|
BERTSO BERRIAK MUTIL ZARRAREN BENTAJA EGI ETA GARBIAK
Dozena bat bertso berri
gaztien konsolagarri
nere mingaña sano dan arte
nai nituzke jarri;
begiratuaz alkarri
andrerik ezin ekarri,
mutil zarraren despeida zer dan
esango det sarri.
Egon zaitezte aditzen
zartuta nola gabiltzen,
gazte denboran ezkondu gabe
erraz da gelditzen;
oraiñ ajiak berritzen
indarrak ere urritzen,
soldata gabe oraiñ jarri naiz
anaia serbitzen.
Anaiak nauka mendian,
konñata aldamenian,
gazte denboraz akordatzen naiz
sasoia joanian;
ez det gularik janian,
gau ta egun beti lanian,
ondo egin da esker gaiztua
gero azkenian.
Illobak nauka arrotza:
«Ua emendik orrontza!».
Nekia franko, esker gaiztua,
alimentu otza;
soldata gabe morrontza,
begiratua zorrotza,
animosua ez dago mutill
zarraren biotza.
Iñork nai badu ikasi
nere lirua ikusi,
mutill zarraren testamentua
irakurtzen asi;
illobak dauzkat nagusi,
indarrak juan igesi,
onez aurrera orien mende
biarko det bizi.
Ezurrak zaizkit gogortu,
belarriak ere gortu,
modu onetan mutill zarraren
enbidia nork du?
Andrerik ez nuen artu,
oraiñ anparo biartu,
fraile naita're ezin niteke
komentuak sartu.
Engañatu naiz ederki,
merezi baño obeki,
neskatxak ere ez dirate nai
aterik iriki;
badute milla aitzaki,
gaztiaguak izaki,
estimaziyo txarra nola dan
mutill zarrak daki.
Mutilla bere zarrian,
neskatxak ere indarrian,
egun guzian aien pardelak
nere bizkarrian;
gero illunabarrian
estimaziyo txarrian
ibiltzen naute soñeko galtzak
kendu biarrian.
Lenago erromerian
dama gaztien erdian,
jita ta bira ibiltzen nitzan
panparroikerian;
oraiñ tristura begian,
nago estado erorian,
pipa bat artu ortzian eta
suaren guardian.
Mutill zarraren pobreza
iñork ikusi nai-eza,
eskarmentua duenik bada
konsidera beza;
bakardadedo tristeza,
nork izango ez du pereza,
illobarentzat utzi bearra
bere interesa.
Nik daukadan ganantzia
badaukat nori utzia:
bi alkandora, galtza pare bat,
anaiak autsia;
au da esperientzia,
munduko diferentzia,
multil zarrari tokatzen zaio
orlako jantzia.
Orra illoba gaztiak
nola dauzkadan trastiak,
irabazirik ez du izango
oiekin sastriak;
enredo eta nastiak
orla dagoen tristiak,
ala ere ezin eskarmentatu
nerekin bestiak.
Onekin amairugarren
premizia edo amarren,
ondorenguen eskarmentua
egongo da emen;
ezkon zaitezte lenbailen,
sasoia juan baño len,
orra nik esan mutill zarraren
istullua zer den.
|
|