|
ZERTARAKO ZABILTZA AITZAKIYEN BILLA?
Dama orrek pausuak
gustaturik dauzki,
eztuela dantzatutzen
zortzikuan gaizki,
egin dualarikan
egiñalik aski,
aspertuko lituzke
orrelako zazpi.
Begiratu ederra du,
zankua galanta,
orren gorputzak eztu
ezer ere falta;
begira neskatxa orren
dantzarako planta
airoso altxatzen du
ezkerreko anka.
Nondinai somatzen du
soñua asita,
zergatikan daguen
ondo ikasita;
pozik egingo niyoke
gabero bixita,
ezpaleuka gelako
atia itxita.
—Pozik utziko nuke
atia irikiya,
etxian ezpangenduke
txakur salatiya;
bakarrik itzitzen naiz,
banuke tokiya,
enaiz bada mutillen
oso beldurtiya.
—Ori besterik ezpada
zuk dezun beldurra,
dama gaztia, etzait
batere ardura;
artzen baldin badet nik
eskuan egurra,
laister ixilduko det
nik zuen txakurra.
—Txakurra illagatik
kuidadoz, galaia,
bestela askiko nago
zuk eta nik naia;
beti etxian daukat
ama eta anaia,
lua egiten dute
biziro ernaia.
—Ama eta anaia
erretiratzian,
aixa gorde ziñezke
atian atzian;
iñoren beldurrik ez det
nik zure etxian,
etorriko nazaizu
biyar arratsian.
—Eskopeta kargatuta
atian atzian,
anaia an egoten da
ni oiera artian;
etortzen bazerade
zeretzat kaltian,
egon biarko degu
besteren batian.
—Kontuz eruki zazu
ati orren giltza,
iztari asko zure
ondoren dabiltza;
ustez emanagatik
ezkontzeko itza,
oraingo mutillakin
kuidaduz zabiltza.
—Oraindikan ez daukat
ezkongai sobrerik,
ez aberetsik eta
ain gutxi pobrerik;
biyotzian zarauzkat
ondotxo gorderik,
zurekin ezkonduko naiz
ezpadet oberik.
—Neoni joango nitzake
emendik Madrilla,
zu bezelako dama
perpillaren billa;
igual salduko nuke
soñeko armilla,
erositziagatik
zure pantorrila.
—Abiratzen bazera
emendik Madrilla,
pasa biarko dezu
Burgos ta Abilla;
itzak ederrak eta
amoriyo illa,
zertarako zabiltza
aitzakiyen billa?
|
|