www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ITZE-EGILEAREN ZAKURRA

 

        Bizi nizano orhoituko naiz ene herriko itzegileaz, hunen lantegiaz, hunen zakurraz.

        Agerreko nausia zen. Lekorneko plazan, berrogoi ta zenbeit urtetako gizon sekail ginharri bat, errea; laborari-etxe goriko buruzagi zelarik, itzegilea ofizioz.

        Etxe aitzinean zagoen lantegia, errege-bidearen gainean. Egun guziez eskolatik lekora, egun guzia kasik ortzegunetan, han nintzan ene adineko bertze mutikoxka batzuekin. Alta ez baitezpada esker ona egiten zaungulakotz Agerrek! Gizon kexua zen, berriz ere diot, elhe gutirekilakoa. Ardura idorki manatzen ere zaungun erabil ginezon hauskoaren giderra, lan nekea baitzen hori gure beso ttipientzat.

        Lantegia hala-hulakoetarik zuen, dena haroztegi bat iduri: harrizko pentokaño baten gainean sua, bere khe-bidearekin; haren sahetsean, hausko handiak; aitzinean, aska bat urez bethea, behar orduan burdin gorrituaren iraungitzeko; hegi batean estoka, erdi estoka, erdi ungide, bere ezpain lodien artean xilo hertsi biribil bat zaukana: harateko xokoan, lur-ikatzaren meta, beltz dixtirant; atheari hurbil, paxet batzuek jasaiten zituztela, burdin ziri mehe andana bat.

        Lau seme bazituen gizon harek, ene heineko, enekin ardura zabiltzanak, aneia batzu bezala maite bainintuen. Ez uste ukan bizkitartean heien gatik ere nindoala hain maiz lantegirat.

        Itzegile bilhakatzeko tirriak hartua ninduelakotz othe? Egiaren den bezala erraiteko, biziki ofizio pollita zitzautan. Eta errexa. Behatuaren ariaz, ikasia bezala nuen jadanik. Aski zen, ezkerreko eskuaz burdin ziria atxikiz, hunen muturra suan ezartzea, han idukitzea gorri-zuritu artio, eremaitea gero ungidearen gainerat, hemen eskuinaz mailu ukaldika mehatzeko, biribiltzeko, xorroxteko, azkenean xilotik sartzeko. Mozten zen, eta xilo barnean gelditu poxiaren buruari emanak zitzaizkon gain-behera lau aldetarik lau ukaldi, ordutik katxet jartzen baitzen eta kaskaño batez igortzen baitzinuen, beltz-urdin, hoztua, eskalapoin itze, bil untzirat.

        Eta zer sosak etziren irabazten! Hanitz aldiz aditua nakon erraiten amari, hau ere harriturik baitzagon:

        —Agerrek egun guziez bortz liberakoa garbi atheratzen du... Agerreko anderiak bortz liberako ederrik bazien sakelan, ondarreko merkatuan ere...

        Nunbait izan behar zen zerbeit, ezen itzegileak etzuen iduri baziola etxeko laborantxari eskerrik.

        Ezpeletako merkatuan zeraman bere saltzapen izigarria, hamabortz guziez. Mahain baten gainean ezar bakotxa bere untzian katxet mota guziak, eta erostuner emaitea aski sosean hunenbertze. Bethi joaitea ba katxetek, konda ahala, ikus ahala: zenbat zenbat, eskalapoinak berex, klosken berentzat! Eta bertze egilerik nehor ez Eskual-herri guzian, Bastidan baizik!

        Ba, itzegile jarriko nintzan handitu ta. Itzegile edo apez, hau ere ofizio goxoa baitzitzautan.

        Bainan ez nuen baitezpada oraino geroaz halako grinarik. Bertzerik nerabilan buruan eta bertzerik zen Agerreko lantegirat egun guziez hain gogotik ninderemenana.

        Sarthu ta berehala, hunaindiko xokoan, ikusiko zinduen errota bat gaitza, haxaz bi ernai xuten gainean, errota bat gogorki zabala, bere bi mazeletako zirien artean huts bat baitzaukan. Haxari zatxikola bazuen zur makila bat; hunek, errota itzulikatzen zenean, baitzerabilan hausko handiaren goiti-beheitia. Eskuzko erabiltzaleak bakhan baitzituen hauskoak, errotari zagon hunen alharaztea.

        Bainan nork higi errota? Ez zabilken alabainan bera!

        Zakur batek; Karno, etxeko zakurrak. Kokatzen zen errotaren barnean, eta han besoez bermatzen zelarik eta zangoez iduri aitzinatzen, tokiaren gainean zagolarik bizkitartean, bere azpian ibilarazten zuen errota, itzuli, itzuli.

        Karno bere errotaren barnean bere aztaparrez joka, ez nindaken ase hari beha egoitetik. Haren gatik nindoan, orai aithortzen dautzut, hain ardura Agerreko lantegirat; bertze deusetako.

        Nausiarekin zen goizetik hasten lanean Karno, arratsean harekin gelditzeko. Otorontzetako tenoretan ere baratzen zen, guziz eguerditan, hamabietarik biak artean; bere teian, atheari hurbil, loaldia egiten zuelarik itzegileak bezala.

        Akitzen zen gaizoa eta, gehiago dena, pastikatzen naski; ezen ardura jausteari zagon, hatsaren hartzeko, jabaltzeko lurrean etzanik egonez. Nausiaren kexua lan hori egiten zakonean! Zume batez zafratuz, oihuka, larderian igortzen zuen berriz errotaren barnerat; bainan bizpahiru itzuli eman orduko huna egundaino bezala zakurra beheiti, jauzian.

        Kabalek badakite gizonak baino hobeki beren indarraren izaria, eta ez dute gainditzen. Itzegileak, ohartua bide zelakotz horri, barkatzen zakon bere lau zangotako lagunari; eta, hunek indarrak bildu artio, guri zagon, niri edo haren semeer aldizka, hausko giderraren erabiltzea.

        Bainan ahal bezain laster hurrantzen nintzakion zakur maiteari. Urrikalgarria zen zinez, hats-hantuarekin sahetsa goiti eta beheiti zerabilala, mihia luzatua, hunen axaletik lantxurdan odolaren bafada bazoakolarik. Perekatzen nuen, lausengatzen, deitzen bere izenaz: orduan, gozoarekin, higitzen zuen buztana, behatzen zaundan begietarat eskerren emaiteko bezala; adixkide min bilhakatzen ginelarik zerbeit hortzen arterat emaiten nakonean, ogi puska, gasna, gaztena, orotarik on baitzitzakon. Bainan, sinetsiko nuzu nahi baduzu, etzuen laket horrela alfer egoitea luzaz; indarrak berritu zituen bezain sarri, jauzi batez igaiten zen bere errotaren barnerat.

        Zakur pollit, langile, maitagarria, kabalaren itxuran jendearen gogoeta gehienak zerabiltzana!

        Nausiak, jorik ere artetan, nik bezenbat maite zuela uste dut. Hasteko, ez-ontsa jartzen zenean, manatzen zuen etxeko emazteer ont zezoten bazka hezur gehixagorekin.

        Maina horien guzien gatik horra nun, egun batez, hatzemaiten duten bere teian Karno betespalak eroriak, begia hits, ilea latz. Ez nahi xutitu. Deithuz ere ala zerbeit eskainiz, ezin higiaraz buztana baizik. Hiru egun handiz haren ordain ufatu ginduen sua Agerreko semeek eta nik, aldizkatu.

        Laugarren egunean, goiz goizetik, bazabilan haurren mihietan berri hau, orori halako bat egin baitzaungun: itzegilea, ikusiz zakurra behingotz eri zuela eta ez nahiz sehirik hartu, Bastidarat joana zela bertze zakur baten bilha.

        Ez nintzan agertu lantegirat, erranguran nolakoa etorriko zen Karnoren laguna: eder eta azkarra agian, ernea, eskuetako errexa, ez ausikikaria, hain urrundanik heldu zenaz geroz! Bastida urrun hartan ba ahal ziren holakoak, hainbertze aldiz aiphatuak zauztaten itzegile heien baithan! Hura lanean ariz senda zadien laster Karno gaizoa.

        Biharamun goizean, jaiki nintzan orduko, aitak erraiten daut idorki:

        —Ehadila joan egun Agerrerat. Aditu duk?... Orhoit nik erranaz, Juaneito, ederrak hartu nahi ez balin baituk.

        Debeku horrek hanitz gogoetatu ninduen. Zendako egin othe zaundan aitak? Ah! zerbeit izan behar zen erran nahi etzaundanik! Eskola hastekoa baitzen oraino, inguru handi bat eginez banoa erdi gordeka Agerrerat.

        Oihuka seme gehienak ez ninduen utzi lantegitik hurbiltzera. Etxe aitzin guzia plazako gizonez bethea zen. Harritu nintzan ondarra, ikusi nuenean Karno jauzteka ari bere esteka hausterainokoan, erhotua. Ez zaundan behatu, ez ninduen gehiago ezagutzen, etzuen ezagutzen nehor. Zalapartaka zabilan, jo harat, nahasiak, haguna zariola ahotik, ile-ondoak xutik. Berehala nausiak, hogoi urhatsetarik, tiroaz aurdiki zuen.

        Errabiatua zela erran zautaten etxeko ene haur lagunek, miresten zutelarik aitak nola kausitu zakon eta zilatu burua erdiz erdi.

        Ene bihotzmina eta nigarrak!... Ez dut ukan, arimaz egia, ene bizian, nahigabe saminagorik.

 

aurrekoa hurrengoa