www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ZALDUBY ALDUDAN

 

        Gutiak dira, orobat, dakitenak gure Harpeko urari eskerrik gehiena eman dakotenetarik bat izan dela Zalduby koblakaria.

        Ahuskyn ibili ondoan zenbeit urtez, ohartua zen handik jaustearekin berarekin galtzen zuela, aldi bakotx, hango ur hautek egina zakoten ongia. Mendi gora hartarik mando bizkarrez beheiti jiteak akiturik bazagon aste bat osoa, gerruntzeak minberaturik, gogor juntak, gogoa hits.

        Azkenekotz arrunt jarria zen aldudarat igaiteari. Bizi izan den ondar bortzpasei urtetarik bat ez du huts egin hunat bere ager aldiñoa egin gabe. Ur mota berak izanez geroztik han eta hemen —hala direla ithor dute zerbeit dakiten guziek— nolaz ez zuken gutartean laketago, harat-hunat ibiltzeko errextasun guziak bi eta egoitza goxoagoa eskupean emaiten ginaizkon ordutik?

        Laster maitatu ere, harek, Alduda. Etzuen aspaldi bazabilala eskualde hotan, HARPEKO uraz izkiriatu zuelarik orok ezagutua den liburu ttipi pollita, zointan ez bakarrik delako ithurria, bainan oraino hemengo azinda... beltzak berak hain amultsuki goresten baititu.

        Guti dugu ikusi adin hartako xahar hain lirain xut gorarik, ile xuri nasai batzuek bere begitarte arrai xuhaila eztiagotzen zakotelarik oraino eta iduri gaztetzen. Jauntzitik hiritar emaiten zuen, edo bederen etxeko seme handi. Ibilgunean bauzen Eskualdun menditarrek bakarrik daukaten halako zalhu arinkeriarik gabeko zerbeit. Eskuak hain eder eta gurbil zauzkan non berehala ezagun baitzen zer tresna zerabilaten eta nola. Azken bizpahiru urtetarat bizkitartean adinak hurritua zakon urhatsa, burua lurrerat ukurtu gabe hargatik. Gaitz zerbeit zintzurrari lothurik, erlastua ere zen, haren entzutea orozbat goxo eta bitxi baitzitzeien orori.

        Udako goizetan bederatziak artino hozpil baitago oraino, gauaz bezala, gai hotako airea, Harperat bazoan bizpahiru adixkiderekin, plazako gazte andana bat ondotik jarraikitzen zitzaizkola. Ezagutzen zituen hok denak; denentzat! bazuen elhe on edo behako ezti bat. Lañoa zelakotz eta xehea ezin gehiago, maite zuten orok.

        Harpeko ur hotx mehe garbitik edan eta, jartzen ohi zen erregebidearen bazterrean dagon kotor ttipi baten gainean. Inguratzen ginuen. Orduan bazuten haren ezpainek zerbeit, zerbeit erraiteko! Batzuetan ezin athertua, xaharra baitzen eta xaharra baino gehiago... koblakaria. Zer nahi bazakien Eskual-herriaz, Eskual-herriko xokoetan aditzen diren hizkuntza bereziez. Ez dut uste nehork maitatu duen Eskual-herria bihotz kartsuago batekin eta ukan fede gehiago gure etorkizunean.

        Arratsaldetan haren atseginik handiena Aldudako plazan batzu eta bertzeekin elheketa artzea. Hemengo jendea argitua zaukan, ikusia, idekia, ohartua izpirituko gauzer. Gogotik entzuten ere zuten orok, ez baita deus jakintsun batentzat goxoagorik.

        Artetan bazoan plazatik urrunxago. Begiak behar zituen ase hemengo mendiek erakusten dituzten itxura pollitez, beharriak ibaiaren xurrungaz, bulharrak aire garbiz. Bazterraren ederrak osagarria emaiten zakon bai eta liburuek hain ardura kentzen duten bihotzeko bakea.

        Zer erranen dugu harek utzi koblez? Eskualdunak bat bertzearen ondotik ezartzera doatza, eskerrak baitiozkagu. Ja ezagun da zer ofiziale mina

        zen, xuhurra, garbia. Orratza bezain xuxen lerrokatzen dauzkitzu behar diren hitzak, iraziz, izartuz. Badaki zer erran, zer ez. Gogoeta bakotxari bere lekua eratxikitzen dako, lumatik erortzera utzi baino lehen. Labur aireño bat othe duenez bizkitartean? Haria mehetto? Idorxko ez othe duen orhatzen? Aithortu behar dugu beharria ez daukula hain gozoki hatzemaiten nola Elissamburuk edo Diharrartek.

        Etzen norbeit kantuz adiaraztekoa itsasoaren urhuriak, zeruen eder handi izigarria, lur gainaren itxura aldakorrak, gizonaren bihotzean ihalozkatzen diren azturen orroa Baditeke ere gure eskuara zaharrak hoinbertzeren erraitea ez dezaken jasan, ez duelakotz hortako aski hitz, aski itzulika. Baditeke eskualdun koblek ez dezaketen ukan, hurbilik ere, gauzek manatzen lioketen hedadura edo indarra; xume eta pollit baizik ez diren izanen bethi, Eskual-herriko bazterra bezala...

        Zenbeit miretsi dukete, bertzalde, Zalduby ixur zadien, izkiriatzen zuen aldi bakotx, erlisioneko gauzetarat. Bainan etzuken hortako behar apez. Edozoin aipha dezan, apeza bere hartarat laster lerratzen ohi da. Onets dezagun hargatik elizako zerez mintzatu denean dituela apaindu bere koblarik hoberenak, zoin nahi izan dadien erlisioneaz bezenbatean gutarik bakotxak bere barnean daukan sinestea. Irakurtzekoa da eta elizetan kantatzekoa, bertze hanitzen artean, aldareko ostia sakratuak athera dakon bersu andana.

        Aldudan zabilaneko utzixea zuen bizkitartean hitz neurtzeak galdegiten duen eta doidoia aiphatu dugun lan nekea. Jarraikitzen zen bakarrik egunean eguneko ikusi edo aditu zituen larrienen paperrean ezartzera. Berrogoi urtez holaxet izkiriatu ukan ditu arrats guziez, bat huts egin gabe, bere berriak, izkirio xehe doidoia ikus ditaken batez. Erraiteko baizik ez da, bainan gogoa azkar bezain bixta xorrotx zuen oraino lauetan hogoi urtetan.

        Eta bakhanago gertatzen dena, hauxe: bere bizi guziko gora-behera ttipienez orhoit baitzen, ordu berekoez bezala. Crespoeneko etxe ederrean, harat biltzen baitzen, badauzka hogoi ta bortz xoraturik hortaz, eta orobat harriturik!

        Eskualdunek, guziz Aldudan, ez dezakete ahantz Zalduby.

 

aurrekoa hurrengoa