www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

LILIEN USAINA

 

        Ez dituzte orotan laborariek tenore beretan lan berak egiten.

        Horri nindagon egun hotan gogoeta, —begi, beharriak atxikiz Eskual-herriko ogi-joiteer, eta, orozbat, ene soldadogoaz orhoituz.

        Erdia Provence deithu eskualdean dut egina, han hemenda: zenbeit egun Grasseko hirian. Baginen han, xede beretarat igorriak, eskualdun andana.

        Hiri ttipi bat duzu Grasse delako hori, mendi baten mazelari aski polliki dagona, eguerdiko iguzkiari so, erle kotoi bat iduri. Erdi erdian badauka ithurri burdintsu bat omen handikoa. Mendiaren erraietarik atheratzen dute, sal ahala, marbre derizan harri xuritik. Baduzu etxe hanitz zointan egiten baita olio, salboin, sedazko oihal, bainan guziz usain on.

        Zelhai luze hertsi bat dauka behereko aldetik, itsasoraino heltzen baitzaio. Huntan dute beren alha hango laborariek. Hitz dautzut ez daudela gu baino gehiago lo, primadera hastetik larrazken ondarreraino. Aztaparrak nun erabil eta begiak, hots, badute. Baditake bizkitartean ez diren, gu Eskualdunak bezenbat, akitzen: heien lanak, ez baitezpada indarra, bainan jeinua duelakotz galdegiten.

        Lehenbizikorik, murier izena duen zuhamuaren osto biltzea, urtean behin ez dezakete utz egin gabe. Girtainetik xuxen mozten dituzte haixturrez; uda minean: ebaki gunetarik ez diten andea ondoak. Osto hek —musker arin batzu dira— baderamatzate gero beren etxetarat, seda harren (vers à soie) hazkurritako.

        Sarrixago, buruil, urrietan, oliben aldi eta amanden, bat ala bertzea lehertzen ohi baitira olio egiteko, jateko begiratzen ez direlarik.

        Ez duzu arbola itsusiagorik nola baita oliba ondoa; ez eta, hala hala, hanbat pollitagorik amanda ondoa baino. Hura aphala da, zango eta adar kakola bihurdikatu batzuekin, dena konkor eta kailu, ostoa ttipi, gainetik ilhuna, azpitik xuhail, erran baitzinezake eria dela. Hau aldiz, mintzo nitzauzu amanda ondoaz, toaxa edo mertxikaz biga zabal da, haren iduriko, osto ala adarrak biziki ardurago dituelarik haatik.

        Oixtian aiphatu dautzutan murier, harren hazkurri hura, nausi dute bizkitartean, biek, pollitez; biribil dago alde orotarik, onddoa bezala, eta

        osto larrixagoak dauzka. Egiaren erraiteko, xederratzen ere dute artha handirekin.

        Oliba eta amanda biltze, seda harrendako osto biltze... ez uste ukan bizkitartean horiek dauzkatela hango laborarien lan guziak.

        Harren haztea bera bada zerbeit. Bazinaki zoin huts egin errexak diren eta minberak, ihizi bitxi hek!...

        Nahi den bezain guti izana gatik, belharra xuhur delakotz, kabala hazkuntzari jarraikitzen da oraino hango jendea: behi, ardi, ahuntz.

        Etxe gehiener datxikitela ikus ditazke ere baratze batzu arras joriak. Ogi landa eta nahasti zenbeit halaber, han hemenka: bai eta lur-sagar kutsua.

        Horiek guziak ordean deus ez, beha egoiten bazira hango lili alhorrer.

        Hiriaren ingurune guzian ez da bertzerik ageri, kasik. Begiak xoraturik bazagozkiokete beha, egun osoak. Baduzu orotarik: arrosa, julufrei, xarbota edozoin itxuretako, axintxo, brasil, erratz, gizon-bizia, jenetre, zardina, eta nork daki bertze zenbat, eskuaraz izenda ez detzazkegunak Erraiten dautzut xoragarri dela.

        «—Zer leku ederrak ahal diren, horrela dena lore eta zuhaitz pollitez estaliak!» duzu eginen zeure baithan, hau irakurtzearekin.

        Ihardetsiko dautzut ezetz bizkitartean, harrituko bazira ere. Ba, llilluragarri dira liliak eta, bere ederrean agertzekotz, nahi dute zerua garbi, urdin urdina, iguzki beroarekin; ez baita deus hok baino ederragorik. Bainan iguzki beroak zer dakar ardurenik? Idortea. Eta idorteak? Erhautsa.

        Hortakotz duzu bada leku hetako lurra larrutua eta legartsu, asko tokitan irina bezain xehe. Lore eta zuhaitz ondoer beha zeiezu: batetik bertzearen artean ez duzu belhar lipitsik ikusiko, ez eta, gure herrietan bezala, lurra beltz gizen, izerdia dariola.

        Kazkartzen du iguzkiaren sapak; iguzkiak baino gehiago, mistral deitzen duten haize hegoak. Hau goizetik arrats, kasik egun guziez, zirurika dabila hango mendixken artean, erhautsa zirimolan nun nahi, guziz bideetan, airatzen duelarik, maiz alhor guziak histerainokoan.

        Hanbertzetaraino non, asko lekutan erregebide bazterretan landatuak baitituzte izei luze mehar, osto ala adarrak hain usu dituzten, frantsesez cyprès deitzen dituztenak; gure hil-herrietan dauzkagun arbola biribil legun xut hetarik beretarik. Erhautsaren baratzeko elgarri tinki tinkia ezarriak dituzte.

        Ez dakit bertzalde ohartua zirenez huni: lore ondo batek, lilia idek arau, ostoa galtzen duela: lilia jin eta behar gabe ukanez, edo iguzkiak errerik, eihartzen zakolakotz. Halatan non aiphatu alhorrek, liliak ederrenean dituztelarik, buluziago baizik ez baitute emaiten, ostoak gutiturik.

        Ez, Eskual-herriak gozatzen du begia toki harek baino hobeki. Eta iguzki alde ez balitu hazten laranja ondo, citronniers, palmiers, seska, eucalyptus, caroubiers, eta bertze hanitz zuhamu mota itzal gehiago daukatenak, arras kaskaila litake, bere lilien gatik.

 

        Lili biltzen hasten dira maiatzaren lehen egunetan, buruilaren erditan gelditzeko.

        Liliak hanbatenaz ere usaina goxo dauka eta sarkor, non aro ederragoan biltzen baita, eta luzazago iduki baituke iguzkiak bere argi beroaren menean.

        Gizonek dituzte hartzen beren gain lore arruntak, nun nahi hatzeman ditazkenak, hala nola arrosak. Orgataraka deramazte egun guziez hirirat.

        Bitxi da gizon heien ikustea: piltzarra dariote; bertze edozoin eskualdetako laborariak bezain eskoilak dira, eskoilago; eta bizkitartean usain onez hantuak dabiltza; ez da nehor, nehon, hek bezain polliki lili bat sudurrerat deramakenik, atxik dezakenik han, girtainetik, bi erhien artean.

        Emazteer dago, aldiz, lili bakhanen biltzea, hala nola violette, tubéreuse, cassie, jasmin derizatenen. Buruan ekartzen dauzkitzute hirirat, zare edo saskiak betherik, biziki ederrago baita eta emanago orgetan baino.

        Lantegietan neskato gazteek egiten dute gero berezkuntza. Mota berekoak doazila elgarrekin, atze eta ahaideak berak bazterrerat utziz. Balin bada galtzen edo pirtxiltzen hasirik, doazila hek gibelerat, jin bidez, ez baitira alabainan on ongarritako baizik. Xoragarri da berexleen ikustea, berak ere lore batzu baitira lore heien artean, eta ez itsusienak.

        Nola ken, orai, mota bakotxari, daukan usain ona?

        Bada ara bat baino gehiago, mota guzientzat ez bailoake bera. Batzuek errexki uzten dute, kasik gogotik; Uzterrak dira eta ahulak; bertzeek, aldiz, tinki daukate.

        Arrosari duzu bil errexenik. Alde orotarik hetsiak diren bertz handi batzuetarat aurdikitzen dute, koka ahala bethe artio; gero, tuta batzuetarik igortzen dute bertz heien barnerat ur irakituaren lanhoa.

        Izialdura zerbeitek hartzen duenetz orduan arrosa lilia, ala lanho bero harek izertarazten kexaturik,... bethi, hau gertatzen da: bertzaren zolarat xortaka erortzen baita haren olio ezin gehiago garbi eta sudurrarendako goxoa, berinazko ttutta mehe batek bertzaren azpian dagon untzi batetarat deramana, nigar xirripaño bat iduri. Gaixo arrosa!...

        Bainan badira mutiriagoak, debrua ikusi baituke gizonak heien arima nola bil ikasteko.

        Heientzat badituzte ezarriak berinazko mahain zabal batzu, hok urin gatz bagez estaliak bi erhi trebes lodi. Urinezko ohe hartan dauzkitzute etzaten aiphatu lore berekoiak.

        Zer elhe tetele zuriak atheratzen othe ditu orduan urinak? Zer perekak egiten? Izigarria izan behar da, hasteko, haren maltzurkeria; ezen, zenbeit orduren buruko, ez baitzeie lili maiteer galtzekorik gelditzen deus...

        Baderamatzate hilik eskorgetan, gorotz egiteko; bertze andana bat ohe beraren gainerat heien ordain igaiten direlarik. Hok ere ezin iharduk, ezin beren burua begira; laster kendu behar dituzte, bertze batzuen berriz ekartzeko: ezen urina, behin hasiz geroz, iduri du ez ditakela ase.

        Noizbeit, bizkitartean, baduela aski adiarazten du: hiru ilhabetheren buruan, egun guziez lili andana bat buluzi eta hil ondoan. Hantua da usain onez; ez dezake gehiago har.

        Karrakatuz kentzen dute orduan handik, eta nola uste duzu biltzen dakotela —haren aldi baita orai, alabainan— bere ontasuna?

        Mozkortuz, ori: arno izpirituan gesalduz eta ithoz. Urinak alkoolean du behar suntsitu, beretzat hainbertze atxiki nahi zuken lilien orhoitzapenaren uztekotz. Beharrik du alkoola laket: bertzenaz nork edo zerk kenduko zakon? Horra zer den edale izaitea: galtzen zitu edariak.

        Alkoolak dauka beraz orai lilien usaina: baso baten betheak bizpahiru orgatararena.

        Nahi duzu jakin zer diru egiten duken pintaka? Beha hunat: absinthe, 95 libera; angélique, 150; patxouly, 150; zardina, 35; verveine, 60; lavande, 25; camomille bleue, 250; marjolaine, 24; menthe, 115; violette, 60; serpolet, 18; anis, 30; arrosa, 1000; iris, 100.

        Hortarik ageri baita zendako guk, soldado gaizoek, ez ginuen ekartzen etxerakoan, Grasseko hirian egon orhoitzapentzat, untzi ñimiñiño bat usain on baizik, dena ere mota bakar batetarik.

        Lurrak dauzkan hiri guzietarat badoatzi handik usain onak, gathelutaraka, ditaretaraka. Hotarik har bizpahiru xorta, nahas pinta bat urekin, eta horra nun duzun egina ur usain ona, emaztekiak derabiltzan hetarik.

        Hau irakurtu duken andre sudur mehe zenbeitek galdeginen daut orobat zoin den, hinbertze usain onen artean, hoberena, atseginik biziena barneari emaiten diona. Galde nekea hori, nehon balin bada... Ez ditugula alabainan bakotxak geure aho, begi, sudurrak? Huni on zakona ez zakoia hari maiz gaitzi?

        Othoiztu banindu aithor nezon zoin zautan nihauri laketeneik, hola nunbait hor... Ihardetsi nioken jasmin zautala. Ez baitezpada hauta zautalakotz, usnatzetik ezin utzia; bainan hainbertze usain on baita gizonek batere lilirik gabe egiten dituztenak, guziz Alemanian, behinere ez baitira oraino heldu ahal izan jasmin delakoarenaren osatzera.

        Bederen, hartarik duzunean aurdiki mokanes kantailerat, erran dezakezu lore pollit baten usaina dariozula; bertzenaz ez.

        Zer den haatik usna! Ez du iduri baitezpadako dela gu baithan; urrin zerbeit duketenen ahotik ala sudurretik urruntarazteko baizik ez dugula, du iduri. Eta bizkitartean usain on bat hautemaitearekin zer gozoa dakargun! Gozorik xoragarriena, egiazki. Sudurrik ez baginu aire hartzeko eta jan edan tzarretarik begiratzeko baizen, zer luke balio, erradazut, gure biziak?...

 

aurrekoa hurrengoa