MAITE ZAITUT
Aiten etxe hegazpean gaur ilunik nintzen jarri,
So eginez Lapurdiko gain larrutu ñabarreri;
Xoraturik hegazpean naiz oihuka xutik ari:
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Haurretikan dut maitatu Aitorren lur gozo hura.
Jaz «Ez maita» erran zuten: banindoan hil hobira...
Ez nakien maite nuen; bainan egun diot gora:
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Etxeko haitz zaharrari osto ainitz joan zaizkio;
Adar luze eihartu bat zeru alde doakio...
Halatsu da Sort-Herria. Oi bihotzak ilun dio:
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Aitek eman eder hura herriari joan diote:
Gazte askok ergeldurik ja eskuara utzi dute;
Ezker, eskuin, nerekilan, gutik erran lezakete:
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Husten ari da onborra; noiz arte da haitza bizi?
Azken muskil itzaldunak oritzerat badoazi...
Zer egin ba? Nere ahal guziak gaur huntan dauzi:
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Nik harentzat pekoz gora ditut oro ezarriko.
Oi, ondikotz! zertako dut basa-ostoz estaliko?
Ez, bizia zain hiletan horri eman behar zako.
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Erranen dut nekazailer: «Iraul bozik zure landa.»
Gazter berriz: Egon garbi: ederra da zure enda.
Bihar apez izanen naiz: haitz zaharra biziko da...
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Beso hil bat luzatzen du bortz exurrak zabaldurik;
Jainkoari Sort-Herria oihuz dago ezindurik.
Beso hori muskildu-ta, hil nahi dut aitorturik:
«Maite zaitut Sort-Herria.»
Arbona, 1-9-38
|