ZATO NERE GOGOA!
Ilun-nabarreko aizexka bazoan sorroz sorro
Eta belarren daldara hil zait bihotzean...
Arbonako gainttoan xutik, ileak harro harro,
Xoraturik bainindagon iduzki sartzean.
Ametsetan nindagon ala bizi nintzen ez dakit,
Bainan halako goxo bat lurrari zarion,
Oraino atseginez zainak daldaratzen baitzaizkit:
Bai, lurrari gau azantza hortik entzun nion.
Bazterrak berdintzen, iluntzen ari dire:
Han mendi ñabarrak itzal dire bilakatu,
Goiko azken lano gorria histen ari da ere.
Tanpez ditut sasipeak entzun dena sistu.
Orgak patarrari behera intziraka doatzi,
Nekatzailea ari da segaren xorroxten
Eta behiak marrumaka etxe alde datortzi,
Haurraren deia nunbeitik baitute entzuten.
Oiharzunari ehausika zakurra zaio ari.
Horra nun nexkatxa boz bat airez aire doan...
Barna sartzen zait baserriko gau eresi hori:
Mundua, zoin goxo zaren lokartzerakoan!
Gogoa lanodun herrian arinik zait ibilki.
Azantza baino gorago badoa ezkila:
Direnak oro otoitzean ari dira extiki
Nihau otoitz egina niz... airetan nabila!
Hotz ikara batek ametsa joan daut eta...
Gaua ............................ Lurra ............
....................................................................
Zato, nere gogoa, zato! goazen laster hotz baita;
Goazen suko sorgin dantzen luzaz ikustera.
Zato, nere gogoa, zato! bai, utz ametsak oro.
Ez has orai intzirika; zato bizitzera.
Elgarrekin saindu gitezen, jinen baitzaiku gero
Argi zabala darraikon, goiz ilun-nabarra
Baionan, 21-10-38
|