hunatak; ordoki izpi batek dauka orai, lau edo bortz lerrotan behariek ithoa baitaukate.

        — Berrogoi ta hamarna, berdin, jaunak! du kantatzen oihulariak.

        Orduan nahasten dira denak, jokari eta ikusliar. Zer egin: hartan gelditu eta etxerat joan, zoin bere eskualde; ala jo aitzina?

        Gudukariek «aitzina» diote, gerlak alabainan norapeit hautsi behar baitu.

        Bainan beharien artean dituzten haurrideak bara diten othoizka ari zeiezte: zapatain batek, airetik zafratuaren ariaz, ez duia besoa arrunt galdua, ez baitezake gehiago goiti? haren lagunak hebaindurik badukea irauteko gemenik aski, xipa bezala bustirik horxe baitago doidoi? Hirugarrenak aldiz ageri ahal du ez dezakela gehiago pilotarik hunki: eskua hantua du pintzaren iduri, eta ahurrean itzea jauzia begia bezain minbera, eskua aldeanbertze zilatzen baitako... Beha, bertzalde, laborarien beren aztaparrer: ondar neguko mandoak erhi arteetan idekirik, odola dariote gaizoek!...

        Bainan dirua jokatua dutenek ez eta ere pilotarien aitek ez dute nahi geldi diten. Trenka bedi harat edo hunat!

        Erasian luzatua da heien oldez partida hiruetan hogoi ta hamarri. Auzapezak, bere xapelaren larderiaz eta makila erakutsiz barreatzen du azkenean plazaren erdirat eztabadaren aditzeko bildua zen gizon multzoa.

        Ikusi zinintuzken orduan Lekondar guziak lehen lerroan xut jartzen, ukondoz elgarri, plazaren ingurua hesten zutela tinki. Blekarietarik biga ukurtu ziren, eskua zabalik lurrean hedatzen zutela, gainerat iganik zangopean leher zezoten herritar gotor zenbeitek, bere hazta guziaz. Ahurtara bat legar xeherekin eskua freska gero, eta erhiak hartan berma: haste berriz partida!

        Inguruan ari zeiezte haurrideak, aitak, ezagunak, sistatzen:

        — Emazie hor, zerri gorriak!... Jo gogotik!... Ez barka!

        Iguzkia aphaldu baita, ukan baitute mutiko gaizoek beren indarren berritzeko ephea, eskuak apur bat hertzen zitzaizkotelarik, behinere bezain azkar lotzen dira guduari, hainbertze diruren gora-behera heien menean dela orhoitzeak berotzen dituelarik aitzina.

        Kintze arte jarraikitzen dira elgarri. Hiruetan hogoi ta bortzetarat huna nun ditugun helduak. Ixiltasun izigarri batek itzaturik bezala dauka oste guzia.

        Orduan botean den Lekondarrak aurdikitzen du bere burua lurrerat, han ihalozkatzen da zamari bat bezala, erhautsaz lohitzen duelarik bizkarra, bainan orozbat larrua freskatzen eta zainer, bildurik, emaiten azken oldarra; hain urrun eta azkar heltzen baitu pilota non bortz kintzeak baiteramatza lerro lerro, bertze gehiagoko joiterik gabe.

        Arramantz bat orai gaitza plaza guzian; multzoka denak, oixtian jokatu diruen lehen bai lehen eskuratzen, ezti eztia mendiari behera jausten ari delarik gaua...

        Betbetan aditu izan ziren oihu batzu izigarriak:

        — Ai... u... iu... iu! uuuuu!... ai!... ai! ai... uu!...

        «Biba Lekorne!»

        «Kuku Hazpandarrak!»

        Hara hok jadanik hanxe, badoazila etxerat beren emeak besoan, bihotza beldurrarekin pil pil

 

aurrekoa hurrengoa