BEGIAK
Begiak ilun, begiak gorri,
Guziak zaizkit etorri,
Dang, dang jo baitu egun ezkila
«Gerla ote dugu gerla?»
«Ez dakit eta...» Gerla gauz latza!
Zoazte, urtzen zait bihotza.
Ez zadazue hola begira
Zoazte, noan elizara.
«Jauna, Jaun ona, oi, zoin argiak
Diren gizonen begiak!
Entzun nezazu beltz edo urdin
Hetarikan urrun dadin.
Bai, urrun dadin gerla beltz hori
Irriz dauden biziari.
Bai, irriz dauden edo bederen
Gerlarekin hets ez diten.»
Ondikotz! jada jo dut ezkila.
Bai, begi maiteak «Gerla!»
Zenbatek dute beren behako
Xoragarria galduko!
Nigarrek, suek janen dituzte
Bainan... ikusiko dute:
Zeruko argiz beteko dire
Gerla beltzak hilik ere.
Gerla-ezkila zinez jo ondoan
3-9-39 Donibanen
|