|
BERTSO BERRIAK JESU-KRISTOREN PASIUARI JARRIAK
Fedeko egia bat
kantuko moduan:
zer pena pasa zuan
Jesusek munduan;
ia, nere kristauak,
aditu kontuan:
izan bearko genduan
zerutik kanpuan,
Jesukristo ill ez balitz
gurutze santuan.
Pazkuaren aurreko
ostegun-gaba zan,
Jesus odol isurtzen
egona baratzan;
baldin bere Aitaren
borondatia bazan,
eriotzatik libratzia
posible ote zan,
ezetz esan zion da
oso bildurtu zan.
Jesus ordurako zan
Judasek saldurik,
baita bere anima
betiko galdurik;
judu odol-zaliak
gaizki informaturik,
etzioten arkitu
iñun pekaturik,
preso eraman zuten
sokakin loturik.
Ogei ta amar dirutan
egiñik tratua,
Judasek saldu zuan
Jaungoiko justua;
bere gaizki egiñaz
txit ernegatua,
piko batetik soka
lepotik lotua,
ostiral-goizian zan
Judas urkatua.
Ainbeste soldadu tzar
Jesus lotutzera,
andik eraman zuten
Anasen etxera;
gero berriz Kaifasi
presentatutzera,
zer dotriña zedukan
kargu artutzera;
zerutik jatxi zala
gu salbatutzera.
Pensatu zuten, Jesus
zalako erua,
buruan sartutzia
arantzaz korua;
ainbestez etzan ase
Kaifasen gogua,
Pilatosi biraldu
Jaun Soberanua,
onek egin zezala
iltzeko modua.
Pilatos jarririkan
Jesus juzgatzeko,
bañan ezin billatu
kulparik iltzeko;
gero agindu zuan
azotatutzeko,
eriotzarik gabe
ala libratzeko,
bañan agindu zuten
gurutz-iltzatzeko.
Bost milla ta geiago
azote lenbizi,
alako martiriorik
ez du iñork ikusi;
tormentu oiek danak
emanik Jesusi,
gero eraso zioten
berriz Pilatosi,
gurutze baten puntan
bear zala josi.
Ainbeste desafiyo
aditu onduan,
Pilatos bildurtu zan
alako moduan;
jartzeko gurutze bat
Berari lepuan,
Kalbarioko mendira
arekin dijuan,
Pilatosek sententzia
ala eman zuan.
Gurutze bat emanik
Bera jositzeko,
Kalbarioko puntan
an ikusitzeko;
Jesus korformatu zan
danak sufritzeko,
borondatez biziya
emen utzitzeko,
munduko pekatuak
erremeditzeko.
Jerusalengo kale
orietatikan
mendira artu zuten,
sokaz loturikan;
pauso bat ezin eman
gurutze-petikan,
Jesusen enpeñuak
ziran gugatikan,
libratziagatikan
gu pekatutikan.
Kalbarioko mendi
bide gogorrian
iru bider erori zan
Jesu-Kristo lurrian;
bere Ama Santisima
zijuan aurrian;
ikusirik Semia
ezin egiñian,
zer pena egongo zan
aren barrenian!
Laguntzeko artu zuan
Simon Zirineo,
ojala pensatuko
balitz egunero;
ibilli ez gaitezen
damututa gero,
Simonen pausuetan
jarraitzia dago,
bost aldiz aditzen da
kulpitotik klaro.
Allegatu ziranian
mendu santu artan,
iltziakin josi zuten
esku ta oñetan;
zeru-lurren jabea
gurutze orretan,
gure salbazio-eske
Aitari benetan,
zeñi etzaio jartzen
biotza penetan?
Amabietan zuten
kurutzian jarri,
zorrak pagatutzeko
pekatariari;
erregu egin zion
Aita Eternuari,
arren barkatutzeko
aren etsaiari;
orra zenbat nai zigun
Jesu-Kristok guri!
Zer pena pasa zuan
Jesusek gugatik:
zintzilika iru ordu
gurutze batetik;
lantza sartu zioten
bular sagradutik,
ala ere biziko zan
oiek danakgatik,
borondatez il zan gu
salbatziagatik.
Kunplimentu emanik
Jesusek lanari,
pekatariakgatik
artu zuanari,
San Juan utzi zion
bere ordez Amari,
espiritua berriz
Aita Eternuari,
despeira egin zion
mundu guziari.
|
|