www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

MISIONESTAREN EZTEIAK

 

        Banakien ezteiliarretarik izanen nintzala, gurar nintzalakotz alde batetik, eta bertzetik misionestaren etxekoek nahi nindutela adiarazia baitzautaten. Ezteiak behar zirela, erran gabe zoan, apez gazte lehen meza berriki eman dutenen karietarat aspaldiko ohitza delakotz hori Eskual-herrian.

        Misionesta Pariseko eskoletxetik athera, herrirat jin, eta ondoko astean bazkariteko hitzhartuak izan ginen haren ahaide, adixkide, ezagun eta atze zenbeit; hotarik ni.

        Orhoitzapen bat behar nakola eman berehala jin zitzautan bururat, eztei guzier aitzinerat zor den bezala alabainan. Asko gogoeta hortaz erabilirik; ahal bezain ixilik —hitz-erdika eta ingururekin— jakin ondoan nere baitharik hautatua nuen emaitza onetsia izanen zela, manatu nakon Larresohoko killori makila bat mizpira ginharrizkoa, bere burdin gerrenarekin; apez gaztearen izena hitzez hitz zangoan ezar zezon bietan erraiten nakolarik.

        Manatu bezala lanthurik killok igorri makila, banoa hau eskuan mendiari goiti, oraino ezagutzen ez nuen misionestaren ganat, bi egun ezteien aitzinetik.

        Aurkitu nuen etxe aitzinean, xitxuketa ari. Ikusi nindueneko, hautemaitearekin nor nintaken, jin zitzautan eskuak zabaldurik. Haren irri eztia! Haren agur gozoak! Jo ninduen zenbat xuri zen eta mehe, zer bizar beltz ederra jina zitzakon, nolako sotana laburra zerabilan batere lepo-aitzinekorik gabe, bainan guziz bitxikeria hunek: aztal beharriak agerian baitzabilan, espartin xar batzu erdi jauntzirik herrestatuz. Aithor dut etzaundala berehala gogoak eman, hala balinbazabilan jadanik, ondoko egunetan ointhutsik itziltzeari zagola gizagaixoa...

        Jarri ginen buruz buru, apezgorat heldua ikusiz zenbat atsegin nuen berehala adiarazten nakolarik. Erran zaundan Chinarateko zela izendatua. Abiatzeko, manuaren beha omen zagon. Ordu berean eskaintzen dakot ene makila, astokeria hau mihitik erortzera uzten nuelarik:

        —Gizalde horiaren arterat bazoazi beraz? Ah! ez dakit bilduko duzunez han nehor... Ergela da jende horia, eta jite xarrekoa... Ori, zure aholku eta othoitz guzietan baino sineste gehiago banuke nik, hartu nahi bazinaut zuhaukin eremaiteko, mizpira adar huntan. Ahal duzun guziez emeezute hunekin burutik behera. Deusek ez dezokete guri bihotza la buruan kaskako zenbeitek.

        Makila eskuetan gelditu zuen, irriz, begiak handiturik behatzen zakola. Ihardetsi zaundan noizbeit, hil artio ahantziko ez dutan mintzo ezti sarkor batekin:

        —Eskerrik aski, jauna. Zer laguna emaiten dautazun!... Ba, gogotik erabiliko dut, hango bide gaixtoetan ez erortzeko. Ez dakit zuk nahi duzun xedetarat, joiteko, goitituko duanez behienere; baizik azkar atxikiko dautala bernea, zu ganik eskualdun orhoitzapen karialat eskuetan ukaiteak.

        Ahalgeturik egon nintzan hanxe nere elhe zoroez, ikusiz zenbat urrun zagon ene bihotza misionestarenaren gizontasun saindutik. Biharamunagoan bazkariterat jitea baietz eta baietz hitzemanik, berehala utzi nuen.

        Heldu nintzan tenoreko.

        Deithuak ginen gehienak etxe aitzinerat bildu bezain laster, sararazi ginintuzten eta, goiti eremanik (hemen baitzen ezarria, bi gela lerro luzeen artean, mahaina) eman zaunguten bakotxari geure lekua.

        Baginen lauetan hogoien ingurua. Gizonek buru batetik hartzen zuten mahainaren erdiaz harat, emaztekiek bertze buruaren muturra doidoi zaukatelarik. Erdi erdian, buruz buru, jarri ziren misionesta bere aitarekin; hau, hiruetan hogoi ta bortzpasei urtetako gizon ginharri xut ile xuri bat. Ni, semearen lerro berean nintzan, ez bainezaken ikus aitzinerat edo gibelerat uzkailiz baizik. Bizpahiru auzo herrietako apezak han ziren, herrikoekin batean. Familiako notaria ere han, nausiaren ezkerretarik, begiak bipilik. Garaitikoak, oro etxeko-jaun azkar, amerikano, ofiziale gori; laborari xume edo nekazalerik, nehor ez: sukaldean, bere oldez, laneko geldituak baitziren, gizon ala emazte.

        Haste hastetik, batere guhauk ez ginakiela, halako latz batek hartu ginintuen denak: barnea ilhunxko zenetz, ala apez hek han, ala misionesta gutarik hanitzek azken aldikotz ikusten zutelako beldurra, ala ezkontzarik gabe halako eztei batzuen bitxikeria,... zer nahi izanik, hits ginauden denak eta ixil. Emeki emeki ginen hasi, eskuin eta ezker, bakotxa gure lagunekin elheketa, ahapetik.

        Nausiari behatzen nakon artetan. Solas guti zuen, irririk batere; begitartearen akitutik ageri zen etzela aitzineko gauetan lo handirik egina. Betespal hegiak gorri zituen.

        Emazteki hartako ikasi batzuek zoin zoini jatekoak zerakarguten sahetsera, untzi erabiliak besoen artean metaturik zeramatzatela aldi bakotx, garbiez ordainkatzeko. Jan edan hautak ginintuen, eta nasaiak; bainan jastatzeko doia baizik ez ginintzeien lotzen. Ezkont ezteietan hain jostagailu baitira menditar batzu, jan eta jan, bi aztaparrak ahorat betan, ardura basoa huts, begietarik atseginarekin nigarra dariotela, noizteka irri gozo batez inharrosten dutelarik etxe guzia, halakorik etzen hainbertze gizonen artean bat bakarra ezagun.

        Oro bat bertzearen haztatzen eta beldurrez, elgarren herabe ginauden. Mintzatu ziren nor laborantzaz, nor aroaz, bainan guti. Hau politikarat lerratu zen, harek eskual herrietako ondar bozkatzeak aiphatzen zituela, bainan axal egon ziren biak eta laster ixildu. Bazterretako berriak iharduki zituzten zenbeitek, kabala ala jendeen arteko eritasun, ixtripu, heriotze, ezkontza, ordenu, zor, etxe-saltze, bainan hitz-erdika, deus barna zilatzetik ahal bezenbatean begiratuz.

        Jende ikasiak ardura mutiri. Zerbeit jakinak, ez dakit ohartua zirenez, tinkatzen daizko ezpainak gizonari; lagunkina baitzen aitzinean, horra orai berekoi jarria; golkoan derabiltza bere errangurak, nehori erakutsi gabe; galdua du bethierekotz gizontasun lañoari darraion idekia.

        Bizkitartean arraidu ginen noizbeit ezteiliarrak eta, buru, eskuak harat-hunat ginerabiltzalarik, kasik oro betan mintzatzen hasi, burrunba puska bat baginatxikila. Apezetarik batek erran behar ukan bazuela, zenbeit egun lehenago, norbeit bere athetik haizaturik, notariak ihardetsi makur zerasala: haizatzeko orde etzuenetz haizkatu?

        —Haizea bezala igorri dut handik, zion gora gora apez gaizoak.

        —Aizkatu dukezu, aitz edo harri ukaldika zure agerretik iraizi. Hasteko, ez dut behinere aditu haizatzen dela, haizeaz bezala urruntzen,gizonik.

        Baditeke etzuen erretor puska onak nehor haizatu, are gutiago aizkatu, bainan hitzek baiterakarzate eskatimarik saminenak, bi gizon hek hala eztabadan ikustearekin mahain guzia nahasi zen, batzu (alegiaz bederen) apezaren alde, bertzeak notariaren, bakotxak bere hautua erasia zerbeitez finkatzen zuela, zozoenak kalapitan piztuenik. Jostatu ginen apur bat. Erdian, buruz buru, irriz zagoden gogotik, beren lagunekin, aita semeak.

        Hainbertzenarekin ekartzen daukute sehiek champagne derizan frantses arno xuri harro Eskualduner ere laket zeiena; eta, tiroa tiroaren gainean, idekitzen zituztelarik untziak baso luxeetarat husteko, ixildu ginen denak.

        Gure alkiak utzirik trinkatu behar ginuen, bainan etzen higitu nehor. Apez gazte bat, xutiturik, ja zerbeiten erraitera zoan.

        Mintzatu zen erdaraz, heldu zitzakon bezala, bere lagunaren apezgorat heltzeaz, apeztasunaren handiaz, zenbat ederrago den oraino misionesgorateko deia; zer bihotza duen behar, bere etxe, aitama, haurride, ahaide, adixkide, ezagun, sor-herri, orai eta geroko ontasunak oro utzirik, gizalde basa baten arterat bethierekotz doanak, han, itxura guzien arabera, erlisionearen alderat bere odolaren ixurtzera.

        Gelditu zeneko, eskaini zuen bere basoa misionestari, ziolarik berriz:

        —Zure osagarriari, lagun maitea! Etzaitut gehiago ikusiko, bainan ene othoitzetan egun oroz aiphatuko zaitut Jainkoari.

        Eta biak jarri ziren, gozoarekin behakoak distiatzen zeiela.

        Mokanesaz begiak kukuturik, misionestaren aita nigarrez, ixil ixila.

        Bigarren apez bat xutitu zen, elhe bertsuen erraiteko erdaraz, hala-hulaxe.

        Aita gaixoa, bi eskuen artean burua ahal bezain tinki zaukalarik bizkitartean, hipaka hasi zen, hasperen bakotxak gorputz guzia inharrosten ziola.

        Halako kexu ezin jasan batek hartu ginintuen denak: zer erhokeria, kenka hartan hala mintzatzea, burhaso gaixo heien aitzinean! zenbat zoroak giren, Frantsesek bezala egitea gatik, bazkal ondoetan geure buruaren erakusteko!

        Ezteiak beren hatzerat ekarri nahiz, notaria hasi zen aho eta eskuara ederraren omena zuen gizon gazte bati, othoi zerbeit goxorik eras zezan arbasoen mintzai zaharrean. Buruz keinu egin zuen hunek ezetz.

        Lehia zadien eman ere zakon norbeitek sista bat gizon gazte hari berari: ea etzitzaizkonez, bere mintzoaren adiarazteko, inguruan zituen entzule hek aski? —Ixilik gelditu ordean hura, nigarra begietarik zariola, nahirik ere ez baitzezaken kitzikazale ausartari hobeki iharduk.

        Azkenean lothu zen notaria bera, erdi eskuara, erdi frantses, gehienak oraiko egunean zorigaitzez mintzo giren bezala gogoan aitzinetik apaindu gabe badariogularik. Bihotzaren haustekorik etzitzakon bederen athera.

        Haren ondotik, hirugarren apez baten aldi. Eskuaraz arizan zitzaukun hau ere, ez biziki eskuara garbian, bai ordean hain eztiki, hain amultsuki, halako gauza xume beratzez, familiaren ospe, herriaren atsegin, basen gizontasunerat heltzeko gozo, gizonen beren ganik ikustate eta Jainkoaren aldetik sari bethiereko,... non esku zartaka goretsi baiginuen denek, azken hitza erran zueneko. Hala mintzo bide ziren lehenago, Galilean, Jesus eta haren arraintzari lagunak, jende xeheari lillurarekin lurreko nekeak ahantzarazten zituztela.

        Begitartea arraidurik edaten ari ginelarik, horra nun xutitzen zaukun apez gazte misionesta. Hari buruz itzuli ginen denak, begiak landatuak, zer atherako zuen.

        Frantsesez orduan erran zituen solas bakarrak hunelatsu litazke eskuaraz:

        «—Eskerrak, o zinez eskerrak, ene ezteietarat hoinbertze eta hoin bihotz onez etorri zaretener. Atsegin dut ikusten baitzaituztet ene inguruan,... maite nuzuen bezenbat maite zaituztetalakotz.

        «Bizkitartean, nahiz galdegin dautazuen denek, eta guziz orai artean mintzatu direnek, zenbeit urteren buruko itzul nadien hunat, zuekin zenbeit orenez bederen berriz gozatzeko, ez dezakezuet holakorik onets. Gibelerat ez jitekotan banoa.

        «Pagano basen tokietan da, orai danik, ene lur huntako egoitza.

        «Agian lehen bai lehen ukanen dut, heien eskuz sarraskiturik, heientzat ene odolaren ixurtzeko zoriona!»

        Hitz hok aditzearekin, ja mintzaldiaren erditsutako nigarrez hipaka hasia baitzen aita, marrumaz xutitu zen gizagaixoa, ezin egonez gehiago. Sahetsean zituen lagunak, beren lekutik ilkirik hek ere, lothu zitzaizkon beso azpietarik, eror etzadien, eta ttuku ttuku ereman zuten, bihotza erdiraturik ginaudelarik oro heier beha, ondoko geletarik baten barnerat.

        Ordu berean, nigar batzu aditu ginintuen mahainaren harateko buruan, —emazteki nigar nasai, ahal bezain ixil eta gorde, bihotza joan nahi zuten batzu,— amarenak.

        Ukurtu nintzan mahainaren gainerat, itzultzen nuelarik burua misionestaren ganat, —zeiharka bederen ikusi behar nuela, bekoz beko ez banezaken ere, semearen begitartea kenka lazgarri hartan.

        Irriz zagoen semea aita itzali zakon atheari so.

        Ez othe zuen erhoek duten irri lele zozo hura, halako izialdura bat sarthurik ihesari emaiten baitzaitu, gaixtakeria zerbeiten egitera doatzulako beldurrarekin. —Behatu nakon berriz ere, gehixago ukurturik. Ez: irri gozoa zen misionestaren irria, begitartea halako eztitasunaz arraitzen zakon, hain argi ziren eta samur haren begiak non bainindagon ametsetarik ari othe nintzanetz; ez othe nuenez han ikusten, nere aitzinean, zerua deitzen duten tokian badirela dioten saindu edo aingeru hetarik bat?...

        Harriturik hartu ginuen kafea denek, gehiagoko solasik gabe. Xutitu ginen gero eta athera, zoin gure eskualde, emaztekiak ahapetik elheketa xoko batzuetan bazaudelarik, etxe barnean.

        Aro goxoa zen, iguzkiaren azken inharrek urre dirdira bat emaiten zakotelarik bazterrari. Etxerat joanen ginen oro, ezteiak gehiago luzatu gabe, ez balitzauku bat bederari besotik lothu misionesta, othoi pilota partida bat jostatzeko egin ginezan, goiz zela oraino eta plaza han berean, esku huskako hauta; gurekin ariko zela hura ere.

        Berehala bildu zituen lagunak: bizpahiru herritart eta notaria. Hok atorra hastu ziren, harek goititu zuen apur bat sotana, gerrian tinkatzeko; eta hanxe, bi aldetarik lerroan, ikusi ginuen partida bat pollitenetarik.

        Azkena zuken misionest maiteak, bainan hain gogotik lotzen zen pilotari, hain zalhu zabilan, halako elhe arraiak egiten zituen behari ala jokazaleekin, hain irabazi nahia zuen iduri, non ahantzi baiginintuen oro, bazkaritean ikusi eta adituak, amaren bihotz erdiratzea, aitaren marrumak, semearen sarraski gosea... Udako igande arratsalde ederretan bezala, baginauden ukaldier beha loriatuak.

        Gelditu zirenean, bihotza hersturik eman ginakon bizkitartean esku, gehiago ikusi behar ez ginuen mutiko gaixoari.

        «Bihar artio» erraiten ohi dugun bezala erran zaungun «adio».

 

aurrekoa hurrengoa