«Euskara, Euskara,
Jalgi hadi kapora!»
(Detchepare, 1545)
Euskara, oi, Euskara! zutan da gorderik
Mendez mende egoki Euskaldun gogoa,
Ez baitzaioke hurbil kanpoko gezurrik.
Euskaldun gaitzen karra, amaren goxoa,
Itsas, mendi azantzak dauzkatzu, Euskara.
Zu zare arbasoek utzi hats beroa.
Begiratzen gaitutzun mintzaire xaharra,
Gazten bihotzetan dena su ta soinu
Pil pil ari zareno gutan zer indarra!
Kanpozale baikare geroak lazten nu,
Bainan itzal litake arrotzaren menta
Doakizun jauntzia gaurgoiti bazinu.
Ez egon ilunpean, zato jauntziketa,
Urrez eta iduzkiz beztiko baitzitut.
Ager zaite, Euskara, xuti-ordu baita.
Argi zirrintan joanik bilduko dauzkitzut
Loreak, hitz beroak eta zeru pindarrak,
Nere bihotz pilpirez josiko baititut
Ager zaite, Euskara, utz pilda zaharrak;
Emazu ba soinean jauntzi kartsu hori,
Gaindi egiten baitaut nere gazte karrak.
Pago buruak apal, ibaiak kantari,
Mendi leizeak soinuz, zeru gaina sutan,
Burua gora eta nausi erdarari,
Zure mendi zokotik jauts zite pertsutan.
2-6-41
|