www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Buruxkak
Jean Etxepare Bidegorri
1910, 1936

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Buruxkak, Jean Etchepare (Isabel Arrigainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUARA POXI BAT

 

        Bazkari handi batean nintzan, dituela bortzpasei hilabethe. Mahain ederra, jende hanitz, eta ez edozointarik.

        Ondarrerat horra nun, nik dakita nola? eskuarazko bi hitzen gatik nahasten diren denak. Hau irakurtuko dutenetan orhoit ditazke zenbeit, ordu bat osoa iraun zuen guduak; oro irriz, bainan tinki atxikitzen bakotxak bere hura.

        Nola behar da erran: aitzkatzea, ala haizatzea? Hori zuten beren arteko eztabada.

        —Ilhunarekin norbeit ikusten dutelarik erdi gordeka leiho batetarik hurbiltzen, zer egiten dakote mutiko gazteek? zuen galdegiten bazkaltiarretarik batek. Haizea bezala ez dutea handik igortzen: Haizatzen?

        —Ez, zakon ihardesten aldeko lagunak. Ba ordean harri edo aitzukaldika handik iraizten aizkatzen.

        Hitz hunen erroa bitxi iduritu zitzeien bizkitartean gehiener. Zioten etzela eskuara. Bizpahiru ziren bakarrik, azkenerat, ama batek bere umea bezala zaintzen zutenak.

        Gutiak izana gatik, hok ziren zuhurrak. Ezen Eskualdun zahar zerbeit dakitenak alde dituzte, bai eta liburuak.

        Aitz, haitz, harri, oro bat dituzu, haukien arabera. Harri handi, mendietako kotorrer, erraiten ohi zuten behiala aitza, Baigorriko eskualdean; berdin harri xeheer, Aldudan. Hortik aitzkatzea, erran nahi baita harri ukaldikatzea.

        Jakintsunek baitiote, noizbeit, lehenago, burdinari ohartu aitzinean, gizonak aitz edo haitz zorrotz batzuekin urratzen zuela lurra, ageri da nola gure arbasoer mihirat jin zitzeien hitz hau: aitzurra, edo haitzurra. Hastapenean erraiten bide zute: aitzlurra, haitzlurra; bainan emeki emeki jan zakoketen hitz huni zer ere baitzukeen ahokotzat gogorrik eta hura, athera baitzen: aitzurra, haitzurra.

        Gure oihanetako zuhamu orok dakigunari, aldiz, etzako erran behar haitza, bainan ba haritza.

 

* * *

 

        Aiphatu dut oixtian Baigorri. Lehenago, herri hau deitzen zuten Ibaigorri, neguko uharretan horko ur handi edo ibaia Bankako lurrak gorri ezartzen zuelakotz, arabez.

        Hitz horri ere jendeen aho, mihiek, jan zakoten —ez direnez gaixtoak!— hastapeneko ia.

        Xahar eta gazte zenbeit aditzen ohi dira bizkitartean oraino Baigorrin, diotenak, ezpainak ontsa idekiz: Ibaigorri. xuxen bezain pollit baita.

        Halaber da Baionaren izen egiazkoa: Ibaiona.

 

* * *

 

        Eskuara begitarte hobea zuken bainan larderia gutiagorekin seigarren manamenduak, ezarri izan balitz:

                Ñapur izaitetik berautzu

                gogoz ala egintzaz, likiski.

        Badira xuri, beltz, gorri, urdin, hori, nabar, ubela; bainan zoin hitzek erran dezaguke belharraren itxura?

        Eskualdun gehienek diote belharra pherde dela, edo ferde, ohartu gabetarik hitz hori frantsesari kendua diotela, hunek latinari beihala egin zion bezala.

        Zenbeiti aldiz adituko deiezu eskuarak ez daukala, ez duela egundaino ukan, hitz berezi belharraren itxurari doakonik.

        Gure iduriko —nahikundeak egiten othe daukunez?— bada hortako hitz bat, asko lekutan oraino derabilatena: hura da «muskerra».

        Alabainan, suge-angela pherdeari erraiten ohi diote eskualde hetan: muskerra. Muskerra halaber, oraino irintzeko dagon edozoin udare pherderi, bildurik hortzen artean karruskatu aitzinetik, —urrunera agertzen den ber, girtainetik dilindan.

        «Muskerra» eratxikitzen da beraz udare gordinak daukan itxurari.

        Belharrarena berdin izanez, zendako ez ginuke hitz beraz adiarazi behar? Zendako ez othe dute hitz beraz adiarazten aiphatu leku hetan beretan?...

 

aurrekoa hurrengoa