BERTSO BERRIAK SENPELARREK JARRIAK
Tonkineko obispo jaunaren bizitza, Balentin Berriotxoa,
Zenturian martirizatua, 1861'garren urtian,
Santu Guzien Egunean, Elorrioko naturala.
Milla zortzireun irurogei ta
au zazpigarren urtia,
Kristo zerutik jetxi zanetik
oneraño bitartia;
iru obispok pasatu duten
martiriyuaren fuertia!
penagarriya izan da oien
munduko errematia.
Baten bizitza kanta dezadan
au da bigarren bertsoa,
Elorrioko naturala da
Balentin Berriotxoa;
aita ta ama Bizkaian daude,
semia an il da gaizoa,
salbajietan kunplitu zaio
eriotzako plazoa.
Amairu urtetik amabostera
estudiyo bat ikasi
gero aitaren ofizioa
erakusten zuten asi;
gogoa zeukan apaiz eginda
naiago zuela bizi,
tormentu gutxi mundu onetan
eztu beregan ekusi.
Berrogei urte orain zituen
gertatu balitz bizirik,
ogei ta zazpi lendabiziko
estudiatzen asirik;
seminario batera joan zan
karpintero ikasirik;
negarrez nabil aren pausoak
ezin adierazirik.
Seminario eder batian
Logroñon apaiz egiña,
beste guziak bañan lenago
ikasirik esamiña,
buru abilla izanik eta
fede santurako fiña;
negarrez urtu laitake artaz
akordatuko bagiña.
Ogei eta lau urte zituen,
etzeukan memori illa,
kolejiyoko maisuak beziñ
estudiante abilla;
obispo jaunak ezaguturik
justua eta umilla,
agindu zuen meza emanta
erretiratu zerilla.
Goizeko labak jotzian meza
eman ta konfesiyora,
barau egiñez obra onetan
pasatzen zuen denbora;
pobrerik iñoiz etortzen bazan
eskian atal ondora,
bere ogia ari emanta
deboziyua gogora.
Logroñon meza eman zuen ta
Elorriora etorri,
predikatzen da konfesiyuan
bere erriyan zan jarri;
Azpeitiyako San Inaziyon
bisita egin du sarri;
azkenerako arren pausoak
ziraden lastimagarri.
Suertatu da gure Balentin
San Inaziyon sartzia,
pensatu zuen ango Padria
adbertentzian jartzia
nola nai zuen Santo Domingoko
zeukan jantziya artzia,
ia fabore egingo ziyon
al bazuen ekartzia.
Ango Padriak maite izanik
ipiñi zuen kontuan,
agindu ziyon sartu zerilla
Okañako komentuan;
bire guziyan eskian joan zan,
gaubak askotan kanpuan,
bere korputza azotatuaz
allegatzen zan lekuan.
Allegatu zan Okañara ta
eman zioten jantziya,
berak nai zuen korputzarentzat
alako penitentziya;
munduko gauza guztiyak beti
alde batera utziya,
neke trabaju naigabietan
artu du pazientziya.
Gure Balentin Berriotxoak
egin zituen pausoak,
konsideratzen jarri ezkero
dirade lastimosoak;
beti negarrez Jesusengana
zabaldurikan besoak,
aren biotza konsolatzen du
zeruko usai gozoak.
Pasiatzera etzan joaten
komentuko lagunakin,
etxian zeukan tertulia ona
errosario birekin;
bere korputza martirizatzen
azote diziplinakin,
oraziyoak baliyo badu
zeruan dago Balentin.
Bakardadian oneraño zan
Balentiñen istoriya,
Okañatikan Manila ziran
zortzi ministro abiya,
barkuan ere sufritu dute
makiña bat komeriya;
biotza penaz urtu laitake
ez baldin bada arriya.
Okañatikan Manilaraño
barkuan bost illabete,
jakiña dago izango zala
asko leguaz aparte;
zortzi ministro oien artian
au zan sobresaliente,
gure Balentin ango maisuak
obispo nonbratu dute.
Ango Padriak agindu ziyon
esku-bidia artzeko,
predikatutzen asi zerilla
kristandadian jartzeko,
konfesiyo ta barau-egunak
animaz akordatzeko,
pekatuaren mantxa Judasen
kalabozuan sartzeko.
Artua jan ta ura erari
arri gañian lo egin,
beti Jesusi erregututzen
gutaz akordatu dedin;
kristandadia nai zuenari
konfesiyoak eragin,
jakiña dago salbajiakin
etzeguala atsegin.
Erreinu artan gobernadore
salbajien nagusiya,
Jaungoikoaren bildur gabia
estranjeriyan aziya;
relijiyoko fede santuan
jarri nai duen guziya,
agindu zuen plazan kentzeko
ezpatarekin biziya.
Garagarraren lendabiziko
goizian ziraden asi,
arratserako bost milletatik
etzan granorikan bizi;
fede santuko kristabak iltzen
zituenian ekusi,
Balentin bere lagunetara
abiatu zan igesi.
Pedro Almato eta bestia
Jeronimo Hermosilla,
gero Balentin Berriotxoa
saltatu zan oben billa;
iru obispo juntatu ziran,
zeukaten biotz umilla,
aien bizitza laster izan da
martirizatuta illa.
Arrapatuta kate gogorrez
lotuak zeuden elkarri,
iltzeko eman sententziya ta
kartzela banetan jarri;
soldadu-tropa baten erdiyan
gero plazara ekarri,
ezpatarekin lepuak moztu
dizkate lastimagarri.
Orretarako eskatu zuten
ordu beteko lekua,
Jaungoikoari egin artian
beren ofrezimentua;
gobernadore batek eman du
pena kastidarekua,
iñor oietaz damutzen bada
bertan kentzeko lepua.
Iru obispo oien korputzak
ogei eta lau orduan
iduki eta enterratuak
urrikaltzeko moduan;
Orientalko probintziyan da
Jeudat deitzen dan lekuan;
erregutzen det aien animak
gerta ditezen zeruan.
Orra ogei ta lau bertso berriyak
ejenplo eder batian,
oroipengarri kanta ditzaten
pekatarien artian;
ai, gure Jesus, eskatzen dizut
grazi au errematian:
komeni da ta sartu gaitzazu
zeruetako atian.
1867
|