PERTSUTAN
Nahi nintuzke denak pertsutan ezarri.
Zuhaitz azpi batean aurkitu orduko,
Begiak zuri, xutik, pertsuka naiz ari.
Nere begi hitsari agertzen bazaizko
Lillura zerbeit edo bihotz bat amultsu,
Ezinbertzez sutan da pertsuka hasiko.
Hori gabe bizia hain da hits, hain pisu...
Doi bat airatu gabe egun bat ez nauke,
Hain dut airaldi hoitan gogoa dohatsu.
Orroit-minak harturik atsegin banuke,
Nere pilpirak oro pertsutan banitu...
Egiazko pertsu hoik nork eman detzazke?
* * *
Bihotza ahurrean, Herria, huna ni
Huna ere zuk eman gogoño suharra:
Aski trufa dautzute trufaka eskaini.
Begia amesten zait, banago begira...
Gaur lo pisu hortarik has zite jeikitzen
Eta argi, aberats zatozkit barnera.
Sort-herriko bazterrak, ar zaizte mintzatzen.
Zuen gogoeta hok jauzaraz bet-betan,
Lurpe ixil hortarik nitan sar ditezen.
Eta pertsularien tanpezko su hortan,
Arkaitzetarik sortu Euskara harturik
Gaztentzat emanen dut Herria pertsutan.
Larresoron, 16-7-40
|