BERTSO BERRIYAK XENPELARREK JARRIYAK
Denen partetik laguntza on bat
galdetzen diyot Jesusi,
pekatariyen bizi tristia
nai nuke adierazi;
bataiatu giñan momentutik
genduen zerua irabazi,
anima garbi iduki dezagun,
eztu galtzerik merezi.
Mantxarik gabe dijuazenentzat
badira toki ariñak,
bera amatuaz dabillenentzako
gure Jainkuak egiñak;
arrosaiuak debozioz esan
eta guardatu dotriñak,
zeruko erreinuan sartu gaitezen
egiñ ditzagun alegiñak.
Oraziyo onak egiñaz obe
degu denak umiltzia,
Jesusek berak e asko nai digu
mantxarik gabe ibiltzia;
betiko ez gera mundua onetan,
etorriko da iltzia,
pena izango da nork bere faltan
anima ona galtzia.
Asko alditan aditzen degu
jeniyo txarrak uzteko,
konfesatu ta damua artu
aurrera ez geiago asteko;
garbi apaindurik jarri gaitezen
mundua onetan besteko,
aingeruak daduzkaten pozak
guk beurekiñ ikusteko.
Pekatu egin-ta galduak giñan
erremeiorik ezpazen,
konfesatuta barkatzen dira,
premiya degunak guazen;
damutasun egiazko batekiñ
penitentziya egiñ zuzen,
azken orduan mantxarik gabe
garbi presenta gaitezen.
Billeratako dismuluan
dauden soñu ta baltsiak,
animarentzat katian dator
gorputzen gustora ibiltziak;
ondore txarra berekiñ dakar
toki gaiztora biltziak,
ai zer lastima emando guen
betiko ditxa galtziak!
Erretira txarrian gabiltzanak
askotan gaban gau erdi,
iñork ikusten ez gaituelakuan
egiñaz edozeiñ pikardi;
orlako jeniyuak dauzkaunak
uzten baditugu garbi,
zeruko birian aingeruak
egingo digute argi.
Obra onak egin nai dituenentzat
badaude komenientziyak,
dakigulikan asko ditugu
zabarkeriyaz utziyak;
alferrik gero izango dira
negarrak eta antsiyak,
luzarokuak ez gerala emen
egon giñazke etsiyak.
Gutxina eztanian etorriko da
oso sententzi tristia,
egunez edo gabaz igual,
ordu jakiñak eztia;
gure anima ainbesteraño
Jesus onari kostia,
azkenian ba pena izango da
Luzifer orri uztia.
Etsai gaixtuen kalabozuan
sartutzen bagera baldiñ,
betiko sutan aien mendian
egon bearra ezta atsegiñ;
katez loturik penatzen beti,
iñundik eziñ igesi egiñ,
denbora dala zuzen gaitezen
orlakorik gerta ez dediñ.
Umildadian ibilli bada
Jesus onan izenian,
bire okerrak utzi alde bat
eta segi zuzenian;
konformaturik jartzen bagera
garbi eran esanian,
estimaziyo ona izango degu
emendik guazenian.
Denbora dala mudatutzia
obe degula gogotik,
denen maisuak orlako ordenak
biraltzen ditu zerutik;
odol guziyak ixuri zituen
denak salbatutziagatik,
pentsa dezagun Jesusek zenbat
sufritu zuan gugatik.
Ainbeste pena sufriaztia
ai zer gauza itsusiya!
azotez ebaki ta intzi bat gabe
artu zuen pazientziya;
iru iltzekiñ lau tokitatik
gurutze bati josiya,
gure onagatik modu onetan
utzi zuan bere biziya.
Jesus maitia kulparik gabe
orra guregatik illa,
Josefatara etorriko zaigu
anima justuen billa;
azken juiziokoak duanara
juango gera zenbait milla,
beste ordenarik eztigu ematen:
gaiztua ondu dedilla.
Amabostgarren bertsuarekin
orra azken errematian,
relijiyua aumenta dediñ
garbi ibilli gaitian;
justuak dauka konsuelua
mundua ontatik juatian
betiko glori ederra gozatzen
aingeruakiñ batian.
|