XL. Oihan landatuez
AITAK: Tokiaren gainean sorthu den arbola, landatua baino hobeki heldu dela, ez-da hori gauza dudakoa. Bainan badira larre hainitz ezin-phezoinezta daitezkeenak, lekhuak ez-duelakotz manatzen. Eta bizkitartean damu laiteke arbolentzat ona den tokia alferrik uztea. Halakoan landa zazu arbola.
SEMEAK: Ez-da alabainan bertze biderik.
AITAK: Ez, ez-da, eta dugunaz behar gare baliatu.
Larre hertsi-gabean egitekotzat larraina, mindegi bat nahi da landa xokho zenbaitetan. Huna nola lothu behar den lan horri.
Udazkenean, hezkurra zohitu denean, erortzen diren hezkur ederren guziak biltzen dira, eta etxe-zokho batean ezartzen lur harro puska batekin nahastekaturik, primadera arteo. Gaztainarentzat orobat da. Hola eginez gaztaina eta hezkurra fresko dagode. Ez-dira galtzen.
Zohitzen diren bezain laster eraiten balira, sahatsuriek, luphekoek eta bertze asko marmutzek hekietarik hainitz xahu lezakete.
Toki batzuetan, barrika buruz-gorakoetan urarekin ezartzen omen dituzte, eta hala ere irauten omen dute galdu gabetarik.
Erran izan darotzut haritzak ez-duela bertze asko zuhamuk bezain ongi ethorri nahi sorthu den tokitik aldaratzen bada. Hori heldu da erro nausiaren dainatzitik; atheratzaileek bihurtzen eta trenkatzen dute.
Huna zer egiten den haritzak eta gaztainak sorrarazteko erro nausi borthitzik gabe.
Mindegia egiterakoan hezkurra eta gaztaina mihauria buztantzera uzten dira, gero haixturrez mozten dira buztanak. Holako hazitik ez-da erro nausirik heldu.
Mindegizaleak badira bertze lan bat egiten dutenak. Mindegia erain, eta bigarren urthean, phala-herra zorrotz batez erroak luphean berean laburtzen dituzte sei pusez azpitik. Ni ez-naiz ausartatzen lan horri: huts egitea errex da, eta beldur naiz mindegia iharrazteaz .
Gure tokietan, mindegian luzezegi idukitzen ditugu haritzak; gothorregitzera uzten ditugu landatu aintzinean. Horrek hainitzak galtzen ditu.
Haritzak ez-du mindegian bortz urthe baino gehiago egon behar.
Atheratzean ez-dezazula erabil tira-biraka, ez-dezazula bihur. Athera zazu emeki, artha handirekin, erro xehea hautsi-gabe.
Erroak phorrokatuz eta bortxaka erabili den landareak ez-du berriz lurrean ezartzea balio; hain on laiteke makhila bat landatzea; biek ondorio bera izanen dute. Surat ematea laiteke laburrenik.
Ikhusi izan ditut arbola landareak oihanetarik atheratzen bertze tokitara eramateko. Ez-da hori ona. Halakoak maiz gerthatzen dira uste baino zaharragoak: haritz gazteari ontsa lotharaztea bada aski lan, lan alferrik erabili-gabe zaharrekin.
Oihan baten landatzeko gogoa hartzen duzunean, zilhoak larrean urthe bat aintzinetik egizkitzu.
SEMEAK: Zer! horren goizik?
AITAK: Batere ez-da sobera. On handiak heldu dira hortarik.
Alde batetik, arte-marteka astia duzunaren arabera hari zare zilho egiten.
Bertze aldetik, iguzkiari eta hormari joarazten dioizkitzute zilhoa eta zilhotik athera duzun lurra. Axola den gauza da hori: lurra ontzen duzu hola gasturik batere gabe.
SEMEAK: Sinhesten dut hori. Ezen zilho bat egin buztin-lur batean, berehala han sar lur onetik heldu den landare mamorra et[a] buztin hotz puska batez estal..., ezagun da aski garbiki ez-dela hori lan ona.
AITAK: Ez-du laborari onak holakorik egiten. Harek zilhoak aintzinetik daramizki eta lurra jotzen du barna. Zilhoak behar du pia bat eta erdi beheiti eta bertze hainbertze zabal.
SEMEAK: Hori hainixko diozu hemengo gizonentzat; gehienek ezen beren poneten heineko xilhottoak egiten dituzte.
AITAK: Egia soberatua! ene semea; eta hortarik heldu da landare hainitz hiltzen baita. Hori guzia nagikeria baten ondorio ederra da.
Hola egiten dutenei etzaitezela begira, eta ikhusiko duzu zure aita zaharraren errana on atheratuko dela.
Huna beraz zer egin behar duzun.
Azaleko lurra ezar zazu alde batera, barnagokoa bertzera.
Huna berriz nola landatuko dituzun arbolak, ordu hura ethorria dukezunean.
Hasteko, zilhoaren erditsuan sartzen duzu phaldo bat, eta phaldoaren aldean ezartzen eta estekatzen duzu landarea behar den neurrian, lasto zamuka batekin lokharriaren eta ondoaren artean.
Orduan, erroak ontsa antolaturik, gainera ematen diozute lur hobeena, dituzun iratze, othe puska eta hosto ondar guziekin; lurrik txarrena ematen duzu azkenerat.
Gero elhorriztatzen duzu landarea eta ondorat ematen inguru hekietan diren harri guziak.
SEMEAK: Zer egiten dute harriek?
AITAK: Landare landatu berriek hezetasuna nahi dute lurrari lotzekotzat.
Harriek hezetasuna biltzen dute; hekien azpia ez-da behinere ez idor, ez tinko; ur gehiago edaten du uria denean, eta hola inguruko lurra baino hezeago eta harroago dago. Aria hortaz landareak hobeki baliatzen dira hezetasunaz eta aireko onez.
Hortaz bertzalde, harriek ez-dute uzten zothala landare gaztearen azpian egitera eta arbola ontzen da, jorratzen balitz bezain ongi.
SEMEAK: Harri hainitz behar laiteke hortakotzat; eta diozu jorratzea bezain on dela harri ematea. Nik ez-dut nihor ikhusten arbola jorratzen.
AITAK: Harria ez-da non-nahi kausitzen: den tokian baliatu behar da.
Diozu ez-duzula ikhusten arbola jorratzerik. On dute bizkitartean eta oihanak hemen baino arthatuagoak diren tokietan jorratzeak egiten dituzte arbola gazteen ondoetan. Hori baino gehiago! ura ere ematen diote, ahal den lekhuetan azei eta bertze baratzekariei bezala.
Lan horiek ez-dira baitezpadako lanak; horiek on handia dakharkete, eta ez-dira egin-gabe utzi behar errextasun bat den tokietan.
Arbolak landatu dituzunean, ondoko urtheetan ez-badiozute deusere artharik ematen, galtze handiak eginen dituzu. Haletan lehenbiziko lanak ez-dute hainitz balio. Etzare hanbat argituko horren gainean zure herrian ikhusten duzunaz. Hemen laborariak ez-daki arbola tratatzen. Hargatik erranen darotzut zer egiten den bertze tokitan. Asko gizon argitu jarraiki izan dira oihan landatzei: hekien erranetik mintzatuko naiz.
Aspaldidanik ohartu ziren arbola baten erroak eta adarrak, batzu bertzeen arauka direla. Adar hainitz duen arbolak, erro hainitz; adar guti duenak, erroa xuhur.
Landare bat atheratzen duzunean mindegitik, ez-ditu bere erro guziak berekin eramaten. Ez-duke orduan bere adaburuaren hazteko indarrik, eta horrengatik moztu behar zayo kapeta. Horra nola egiten den landatzerakoan.
Bainan gero hemengo laborariak huts handia egiten du arbola landatuari utziz ethortzen zaizkon adar guziak.
Hola eginez, zur motzik baizik ez-da heldu; eta geroago egiten diren hutsen ariaz, zur hekietarik gehientsuei barnea galtzen zayote.
Huna nola. Laborariak utzi ditu adar guziak; noizbait arteo ez-da ohartzen azpikoak aphalegiak direla; zahartzearekin, adar hekiek luzatzen eta jausten direla; traba egiten dutela. Orduan laborariak ikhusten du ezin utz daiztekeela hala. Mozten ditu beraz adar lodituak eta arbolari egiten dioizki zauri batzuek behinere sendatuko ez-direnak. Zauri hekietan abiatuko da usteldura, eta emeki-emeki barne guzia galduko da.
Baldin adarrak ez-badira oraino aski lodituak ezin-sendatuzko zauriak uztekotzat, halere laborariak ez-du izanen zur motzik baizen, hastetik landarea ez-duelakotz goiti bidatu.
Zur motzak ez-du luzeak bezalako baliostasunik.
SEMEAK: Hori begien bixtako gauza da.
AITAK: Garbi ageri den arren, hain gare tontoak non bethi huts bera egiten baitugu. Horrengatik da nekhe egungo egunean laz eta taula gairik bazterretan atzematea.
SEMEAK: Alabainan arbola lodi guti da barnea usteldua ez-duenik.
AITAK: Hori jabearen hobena da. Arbola arthatu behar bidean, sakhailatu du probetxurik gabe.
SEMEAK: Ikhusten dut non den hutsa, bainan ez-dakit zer egin behar den arbolen ongi bidatzekotzat. Argi nezazu othoi horren gainean, ezen nik bederen ez-ditut nagikeriaz utziko horren onthasun baliosak galtzera.
AITAK: Ederki! ene semea; holako gogoa duzunaz geroztik, nik ere emanen darozkitzut behar diren xehetasun guziak.
SEMEAK: Aita maitea, esker hainitz zor darotzut zeren hunela argitzen nauzun. Ernerik banago zure solasari.
AITAK: Arbola landatu-berri batzuei sortzen zaizkote tantayaren erditsutik boteak. Halakoei ohartzen denean, berehala eskuz khendu behar dira. Kapetako muskila uzten da bakharrik.
Huna zer den egiteko bigarren urthe hastean. Hiru edo lau adar hautatzen dira muskilean, kapetako muthurretik pia bat bezala beherago. Hekien inguruko guziak ondo-ondotik mozten dira, bainan ez moko-mokoan diren bote erphilak.
SEMEAK: Zertako bada horiek hola?
AITAK: Zur luzeen izatera hari behar da.
Hortarakotz nausiarazten da adar bat; tantayak adar hartara ekharriz bere indar guzia, luzatzen da goiti xuxen eta zur ederra eginen da.
Halako adarra ez-da moko-mokoan hautatu nahi; ez-dira han hazkarrenak ez-eta bizitoreenak. Bertzalde, arbola landatzerakoan, kapeta moztu izan zayo eta muthur hartan egiten da bethi usteldura zerbait; beraz moko-mokoan uzten balitz adar luzagarria, zurak begira lezake dainu bat.
Beheragodanik hartzen da adar luzagarria eta kapeta muthurrari estekatzen diozu, xut-xuta jar dadientzat. Harekin batean bertze zenbait adar behin uzten ditutzu geroago moztekotan; bertzenaz landarea hil laiteke.
SEMEAK: Ikhusten dut orai. Adar nausia hazkartu denean, arrasatzen dira behin utzi izan zaizkon lagun bakharrak.
AITAK: Diozun bezala. Handik bertze urthean, hori izanen baita hirugarrena, ondotik mozten dituzu adar nausiaren lagunak, bainan ez-oraino mokoko erphilak. Ez-da lasterregi murriztu behar tantaya.
Laugarren urthean mozten dira adar nausiaz bertze guziak.
Bortzgarren urthean motz daiteke adar nausitik goragoko muthurra, bien juntartetik zeiherka gain-beheiti.
Muthur hori hiltzen den bezain laster khentzeko da; bainan bizi dagoeno uztea da hobeenik, zeren adar nausia bethi hazkartuz baitihoa, eta geroago eta errexkiago estaliko baitu muthurraren ebaki-lekhua.
Handik harat, goiti bidatzen da adar nausia, eta horra nola ethortzen diren landareetarik zur luzeak.
|