OREN BELTZA
Aste sainduz
Nardatzen nau iluntzeak: hets, otoi, hets leihoak.
Geroaz bai eta lanoz gaur hasi naiz asetzen.
Ametsik aski egin du nere buru gaizoak
Guziak auhen batean baitire akabatzen...
Orai nere gela ilun, gogoa ilunago,
Kurutzeñoari buruz belauniko begira,
Orotarik urrun, behex, istan bat mutu nago
Eta nere gogoetak doi bat argitzen dira.
Hor ilunpetik uste dut zerbeit ikusten dutan:
Bai hurbil, agertzen zaizkit gizonen zorigaitzak.
Zenbat odol, zenbat nigar, munduko bazter hautan!
Ez du bakerik izanen nehoiz ene bihotzak?
Aski, mundua, gorde zak baisai minddulin hori.
Beraz gutarik bakotzak bihotzminak baditu;
Ametsetan baizik ez da zorionik ageri?
Eta zuk, Kristo, zertako duzu hola pairatu?
Gaur, bakarrik ilunbetan, belauniko zinauden;
Auhenez, besoak luze, zerbait urrundu nahiz...
Beha nere zorigaitza bezalakorik baden
Itotzer zinen jadanik odolez eta lohiz.
Kurutzea dena odol duzu ikusten hurbil
Eta guziz, pean duen gure lohi gizena...
Kristo, badakit guretzat behar zinuela hil,
Gure gainerat ixuri odol baliosena;
Bainan baratze hartako ilundura beltz horrek
Zertako dautzu etendu eta zaurtu bihotza!
Saindutzen ote zituzten auhen luze horiek
Ameslarien auhenak, ororen zorigaitza?
Bai, ikusten dut zertako nere oren beltzetan
Ardura erortzen naizen kartsuki belauniko
Eta kurutzeñoari so egiten diotan
Nere bihotz zaurtuaren goxatzeko, pizteko.
Dohatsu dohakabeak, bozkaria zaitezte!
Kristo, gu bezala jautsiz ilundura hortarat,
Gure bihotz gaixoeri gaur hurbildu zaiote,
Harenari lotu eta, doazin loriarat.
Bai, zabal leihoak, zabal: bazterretan gaua da.
Begiak arrai behatuz, zoin den eder gau beltza!
Pitz zaite, nere arima, entzuten baitut jada
Igandeko loriaren urrungo arramantza
Baionan: 39
|