www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

EGIAREN HIRU ITXURAK

 

        Abiatua nintzan mendiari behera, Eskualdun zuhurrenetarik bat lagun, biak elgarrekin iganak baikinen goizetik, jatekoa bizkarrean. Bai eta goren gorenean, aitz baten itzalean bazkaldurik, elgarren ondoan egonak, beha bazter zabalari, begiak alde orotan ikerka, bulharrak gain hetako aire meheaz ezin asez; artetan, halako eremuak gure oinetan ikusiz eta guhau hain ttipi, hain ezdeus, barnea hersten zaungularik bakotxak guretzat ginaukan laztura batek.

        Orai jausten ari ginen etxerat, ixil eta zalhu, —zerbeit handiagok, gibeletik jarraikiz, izitu ukan baginintu bezala. Gizonaren neurri xuxenerat aphaldurik gure burua mendiak, gogoa bildua ginoazin.

        Iguzkia gora zagoen oraino; agorrileko iguzki bat, sua zariona. Beherago eta beroago, airea bakhanduz zoan; oro sapan eta geldi; laborariak bakarrik harat-hunat, ogi sartzen.

        Mazelaren zolara gabe trikatzen gira, asti ausarkiz.

        —Ori, zaut hasten besotik harturik ene laguna, zelhaia erhiaz erakusten zaundalarik: Egiak baditu hiru itxura, baldin beha egoiten bazaizkio aitzinetik, parrean, edo han harat joan eta, gibeletik. Hiru itxura berezi... Egia bera ezin ezagutuz, hiruetarik bat hautatzen baitu gizonak eta bere barnean finkatzen, ordutik eratxikitzen daizkolarik bere egintza eta gogoeta guziak. Hoberenaren berextera behar baitu beraz ari, bere onetan.

        Orai erradazut othe ditaken deus ederragorik hanxeko laborari hek baino, hemendik?

        Urrun direlakotz, iduri du kantuz baderamatela beren lana. Lanetan den gozoena ogi biltzea, bihotza gehienik bozten duena, bizkarra bustirik ere apur bat. Zer jende andana lerroan, gizon, emazte, haur, zahar eta gazte, batzu espaltzen, bertzeak zamatzen, bertze batzu ezpartzua bi buruetarik eskuan azaoaren tinkatzera abian, xeheago zenbeit handik haratxago josteta ari direlarik buruz-gainka kizkien artean! Iguzkia alde dute, aroa idor; soailuan, jarraikiko zeien saparekin are gehiago zohituren zaizkote ogi-buru horiak.

        Goraxago beha zoin pollit emaiten duten herriko etxeek, xuri xuria, metan, elizañoak gain hartarik zaintzen dituela. Arrai iduri dute hil-herriek berek, egunaren argiak gainditzen dituelakotz. Nork daki, guk ez ikusirik ere, ez direnez hil gaixoak beren egoitzetarik jalgiak —hotz eta ilhunak baitzeiezte— alhorretarat jausteko, beren haurren laguntzea gatik lehenago berek hain laket zute ogi sartzean?...

        Zer atsegina gure begientzat, laborari hoik aitzinean! Etzeielarik bizkitartean gogorat heldu, gaizoer, zer gozo dukegun heien harat-hunatari beha. Uste gabetarik dira eder, ikusgarri; urhats bat bakarrik ez dutelarik egiten non ez den beharra. Iduriz zorion osoa badaukate, bihotza garbi eta laño atxikitzen ohi duelakotz egunean eguneko lur-lanak.

        Hau da Egiaren lehenbiziko itxura, ikusi gabe guhauk amesten dakoguna, urrundanikakoa.

 

* * *

 

        Hurbil giten: hemen egonez ez ginintazke etxerat hel behin.

        Aditzen duzu?... Kantuz ari zirela iduritzen baitzitzaukun, zernahi erranka ba elgarri, ahorat jin guziak; irri zafla handi batzu haatik artetan, bainan gizon edo emazte batek elhe tzar bat airez aire igorri duelakotz edo, ttonttor bat baitute berekin, mutiko kankail harek lasterkatu baitu ostikoka gibel-aldean...

        Urteak ditu holaxet beha nagola herri huntako laborarier. Aithortuko dautazu badela itxuraz bazterretan jende ederragorik: gizonak, goizetik arrats lurrarekin borroka ari direlakotz, bai bihotza bai izpiritua arrunt hari emanak, gazterik kaskailtzen dira; emazteak ahokorik gabe, aztal beharri hantu batzuekin, erditzeek pitrailduak, zoldaz legun, ez litazke on ez zure ez enetako; haurrek, ttipi direlarik ohakoan ahanzten baitituzte eta behar gabe zer nahitaz asetzen, zango makilak kakol derabiltzate, zorroa ja biribil, buru zabal gaitza lepo meheak nekez bezala jasaiten deielarik.

        Bainan axalez hala-hulakoak badire, barnez ez dira zilarrago. Uste duzu hor, landa hortan, amodioz direla elgarretaratuak? Esker gaixtoan ba, bihurrian, ordainkari, ogiek bakotxarena bere aldian behar baitute sarthu aro deno, sarthu ondoko egunetan bizi nahi bada. Egiaz derratzat batek bertzea ez dezaketela ikus. Berexten direnean hoien gozorik handiena hau da: elgarren jorratzea, aphaltzea, belztea, ausikiaren ondotik batzutan aztapar ukaldia ixilik eginez.

        Beharrik huni edo hari noiztenka zerbeit makur gertatzen baitzako! Orduan, barneko janiza kexua axalerat barreatzen zeie; zainak ematurik jartzen eta begitartea arrai: bakea dugu herrian zenbeit egunez.

        Sehi direno, azpiz beren nausien jaten; nausi sarthu direa bada, zikoitz ala idorrez hitz dautzut beren ohiko nausier ez dutela deus zorrik.

        Gomazu lanean erakutsi behar deiezula abiatzetik! Beren ohiko urhatsetik ez zauzkitzu aldaratuko tuntik, —hura delakoan bakarrik xuxena, eta ona, ustez.

        Ez zeiezula aipha holako mendi xoragarrien artean biziaren eremaitea atsegin bat dela, aski gorets ez ditakena. Ihardetsiko dautzute, nakaizturik:

        —Ederrak gure mendiak, jauna, ederrak?! Itsusiz, izaitekotz! Ezagun da etzirela gure Domingo bezala egun guziez han ibiltzen, hiru oren behar baititu bordarat heltzeko, ardien biltzea bertzalde!»

        Deus ez da ederrik hoientzat, urrea baizik eta ase ondoan etzanik egoitea.

        Bizkitartean, Gobernamenduko mutilik xumeenaren aitzinean burua ukurtzen dute; legeko gizonak urrun ikusi nahiago dituzte ezen ez hurbil; heriotzeko orenean, ifernuko suaren beldurrak apezaren oinetan xuritzen ditu, boketak oihal zikin bat egiten duen bezala.

        Horra Egiaren bigarren itxura, gure begietakoa, hain hitsa non barnea ilhuntzen baitauku eta, lurrer ala etxeer behatu ere gabe, manatzen laster urrunt giten hemendik.

 

* * *

 

        Berriz so egoiten bagitzeie, gaua heldu zaukularik gainerat epel eta ixil, gogoetaturik nago, jadanik urriki dut oixtian hala mintzaturik; zurenekin batean ene begiak bertze zerbeiti ohartzen dira, —doidoia, hubilegi izanez, argi soberak gordetzen baitzaungun. aphal eta higuingarri zitzauzkigun heien beren maitatzera goazi elgarrekin.

        Zer da gure adimendua, hartaz baigaude guziz hantuak? Gauza guti. Badakiguia deus ororen buruan? Badea errotik ezagutzen dugun zerik? Hoinbertze menderen ondotik, belhar osto bat bakarra ez du egin ahal ukan oraino gizonak, ez eta ere zilatu bera nundik heldu den, norat doan, zer den zeru gain hortan, noradino doatzin horko eremuak, nola gauden zenbeit urtez baizirik gero itzaltzeko, heriotzeak ea hiltzen gituenez osoki, ala bertze norapeit bertze itxura batekin apaindurik alharat eremaiten? Lur huntako itzulikez berez, ez daudea gure argiak bethi heintsu bat, hitzak baizik edo izenak ez direlarik aldatzen?

        Gure haragiaren alderat zendako gira ixuriago? Orai niz egiazki ahalgetzen laborari gaizoer beha. Hoik bederen beren izerdiaz, beren nigarrez, batzuetan beren odolaz bustirik ontzen dute lurra! Ez bakarrik jendeak, bainan kabalak ere, eta landareak hazten dituztelarik beren esku-lanaz.

        Gure eginbide ala jakitateetan lehena ez gindukea behar, egiazki, geure hazkurriaren lurretik atheratzea, nekearekin zebatuz gure burua, zoin leku guti daukagun eta indar noiztenka bederen bermatuz ikusten dugularik?

        Ez dezagun uste ukan bertzela laborari hoik bihotza ala izpiritua arrunt hutsa dutela. Hanitzetan laborari iduriz gaizoenetik eta jakintsunik bipilenera ez da arte izpi bat baizik, harrigarri baita zoin ttipia: eta hil baten oinetan, haur baten aitzinean, emazte baten ondoan laboraririk goibelenak berdin nigar, berdin irri egin dezake, berdin maita nola jakintsunik argituenak. ala batek ala bertzeak ez dute bertzerik erakusten baizik gizonaren izaitea daukatela, bizi huntako gertakari handietarik batekin bekoz-beko aurkitzen direnean.

        Hobeak othe gira hoik baino? Aithor dezagun ezetz. Buruaren alhatzeak baldin gizona apur bat axalez leguntzen badu, idekitzen dakolarik, argitzen, hedatzen bere baitharik zukeen antzea, bihotza berdin latz eta jauzkor eta berekoi uzten diola daukat. Hobeak girelako iduria dugu, ez bertzerik.

        Eta egia balitz hobeak girela bihotzez, eta adimenduz hanitzez gehiagokoak, ez gindukea gure soberakinetik izpi bat zor hola lurrarekin borroka higaturik hazkurria bilhatzen daukutenei?

        Orhoitzen othe gira behar bezenbat langile gaixoek gure gainean dituzten zuzenez?

        Gau on, adixkidea. Ilhun beltza dugu. Erakutsi dautzut Egiaren hirugarren itxura, gizonak zuhurtzian dagoeno eratxikitzen dakona, hoberena eta azkena.

 

aurrekoa hurrengoa