www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

TRATUAK ORDU BATEZ

 

        Egon zirea behinere merkatuetan gure laborarier beha, kabala buru bat saltzeko dutenean?

        Goitzetik helduak dira, argiko jaikirik mendi xokoan. Bide guai oinez iragana dute, beren hura sokatik; akituak, kexu, ahulduak, haskari xume bat egiten dautzute hanxe, aberearen aitzinean xutik.

        Eta bethi xutik badaude eguerdi artio, han berean, erostuna noiz agertuko zeien. Bazkaria tokiaren gainean, haskariaren iduriko, ez balin badute lagunik nehor; orduan, aberea haren eskuko utzirik, ostaturat baitoatzi, eta jan baino gehixago edanik (maiz dena ere ahal bezalakoa) bazkaldu direlako ustearekin baitire atheratzen.

        Bi orenetarik goiti haste, zinez, merkatua. Arte hartan ikuskari, usainka, haztaka baizik ez ibilki erostunak.

        Heldu zako bada azkenean gure gizonari hotarik bat, kitzikatzera. Solas alfer andana bat erabili ondoan, orok sortzetik gogoz dazkiten batzu, badoatzi biak, erran eta erran, ostaturat, hemen trenkatuko dutela beren gora-behera. Arnoa edan, gero kafe, gero aguardient zirrista bat, eta tratua bethi hein berean. Zintzurra larrutua, barnea sutan, beharriak tutaturik ezin elgar adi gehiago, bai eta iduri samur, bizkarra itzultzen dute, jalgitzearekin, batek bertzeari.

        Gure laboraria bere aberearen ganat. Harat orduko, bertze erostun bat kitzikan. Elhe hanitz, itzulika, harat-hunat, estakuru, ikertze, zimardika. Lapurtarraren mihia, nork erran lio? Baxenabartarrarena baino zalhuago, Ziberotarrarenari gaihentzera. Alo, goazin berriz ere ostaturat, antolatuko girenetz!

        Atheratzen dira laster, deusik ezin eginez, pint'arnoa hargatik zanka zanka husturik, basoak elgarri joz.

        Gure gizonak bere behia ezin sal. Lotsatzen hasia da. Berantzen ari du. Egarria bertzalde gaixtoago baizik ez. Lagun batzuek baderamate xamarretik berriz ere barnerat. Han erasten dituztenak, xuxen edo makur, egun hartako kabalen, merkatuaren, hunen eta haren gainean!!...

        Bainan, handik athera deneko huna nun aitzinera duen oixtiko erostun hura bera, lehenbizikoa. Hasten dira berriz gataskan. Eta berriz ere, hamar liberako baten ez-baia nolazpeit gertatuz, sartzen biak ostatuan. Edariak barnean erakitzearekin mihia zabaltzen baitu, etzazula uste ukan berehala aditzen dutela elgar. Egiten dira bizkitartean noizbeit. Saltzen da behia.

        Etxerat abiatzean, hor agertzen zako gure laborariari auzo herriko ezagun bat. Nola utz hura, harekin hustu gabe baso ttipi bat karrikako ondar etxean?

        Heltzen da azkenean, ilhun beltzeko, bere mendirat. Behaztoparik gabe, xuxen, bertze egunetan baino hargatik apur bat airosago.

        Bizkitartean merkatu egun hura guzia galdua ukanen du bere lanendako. Bere buruari edatearekin eta kalapitan eman dako akit aldi bat. Biharamunean egon beharko da gemenik gabe eta hits. Horra bi egun galduak.

 

* * *

 

        Bertzelako arak dituzte Nortamerikako laborariek, lekutan bederen.

        Han sal-erospenak, hamabortz, hemezortzi urtetako mutiko gazteen gain doatzi. Aita familiakoari doako etxean egoitea, bere lanetik ez dadien aldara, bere bizipide eta irabazia begira ditzan osorik. Semea zako joaiten merkaturat kabalekin, haur izana gatik behar den guzia badelakotz.

        Goizarekin egiten dira tratuak, odol hotzean baitu gizonak kaskoa bere, nihoiz ukaitekotz. Atherbe handi batzuetan dira kokatzen oro, abere eta jende, iguzki ala euritik maldan.

        Sartzean kabalak pizatzen dituzte, denak. Gero baderamatzate zoin tokitarat iduritzen ere baitzeie, eta harat: baitira lau barrio, abereen oneziarena araberan eginak. Hoberenak lehenbizikoan kokatzen dira, lerroan, xarrenak azkenean. Mutikoek laster ikasten dute, begira, zointarat behar dituzten batzu ala bertzeak berezi.

        Erosleak, saltzaleen adin berekoak hek ere, erran dutan bezala, badabiltza ikertzen. Hotz eta motz, arras elhe gutirekin. Merkatua hasi gabe ezarria da athean, auzo hirietarik jin galdeen arabera, orok irakurtzeko menean, zenbat egin dezaken egun hartan kiloak: hoberenak, onak, bierartekoak, hala-hulakoak, baitira lau mota, aiphatu dugun bezala.

        Hamarrak irian joiten da xilintxa bat. Haste tratua! Ez dute mutikoek buruaren den gutiena akitzerik. Bakotxak badauka eskuan liburu ttipi bat, hartan kondu guziak eginak baitire aitzinetik asti edo jakitaterik ez dutenendako. Hunenbertze kilo dea behi hunen hazta? Ederki: egungo saltzapenaren neurrian, aberea hauta delarik, heldu da hunenbertze urre. Gutixago, arinago balin bada edo haragi arruntagokoa. Hitz batez, zer ere emaiten ahal baitzako eta izari hartara dute dirutzen. Hameketan, bertze xilintxa ukaldi bat. Hanbat gaixtoago, hura jo eta, aitzina jarraikitzen denari. Ez dute haizu utziko gizon batzuek, eta bertzalde haren sakelak jakinen du zimiko baten berri.

        Merkatua husten dute orok. Kalapitarik gabe, jan edan eta elhe alferretarik begiratuz, denen onetan xuxen egin izan da, ordu batez, hanitz mila liberakoren tratua.

        ...Ez dautzut erraiten. Manex, ez dautzut erraiten hola behar gindukela egin guk, egin dezakegula ere hoinbertzetarainokorik Eskual-herrian.

        Derratzut bakarrik Nortamerikan nola den.

 

aurrekoa hurrengoa