SOINU-KETA
Griñak oro gauak estali-eta,
Harat hunat noa, burua gogor,
Begitartea hits, bisaia mokor.
Banoa herrestan gau-soinuketa.
Oro lo, oro beltz, bertzerik ez maiz.
Zure ateari xoilki dario
Argi eta soinu: banoakio
Erortzen nitzaitzu erranez: «Ni naiz».
Eskua luzatuz xutitzen zira.
Bozkarioz, argiz osoki itsu,
Zurekin jartzen naiz, irriz, dohatsu;
Eta soinu gozoz xoratzen gira.
Luze nago luze soinu aditzen.
Banoa, banoa ez dakit norat:
Gora airez aire mundutik harat,
Ez baitakit-eta zer ari naizen.
Ametsetan, nagon gau ezti hoitan
Zer ari naiz: irriz ala nigarrez?
Ez niza ke urdin egina tanpez?
Ez niza ibilki gora airetan?
Xoraldi hoikien nere laguna,
Erradazu nola soinuek ote
Beharria unkiz egiten dute
Zeruan bakarrik gerta daitena?
10-39
Baionan
|