ÜDOIEN PROZESAREN KHANTORIA
(1841-1842)
Bi berseten huntzera nüzü abiatzen
Donaphaleüko jaunik arraruenen;
Egün hurak beitira jinik Barkoxen,
Ahargo gañiala aidiaren hartzen;
Han denetik sortzen
Badire bizitzen,
Ez dire gizentzen,
Sanorik beitira etxerat ützüliren.
Jüstizia jin zira egün Barkoxera,
Hanko atenterek plazer beitzien hala;
Bena jüja izezü haien prozesa,
Bakia ükhen dezen Üdoien gogula,
Ahargo zabala,
Mendi komünala,
Oro dezan zerra,
Lürrez aserik hel dadin zelüko borthala.
Üdoien aizuez nüzü estunatzen,
Nulaz bere deseñian dien trublatzen;
Ützi ükhen balie, harek betzeitzen
Haien atendak oro phezuez zerratzen,
Ezarten betzeitzen
Bildürik arratsen
Kabaliak etxen,
Eta phakü hura haiek ez estimatzen.
Donaphaleü da egün florisan,
Zeren jüstizia abitatzen den han;
Han bada President bat eztenik izan
Ez halako süjetik kumarka hoietan;
Lagünak ber gisan
Ditizü akitan
Bere kargietan,
Holako erregelarik ezta jüstizietan.
Felizitatzen zütüt, Musde Vivie,
Donaphaleün zira aspaldin jüje;
Estatü horrek deizü hanitx uhure,
Haboro ükheiteko zirade kapable;
Aberats zirade,
Banitate gabe,
Jenteki afable,
Ordenariz jente handik holako ziradie.
Musde Vivie jaunak hartü zin espusa
Pariseko depütatü baten arreba;
Nahi balitz izan kargian gora,
Hura ban belüke, ai zer hegala!
Bena düzü hura
Sobera abilla
Beitaki segida:
Anbizione gabe dena dela irusa.
Musde Vivie Jauna balitz andrekari,
Aisa egin lirozü hanitx erri,
Filosomiaz beita ilüsi garri
Eta domenanta profetak üdüri;
Bena eztü nahi
Egin desplazerik
Bere Madamari
Ez eta laidorik zelüko Jaunari.
Felizitatzen zütüt, Musde Frederik,
Donaphaleün ezta defensür hoberik;
Zurekila dütüzü Barkoxeko tritik,
Zuri gomendatürik komünaren altik;
Zure ispiritik
Badira sendorik,
Bere phenetarik,
Üdoiek eztikezü zure axurkikarik.
Musde Basterrexa zer defensüra, zü!
Arrazu gaxtua (ere) zük huntü gei düzü;
Orai ere hala egin behar düzü,
Üdoien intresa maite badüzü;
Partidak bazaitzü
Jarri nahi khexü
Gorago mintza zü,
Emazte gaxtuak (ere) senharra hala goitzen dü.
Berset horik egin tit ahal bezala,
Enilakoz süjetek zien eskola;
Bena haiek badie bonür harekila,
Huntarzünak handirik, kargütik arranda,
Ni hütsik sakola,
Nahigorik lüis bat
Süjet haier beha,
Berriz (ere) egin neikie nik haier kobla.
|