www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

CANADAKO BERRIAK

 

—I—

        British Columbian 1907ko abendoaren hemeretzian egina

 

        Aneia maitia,

        Negu minean sarthuak gituk. Haize hotz, horma, elhur, badiuk orotarik. Ez nik uste bezenbat haatik oraino: Alberta eta Columbiako hegal hau bere heinean epelxagoa omen duk. Balitz ere den baino hotzagoa, ez nikek bertzela beldurrik: soineko beroekin zabilak hemen jendea, nor nahi izan dadin.

        Oinetan, caoutxuzko zapata lodi batzu, barnetik ilearekilakoak, elhurra ez baitzeie lotzen eta zangoa baitaukate bethi idorrik; buruan, lenazko estalgi bat edo biga, —kaskoa, beharriak, lepoa, kokotsa dauzkatenak, kasketa batek gainetik tinki atxikitzen dituelarik; caoutxuzko edo larruzko mapulisa; eskuak ere ilez eta larruz gorderik.

        Hoinbertze puskarekin dantza jauzietako ez ginintazkek hanbat; laneko, aldiz, bagituk... doidoia.

        Nola, dakikan bezala, oihanen erdian bizi bainiz, su ederrik ere ikusten diat. Zerbeit duk, hori ere, suaren ikustea: bihotza berotzen daik.

        Hastapeneko lagun berekin nagok: lau Angles, hiru Nortamerikano, bi Indio, Finlandes bat gaitza eta Chino kurlo bat, debruak berekin ditiena. Oro anglesez mintzo. Bahaki nihauk ere zoin polliki murdukatzen hasia dutan! Frantses bakarra nuk orainokoan. Ene izen eskualduna hortzen artean ezin xehatuz, arabez, bethi erraiten zaitaie Franchich: Franchich hunat, Franchich harat!

        Batzu arbola mozten ari gituk, bertzeak heien eremaiten segerialat. Segerian ere baituk, nausiarekin, guk ekarriak lantzen dituztenak eta taulatzen.

        Hamabi libera emaiten zaiztaian hastapenean nausiak eguneko, eta jana. Hogoi ta lau orenetarik zortzi edo bederatzi laneko: bethi arizan behar haatik ephe hortan, erran nahi deat egin ahala eta ixilik. Eskual-herrian laket diuk zenbeit elhe eta irri artetan, baratzea ere ba noiztenka zigarreta baten estakuruan; hemen, Manex, ez diat bada uste holakorik haizu den!... Jan nasaia, bainan ditaken higuingarriena, dena sukrea delakotz. Oraino ezin jarriz nagok! Anglesek gatzaren orde bethi sukria die. Lur-sagarrak berak sukriarekin emaiten zaizkuie! Ez dik iduri dakitela badenetz ere biperrik. Zioie sukria azkar dela barnekotzat: ez nian oraino holakorik entzun.

        Janaz bertzalde, nausiak emaiten ere zaukuk atherbia. Aditu duk? Atherbia. Nausi batek bere langileer zor omen dik jornala, jana ere batzutan, bai eta atherbia; bainan oherik edo ohearen idurikorik, ez. Atherbia bakarrik. Hola ziok gure Anglesak. Hortakotz taularen gainian etzan nuk zenbeit egunez, ez baita batere goxo. Orai baitiat erosiak estalgi batzu, azpiko eta gaineko, baitut heien beharra, gure taulazko etxearen arteketarik xixtuz haize hotza sartzen ohi zaukulakotz.

        Bainan igandeak dituk hemen hitsak! Hirixka baten aldean girelarik, han ez izanki elizarik; elizarik hurbilena hiruetan hogoi ta hamar kilometretan aurkitzen. Harma harturik, bagoazik denak ihizirat. Hiltzen diuk zer nahi xori mota; hemen ez denik ez bide duk. Akitu girelarik, irakurtzen, izkiriatzen bagaudek, ez girenean joaiten hirirat. Gogotik bazeramaiat, burutik buru, hitzemaiten deiat, igande guziez igortzen dautakan Eskualdun Ona, nahiz hunarat orduko bere berriñoak irinduxeak dituen. Ah! mutikoa, sor-herriko orhoitzapenek atsegin zerakarguie zoko hotan!

        Nerraian oixtian zer jornal emaiten zaundan lehenbizian nausiak. Ederki zuan. Hanbatenaz ere ederkiago non, etzelarik laneko arorik, jornal hori kenduz uzten baitzaungun jana eta... atherbia. Bainan, duela hamabortz bat egun, ttipitu zaukuk irabazpidea, erditaratu kasik. Aditu dukek nola Etats-Unisetako bankoak hetsi diren eta ehun libera paperrendako ez ditaken hor hogoi ta bortz libera urre baizik eskura. Gure makurra hortarik jin zaukuk, Canada delako leihorrari jarraikitzen baita orotan. Eta noiz xuxenduko diren bazterrak, nehork ez jakin; laster eginen direlako ustea edo nahikaria ukanki ba, denek.

        Bertzalde, Presidentaren izendatzeak sal-erospen guziak baratzen ditik. Hemen nahiago likeie hauta baledi Taft jauna, gutartekoarentzat oraikoa bezain ona omen bailiteke. Bainan hirietako langileek bertze batendako omen zauzkaie beren bozak, harek agindurik itsas leihorretako sarkuraren idekitzea ardietsiko deiela, bizitzeko behar dituzten guziak horrela ukan ditzaten gatik nasaiki eta merke. Geroak erranen nork eginen duen amor.

        Badiuk oraino bertze errangura bat: Japones madarikatu hoik ea bakean utziko gituztenez. Rusoak erhautsiz geroztik, nehon etzauzkek; hortzak xorrrotx, sabela huts, kexu gogoa, nork daki ez zaizkigunez bermatuko lur zati zenbeiten jokotriaz edo indarrez edekitzera?

        Holako berriak, to, hemen. Ez arras onak, ez gaixtoak, ikusten dukan bezala. Bierarte. Eta hor? Zer diozie Frantzia xoko hortan? Ni baratzen bainiz orai, hire aldi: igor laster dazkikanak.

        Eta izan ontsa. Goraintzi etxekoer; ez ditela errangura nitaz.

 

—II—

        British Columbian 1909ko urtarrilaren bortzian egina.

        Aneia maitia,

        Aldi huntan Canadako berriak Canadakoak bezenbat edo gehiago Etats-Unisetakoak bidaltzen daizteiat. Leihorrez bezala sal-erospenez hauier josia duk hura; eskuz esku zabiltzak; baten ona bertzearen on; urte xarrek biak hunkitzen eta mehatzen, araberan; urte joriek biak jende arau neurri berean leguntzen.

        Xarra ginian bada ondar hau, zinez, auzoan xarra zelakotz!

        Nola abiatu ziren patarra beheiti auzo hoik, zeren gatik, xuxen ez nakikek. Zaukaiat urreak jende xeheari uste gabetarik huts egin dakon. Zernahi lan bururatu, dela burdin-bide, hiri, ur-erreka, dela itsas-untzi, eskoletxe, mekanika, bainan paperra dirutzat ibiliz, azkenekotz gertatu duk hauxe: aberatsek, buruzagiek beren eskurat bildua baitzuten urre guzia, hau begiratu die gorderik, paperra urrearen berdinerat igaitera etzutelarik uzten emeki emeki baizik.

        Arte hortan, jabe ziren urreak zer eman deien, habil hi! Beren herrian alfer idukitzeko orde, iduri zautak alabainan auzo erresumetan bederen alharazi dutela, eta ez guti.

        Banko gehienak paperrari hetsiak egon tuk urte bat hurran. Zenbeit bakar zituan hartzen zutenik, hiruendako biga emanez dirutan, garaitikoa gerokotzat aginduz.

        Hanbatenaz tinkiago atxiki die aberatsek beren urre-moltsa non bozkatzeer buruz jende xehearen beldur baitziren, hok Bryan beren gizona presidentgorat hel zezaten.

        Badakika noiz ideki duten sakela eta bihotza noiz zeien jabaldu? Taft, beren aldekoa, nausi gelditu delarik. Niri, hasteko, etzautak gogoak bertzerik emaiten.

        Dena den, urte xarrago guti dikee jastatu lanetik bizi direnek. Etzuan eta lanik! Tegiak oro lo zaudeian, hutsik. Bideak bakarrik betheak... eskalez. Gizon hiltze hanitz herrietan: lehengo batentzat hamar! Gezurra, herra, jazarkundea, tzarkeria, ohointza bazter guzietan nausituak. Goseak garait etzezazkenak eritasunak lehertzen.

        Mendietako artzainak berak hatzeman tik urte xarrak, nahiz ez bertzeak bezenbat. Ileak etzian joaiterik: sei sosetarat jautsia izan duk, goititzeko haatik laster hamabietaraino. Hogoi ta bortz liberetan erosi ardiak hamabortzetan ezin sal, tokiaren gainean bederen. Bazazkiat Nevadan artzainak, beren arthaldeak ezin kenduz treinean sarthu dituztenak eta Frantzia bezalako hiru eremu heiekin iragan, Chicagoko merkatu handian eginen zutelakoan zerbeit; eta hemen hamasei, hamazazpi liberetan doidoia saltzerat heldu.

        Californian mutilen soldatak lekutan ttipitu tie; mutilak ere ba gutitu. Urrian, ondarrik, bazituan San Franciscoko hiru ostatutan 150 Eskualdun gazte, jin berri eta zahar, lanik gabe: bi nigar ixuririk baitaude hanxe gaizoak beren hain ontsa ziren sor-lekuaz orhoituz...

        Bainan aro txarraren ondotik iguzkia, garizumatik lekora Pazko.

        Etats-Unisak gaizki abiatu zirelarik gelditu baizitzaukun lana Canadan, galdegin nakoian ene nausi dakikan Anglesari zertarat ginoatzin. Hunek, burua inharrosiz eta hits, ihardesten zautak:

        —Deus onik ez dezaket igurik. Diamanta New-Yorken arrunt erori da.

        Handik bi hilabetheren ondotik, nola kazetaren irakurtzen ikusten bainien, nik berriz ere galde bera. Harek, hitzez hitz, egundaino bezala:

        —Deus onik ez da. Diamantak New-Yorken ez du erostunik.

        Egun osoak banagok eremanik, zer erran nahi zukeen ezin asmatuz gogoeta.

        Azkenean, dituela bizpahiru hilabethe, eta nahiz ez nintzan gehiago zorigaitzez haren meneko, hurbiltzen nitzakok hirugarren aldikotz, galde bera

        ahoan. Arraidu zitzakoian begitartea, erraiten zaundalarik, bere behako hotz urdina gain behera landatuz:

        —Berri onak, puttil, berri onak! Diamanta goiti doa!... Zuri, gaztea baitzira, erakutsiko dautzut: batere sosik sakelaren zolan haztatzen duen ordutik gizonak eta guziz emaztekiak, edergailu edo ergelkerietan du lehenbizikorik xahutzen. Diamantarenean da erresuma edozoinen gorabehera...

        Ordu zian, bertzela, goiti zadin... diamantak! Urte huntan ahal bezala ginabiltzaian Canadan. Erdietan janean truk lana, bataren edo bertzearen etxian. Ene lur poxia ez banu ukan eta ene etxolañoa, etzakiat zer ikusi behar nien, egiazki. Ezen Anglesek ez die urrikalmendurik.

        Negu izpi hau diuk orai iragaiteko. Hotza duk, egia erran dezadan, behinere izan den hotzenerik. Neurriak emaiten dik: 30 degrés au-dessous de zéro, —zien horko hotz handienak hamabortzetarat ez direlarik heltzen! Eskoletan haur ttipiak nigar marrumaz zaudek, su ondorat hurbiltzeko beren aldiaren aiduru. Niri aldiz etzautak minik egiten, ez eta ere xixtatzen larrua. Hotz idorra delakotz, langileak ez dik hautemaiten, guziz oihanetako langileak, ni nizan bezala. Bustia balitz, hezurretan barna sar litzagukek, nehork ez bailezake orduan eskualde hotan iraun, otsoek baizik.

        Hotarik ikusten diuk zenbeit bakar, hor ziek basurdiak bezala, edo gehixago. Bainan etzitazkek gizonari oldar; ihes zoazik.

        Halere, urte txar, gosete, hotz ala otso, arras laketua nuk toki huntan. Ederragorik hanbat baditaken etzautak iduri. Hemen oraino emaitekoa dik gizonak bere ahal guzia; Frantzian, aldiz, xahartu ziezte, higatu.

        Deusek baino gehiago haatik mintzaian trebatzeak nik laketarazi. Mintzai bat duk bitxia: lur gainean egundainotik aditu diren hitz guziak bilduak zauzkak, buru buztanak anglesak emanik. Hain duk ezazol eta jori bere hizkuntzan non Angles garbiek berek hunat jitearekin ikasi behar baitute, bertzek bezala. Deitzen diuk: amerikanoa. Auko begira: lurrak dauzkan eremuak laster beretuko ditik.

        Orai gauden primaderari beha. Diamanta Etats-Unisetan goititu denaz geroztik, Canadan lothu behar diuk nahi eta ez lanari erleen kharrarekin. Ja hiriak ernatzen hasiak zauzkuk.

        Bizkitartean, ezagutzen balin baduk eskualde hoitan nor edo nor Nortamerikarat etorri nahi denik, errokok: xuhurra badu, ez dadiela etxetik higi, aitzinetik hemen bere lekua egin gabe.

        Goraintzi etxekoer, herritarrer, orori. Besoa luzatuz, luzatuz, emaiten deiat esku.

 

aurrekoa hurrengoa