JAUNGOIKOA ETA ARBOLA
Fueristak gera, eta izango,
mundua mundu dan artean;
sentimentu au bizirik dago
betiko Euskalerrian,
naiz eri izan gure anima,
gaude soseguz bakean;
ikusiko da gure arbola
zutik egunen batean.
Mendietako raza noblea
gaur buru makur begira:
beti izan da fueroen legea
euskaldunen anima.
Argitasunik ez da ageri;
zerua dago iluna;
libertadea esan kantari
il arte maita dugula.
Zoaz, D. Karlos Zazpigarrena,
urrun bai gure lurretik;
Ez dezu uzi guretzat pena
eta tristura besterik;
Lutoz negarrez ama gaisoak,
Ay! ezin konsolaturik;
Ez degu nai ez geiago ikusi
zori gaiztoko gerrarik.
Euskaldun onak bear du eriotza
bila bere sorlekuan;
lurra da ama; maitatzen bada,
sartuko zera zeruan;
sinistu, maita, izan fedea
gure liburu santuan,
eta arbola biba orain eta
eriotzako orduan.
Amodiozko lege santuakin,
gorroto gabe biotzean,
Iberiako gure anaiekin
bizi nai degu bakean.
Gure izatea eta ondasunak
dira arbola maitean.
Libertadea maita dutenak
betoz gurekin batera.
Egunen batez agertuko da
gure goizeko izarra...
bere odoietan inguru dela
Jaun Zuriaren itzala,
Eta orduan zainetan bada
Ibero zarren odola
biziak eman esanez biba
Jaungoikoa eta arbola.
Arren! ez bada galdu esperantza
gerturatzen da eguna
nazioen liga edo alianza
da ikusiko duguna.
Orduan gora Kriston legea
Errespetatzen duguna.
Bai, Euskaldunen borondatea
da errien anaitasuna.
|