ARBASOEN DEIA
Oihana intzirika
Entzun dut mendian...
Auhena airatu da errekaz erreka,
Ikaraturik joan da ihesi pottoka,
Neronek egin nuen harperat lasterka.
Oihana intzirika
Entzun dut mendian...
Urratu daut bihotza
Oihu samin horrek.
Haitzen erroek edan odolaren botza
Jin zaut harpe hartarat. Oi zer gau beltz latza!
Aitek ikasi dautet beren zorigaitza.
Urratu daut bihotza
Oihu samin horrak...
Aitek zeru lurreri
Zioten nigarrez...
«Zertako ixuri dugu bada, odola ixuri?
Euskaldunak zatitan direlakotz jarri,
Herria ez zaiote orai maitagarri.»
Aitek zeru lurreri
Zioten nigarrez...
Otoi, urrun zakizkit
Intzire sarkorra!
Aiten arimak, nundik jinik ez dakit,
Zirimola batean hor iragan zaizkit...
Ilunbetan bihotza urtzerat doakit.
Otoi, urrun zakizkit
Intzire sarkorra!
Etsitzen nuelarik
Harpean nigarrez,
Bet-betan agertu zait behere hartarik
Argi xuri zirrinta, urrez gorriturik...
Laster haizatu baitu gaua haitzetarik,
Etsitzen nuelarik
Harpean nigarrez.
Gure Euskal-Herria
Ez zaiku, ez, hilen.
Argiak jabaldurik oihan beltz guzia,
Xutik oihu egin dut, atzarriz mendia:
Euskadik izanen du bere iduzkia!
Gure Euskal-Herria
Ez zaiku, ez, hilen!
Uztaritzen, ...-3-38
|