URTE BERRI
Artxiloko gainerat nitzaitzu etorri.
Hatsanturik aspaldi naiz oihuka ari.
Nagusitu nitzaio itsas-orroari:
Zato, zato, Urte-Berri!
Su-gar lilluratzailen ke berotik urrun,
Zure begira nago izotz sarkor huntan,
Bihotza intzirika ta gogoa ilun
Geroaren ilunbetean.
Besoak zabal nago gaur zure begira,
Elgar besarkatzean baitzaizkit hetsiko.
Zure jauntzi ñabarren petralak noiz dira
Itsas mugan mainatuko!
Zorionez jauntzirik zato, Urte Berri!
Olarro hegaldunak, gogoeta beltzak...
Kentzen ari daizkote nere odolari
Indar eta esperantzak.
Zertako bada dautazu berantets-arazten!
Hurbildik entzuten dut tirainen oldarra:
Beren dretxoak-eta finkatuak diten
Langileak jeiki dira.
Errumes ezinduen auhen deiadarrek,
Gerla burrunba latzek ikaratzen naute
Eta aize sistuen intzire sarkorrek
Hilen deia deramate.
Errazu, aztaparrak ba ote dauzkatzu
Bihotzen xehatzeko? Lazten nauzu orai...
Urte-Berri, begiak nolako ditutzu
Dena odol edo arrai?
Ilunbeak haizatuz Artxilorat jin zait
Ileak harro-harro, jin zait Urte-Berri:
Bi besoak luzatuz erraiten daut: «Garrait».
Dena nigar, dena irri.
«Garrait... Garrait» diote harpeek eztiki...
Uhainek bereturik beren harrapoan
Hitz hori itsasperat dute eramaki
Sekulako bas-orroan.
Garrait... eta bakea noizko dugu beraz?
Bizkitartean orai, ez gaitezke lokar,
Euskal-arima baita elgarren indarraz
Uholdetik zaindu behar.
Leihorreko arkaitzak erdi janak daude;
Itsasoak bazterrak ondatuko ditu.
Aintzinekoer nolaz hainbertze uholde
Ez zaizkote nagusitu?
Uholdeari traban emogun Euskara.
Guri da aurten, guri, borrokan aitzea;
Garraitzeko hor dugu, tiraineri gora,
Artxiloko Gurutzea!
16-12-38
|