www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

SAINDUAREN ERRANGURAK

 

        Nik ere nahi nuke egiaño bat erran, bainan... bainan ahalaz nehor samur arazi gabe.

        Ezen saindu-itxura bat niz, Lekuineko eliza-aldare sahetsean nagoena, eta sainduek ez dezakete ukan aiherkunderik.

        Beraz, duela zenbeit egun, Adorazionea ginuen. Aithor dezadan hemen, gupida nintzan ja zerbeitez: gizon batzuek aldare aitzin guzian lerro-lerro ezarriak zituzten behinere ikusiak ez nintuen halako berinazko punpulatto batzu, barnean ageri zutenak hari beltx mehe bihurdikatu bat. Finkatuak izan ziren andana bat ene buruaren gainean, sahetsetan, zangopetan. Bertze saindu asko, ene lagunak, ni bezala inguraturik utzi zituzten delako punpula hetaz. Zenbat etzen, orotarat! Hanitz aldiz ene beharriek entzun ere zituzten hitz hauk: Elektrika... elektrika... xoragarri izanen da!

        Horra nun, Adorazione egunean, suntsitua nindagolarik Jainkoa baithan, krik!... berina hek oro pizten diren! Argi bat urre kara, hotz eta gordina, ixpilinga batetarainoko guziak ageri baitziren!

        Berehala burzoro batek hartzen nu, llilluraturik... Doidoiak egin du ez bainiz mustupilka erori aldarearen oinetarat: porroskatuko baitzitzautan dena, igelsuz hain ederki eginikako dutan gorputza!

        Bizkitartean emeki emeki jarri nintzan argi hari, nahiz min egiten zaundan begietan. Betterrak xori gorriño batzuen kide bazabiltzan harat-hunat, ernerik. Apez zenbeit oharturik ez nindagoela soberarik aise, gaitzitu zitzautan, holakorik erran badezaket. Lekuineko Jaun Erretorari aldiz —barkatu!— begietarat heldu zitzaizkon, eta sudurrerat, pindar batzu; ez baitakit xuxen zer zuten erakusten: urgulu izpiño bat, ala othoitzeko kharra. He!... he!... he!... ez baitakit!...

        Emaztekietan hanitzak, begi-niniak handituak bezala hainbertze argiz, elgarren artean elheketa ari ziren, mantalinaren azpitik. Noiztenka, iduritzen zitzautan aditzen nuela ahapetik: «Beha zazu horrat, zer urreria duen!... Nun josarazia othe du soin hori?... Ez da gehiago bizitzerik!»

        Xarrak!! Bihi batek ez ninduen othoiztu, ahurrak graziaz betheak nauzkalarik bizkitartean heientzat!...

        Gizon batzu, aldiz, atseginetan ziren klaberak ez zaundala gehiago pizteko-makilaz meskaratuko begitartea. Bertze askok, nahiz ez zauden lo, arrunt ahantzia zuten noren etxean ziren.

        Nihauri ere, ez banintz saindu izan, ez othe zitzautan munduko hutsalkerietarat lerratuko bihotza? Gogoetatua nago, egiazki.

        Aditzen dut, ba, lehenbiziko aldia zuela elektrikak Lekuineko elizan; elektrika gauza ederra dela, Adorazione eguna zela...

        Bainan, ene iduriko, erlisioneko zerek ez lukete nahi argi dirdira sobera... Lekuinen bereziki, eliza barnea ez baita izpi bat baizik. Erdi ilhunbetako ixiltasun eztia dut laket: harek bakarrik, othoitzak lagunduz, baitaizko gizonari ezartzen bihotzeko zauriak samaldurik. Arbolaren fruitutik atheratu olioa, erlearen ezkoa ditut oroz gainetik maite. Heien argi goxo eta usain onak, isensuarenarekin batean, arraitzen daut barnea, behin-ere higuindu gabe.

        Iguzkiaren, lilien argi eta usaina, —garbiagorik deus beraz ez baititeke eskain Jainkoari!

        Damurik ez detzazket eskuak higi: zoin gogotik hauts eta xeha nitzazkeen elektrikaren punpula guziak!

 

        MUNDUAN, LEHENAGO, ez nintzan apez.

 

aurrekoa hurrengoa