www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUARAREN IKASTEKO

 

        Eskualdunek egiten dugu gizalde bat bertzetarik berezia, ez bakarrik bizi giren tokiaz, itsas bazterrean bortuen bi aldetarik egoitzatzat hautatu ginduen xoko guziz maitagarriaz; ez bakarrik gure ohitzez, artzaingo eta laborantzako aztura, herriaren amodio, urrungo leihorren ezagutzeko tirria, pilota, dantza-jauzi, makila, mus, irrintzina, ezei, phesta-berri, tobera-mustra, bizitegi nasai eta garbi, xuhurtzia, zuzentasun, geure buruaren jabego, arrotzetarik begiratze, familiako atxikimendu; ez bakarrik gure haindirateko sinesteez, hok odolean bezala, aitatik semera, baiterakarzagu; ez bakarrik, hitz batez erran dezadan, gure baitharikako olde hoitaz; bainan oraino gure hizkuntza zahar, guhauk baino gehiago orobat auzoek miresten duten eskuara ederraz.

        Ez dakit nehork behinere argitarat aski eman dituenez gure mintzaiak, edozeren erraiteko, dauzkan bide, itzuli, antze, inguruak. Edozoin hitz nahi duen aldetarat xuxen erabil detzozkon gure mehiak, etzako eskuarari gaitzitzen; mozten, luzatzen, xederratzen, bat bertzeari josten ahal diozka; zume batzu bezala malgu dezazkegu, gogoaren harat-hunat guzier uztartuz; ez baita bertze hizkuntza bat lurraren gainean, ez, gozogune berak dituenik.

        Zendako aiher ginitzozke, erasian diogularik ez dela jarraiki mendeari; gibel egon dela, xuhur, mutu, hau bethi eta aitzinago zoalarik, hunek galdegiten ziozkan apaindura berriak etzituelakotz hartzen; amaso emaiten duela oraiko mintzai gazte, burrustan elhea dariotenen artean?

        Hitz guti derabila, ba, gure amasok, eta bertzela ixila da. Kasik herrian beihala ikusten zituen gauzen baizik ez daki izendatzen. Etzen berrikaria. Aitzinekoer atxikia zen. Bazterretarik begien azpirat edo bere esku ederren arterat emaiten zakotenean arrotz zerbeit, urruntzen zitzakon, edo zuen aurdikitzen behatu orduko. Etzuen oraiko neskato gazteen eiterik...

        Erakutsiaren ariaz, balakuz, lausenguz, indarrez batzuetan, har arazten zioten azkenean; bainan ez gogotik. Bertze bat jarria zela iduriturik, zaurturik zaukan bihotza hanitz urtez. Gertatzen ere zitzakon, lehengoaz orhoituz, aldatzea baitezpadako ez kausituz, ez eta pollit, eman zakoten apainduraz higuindurik, uzten baitzuen hau, zaharraren jaunzteko berriz. Mendeak eta mendeak behar zituen bere hartarik den gutiena zeiharkatzeko.

        Hain aspalditik, erakusterat emaiten zuen bazakiela ja egietan handiena, hauxe baita: gure funtsa, gogo mina, bihotz barnea berdin dagozila bethi, larruaren edo larru gaineko apainduren itxurak edo zer izan diten; hok ez direla begietako baizik, eta jostagailu.

        Hartakotz lehenago zen hura orai ere badago, alde orotarik etsaiek zenbat hertsaturik ere baitaukate. Bere haurrer, bere umeer berer indarrekin diharduka; hok, auzo mintzaiek llilluraturik, hizkuntza joritu nahi dakotenean. Adiarazten deie, irri ezti batekin:

        «—Etzaiztela ahalge nitaz. Ez kexa. Xahartua izana gatik, begi onak dauzkat oraino, eta burua azkar. Gauzak, bederazka hartuz edo batek bertzeari datxikitela, dituela berrogoi ta hamar mende bezala diraute. Ginharriz berdin, azalez bakarrik izpi bat aldatuak. Entzun nahi banuzue ontsa, erakutsiko dauzkitzuet nola diren beren izaite egiazkoan, hartarik ez baitira kantitu, ez bahinere eginen. Nahi duten bezain urrun eta barna hel ditela ikerzaleen behakoak, nik erranen deiet ikertu edo hatzeman uste duketen guzien erroa.»

        Elhe gutiz, holaxet, gure eskuara xaharrak baderatsa gizonek dazkitzaten eta jakin ditzazketenak oro. Eskual-herrian, guziz jende xehearen mintzaia balin bada, jakintsunek ez dute hoberik beharrenaren elgarrekin ihardukitzeko: gauzen zolaraino hel dezakelakotz, eta laburzki, bere hizkuntzaren argia.

        Hanitzak eta hanitzak badira, bizkitartean, ohartzen ez zaizkonak, oroz gainetik gure herritar eskola apur bat hartu dutenen artean. Beren mintzai ederra bazterrerat utzirik, bertzetarat lerratzen ohi dira, ardura batere beharrik gabe, handiarena egin nahiz. Zoroak hek, beren amaren esnea ukatzen baitute!

        Bertze batzuek ahulkeriaz, alferrez, beren mihiaren jabe ezin egonez, nun nahi, noiz nahi, nola nahi, erdaratik emaiten dakote, nahas-mahas itsusi ezin jasanezko bat egiten dutelarik; ezin baititeke adi ere, okaztagarriz.

        Badira eskuararen irakurtzea bera halako bat zeienak; hok, burutik badutelakotz, urrikalgarri baizik ez baitira.

        Bainan makur mintzatzea baino goihengarriagorik baduzu. Zer erran izkiriatu nahi ez dutenentzat izkiriatzen ez dakitenentzat! Hok ukatzen baino gehiago dute: egiten diote laido.

        Ordu litake eskuarari gei den amodioa eman baginezo, jarraik baginitzozko mihiz, lumaz, bihotzez.

        Hemengo gure oihuek, bizkitartean, ez dakarkete holakoetan gibelondo handirik. Lana du galdegiten, mintzai bati zor zaion atxikimendua erakutsi nahi zakonean, haren gogoan, ahoan, eskuan erabiltzeak.

        Haur danikako lana, egun guzietakoa.

        Behazu alabainan nola diren buruan sartzen bertze mintzai guziak, dela frantses, dela español, dela angles, dela aleman. Lehen hitzak, amaren belhaunen gainean, amaren besoetan entzunaren ariaz ditu beharriak hartzen. Hitz goxo amultsuak, bere bizian, eta hiltzeko tenorean ere, hek bezain oso ala garbirik ez baitu atxikiko bere baithan gizonak!

        Etxean aditu elhe, othoitz, kantuek laster emendatzen dute andanaño hura. Bainan xuhur lagoke, bizitzeko harat-hunatarendako eskas, haurrak ez lioke handitzearekin eskerrik, baldin neurri hartan balauka.

        Bere lagunekin egunetik egunera finka ez baleza ere eta usu, hor heldu zaizko ordean eskolako urteak, zointan aitamen lekuko batek xuxenduko baitako mihia, trebatuko hatzean ezarriko bethierekotz, ephe berean hizkuntzaren bai irakurtzen bai izkiriatzen erakutsiko diolarik. Liburuetarik buruan hartuko ditu jakintsunen amets eta erran xoragarriak. Luma eskuan, hek bezala egitera lehiatuko da.

        Zorigaitzez Eskualdunek ez dezakegu holakorik. Hemen, adimendurat heldu orduko, erdarari behar du jarri haurrak, eskuara ez dezakelakotz eskola-emaileak onets: egin ahal baleza ere, ez bailezake eskuarak, bere zaharrean, haurraren izpiritua idek oraiko mendetako gauzen itxurer. Etxekoak eta apeza ez balitu, hastapeneko mintzaiaren ahanztea luke haurrak, edo alderat uztea.

        Iduritzen zauku hargatik eskola-emaileak, eskualduna delarik, aitamen ordaingoa errexki bethe ahal lezakela, bere nausien manuer berdin jauspen ekarriz. Zendako ez, erakusten ari delarik, frantses edo españolari, hauien hobeki argitan ezartzeko, eskuara poxi bat jarraikaraz? Batetik bertzera jauzika, haurra ohart litake. Bi hizkuntzak elgarren ondotik ezpainetan erabiliz, adi lezake bat bederaren soinu berezia. Bere etxekoetarik dauzkan elheen izkiriatzeko tirria jin lakioke, eman lezokete behar orduan; ikusiz, gogoan har bailezake zer begitarte duten erdarazkoek eta hek, zertan berdina, zertan ez.

        Ez gabiltza bizkitartean ametsetarik. Gure herri ttipietako eskola-emaile guziak eskualdunak balira ere, eta eskuararen aldekoak, heiekin labilkeno guti lezake maita haurrak eskuara: haurregi litakelakotz alde batetik, eta bertzetik izpirituari nekez lotzen ohi baitzako zerbeit, ez bazako egun guziez emaiten hartaz alhapide. Hortarik adiarazi nahi baitugu ez derabiltzagula —ezin bertzez, maizenik— aski ardura gure haurrak eskolan.

        Etxetik jalgitzen denean nunbait geldi geldia izpirituaren alhatzeko, hala nola herri-nausi gehienetan ditugun eskoletxe tarroetarat, hemen egiteko; orduan, aiphatu dugun sailean bermatzeak uste dugu eman lezaken ondorio zinezkorik. Hanbatenaz ere non hango buruzagiak bere jabe baitira, beren gain ari. Urte guziez hogoi egun, zer diot! aste bat bera bakarrik eman balezote eskuararen irakasteari, dela ahoz, dela lumaz, zer haziak ez litzazkete gerokotzat eragin!

        Irakaspen garbia emaitekotan haatik, bakuna, edo zoinek errexki buruan sar eta koka lezaken bat; guziz izkiriatzeaz bezenbatean, huntan berriki danik hartua duen itxura baldin ez balakio begira eskuarari, pollit bezain garbia baitauka eta ezin gehiago garbia, laster bazterrerat utzia bailitake eta galdua.

        Zendako ere, delako eskoletan, ez litake artetik hitz bat aipha gure lurrak jasanik dauzkan gertakariez, sorthu dituen gizonez, erabili dituen itzulikez, bederen azken mende hotan? Zendako ez izenda Eskualdunek bururatu esku-lan miragarriak, ikertu leihorrak, neurtu kantuak, piztu ala pairatu gerlak, agertu liburuak, beren artean jenden ala ontasunen alderateko finkatu lege zuhurrak?

        Horrela, jende xehea balago ere, bethi bezala, bere sor-herriaren omenaz jakin gabe deus, bere lurraren maitatzeko ez ukanki harekin egun guziez borrokatzea baizik, apur bat eskolatzeko ahala luketenetan bederen baginintuzke nun nahi Eskual-herriaren zaintzale, Eskual-herriaren gizon ager litazkenak, ahoz, lumaz, buruz, bihotzez.

        Noiz goitituko othe gira, gurez gure, bertze gizaldeen neurrirat?

 

aurrekoa hurrengoa