AMETSETAN
Ametsetan gaur aitu naiz,
—Gertatzen baizait maiz—
Iduzkia urrunean
Urtu zen urean,
Suzko iturri luze bat
Ixuriz plaiarat...
* * *
Betbetan itsaspetik zait iri bat ageri
Ur ondoan ikusten dut asko arrantzari;
Emaztekiak karrikan dire oro jarri,
Barkuen sare handiak antolatzen ari.
Etxe ttipi batzuetan dire denak bizi;
Bela eta arrauekin urean doazi;
Emaztekiak kantatuz etxean dagozi:
Gaur lehengo Donibane dut berpitzarazi.
Xoraturik iri hortan, haize bat bezala,
Jende eta gauz orori behatuz nabila,
Bihotzetik hasperen bat maiz doakitala:
«Zorigaitzez Donibane ez da orai hola...»
Hor, hegazpean atxo bat zait gero agertzen:
Ohakoño bat higituz ari da kantatzen:
«Lo, lo, ñiñi, egizu lo; ar indarren biltzen,
»Lehen ongi, orai gaizki baikare bizitzen.»
Jin bezala suntsitu zait iri maite hori...
Ur ondoko ilunbetan naiz tanpez atzarri;
Pergolako soinu hori errepikan zen ari...
«Lehen ongi, orai gaizki atxoak haurrari.»
Zertako ba soinu horren entzutearekin
Zertako hasperenka has eta oihu egin?
Euskalduna harpetarat berritz itzul dadin?
Ez, atxoa, berri gaiten mende berriekin.
Zu lehen, gu orai, gauden Euskaldun, atxoa.
Hemen gaitz xarmegarri bat hedatuz badoa,
Bainan, Donibane, beha harat: Jaun Goikoa...
Lehen ongi, orai, gaizki, gurea geroa!
Larresoron, 2-7-38
|