XXXVIII. Zuhamu motez
AITAK: Zerbaiten egitera bermatu nahi zarenaz geroztik, nik ere emanen darotzut ahal dudan laguntza.
Hasteko argituko zaitut oihanetan diren zuhamuen gainean.
Haritza da herri haukietan ikhusten den zuhamu nausia. Azala, zura, hezkurra, egurra, guziak hainitz onak ditu. Ongi heldu da zoletan eta maldetan, bainan ez mendi gainetan. Sorthu den tokian edertzen da; nekez ematen du tokiz aldatuz.
Ametza haritz mota bat da zurgintzako on ez-dena. Egur guti delakotz gure aldeetan, laguntza egiten daroku; bainan hobe dugu bertze zer-nahi arbola landatzea ametza baino.
Gaztaina bortz-sei urthetan on da ustei egiteko, hemezortzitan barrika egiteko; handik-harat ematen du bere fruitua. Dornadura ederrak egiten dira gaztainaz, bertze obra hainitz ere hirietan. Orok badakigu zer baliostasun duen haren fruituak nahiz jendeentzat, nahiz aziendentzat. Gaztainak lur harroa galdegiten du. Hiratzeak gogotik ematen duen toki guzietan, gaztaina ederki ethorriko da.
Zuharrak ikhusten ditut asko lekhutan, nahiz hemen ez-diren moltzo handika. Bayona berriz alde orotarik zuhar ederrez inguratua da. Zuhamu on bat da zuharra obra guzietako. Ala mendietan, ala zelhayetan, non-nahi ongi heldu da. Hegoa-aldea ez-du hala maite.
Burzuntzari ematen diote asko izen: zur-xuria deitzen dute hainitzek, Probentziarrek makala, Nafartarrek txipoa. Zolaguneak ditu lakhet. Nahiz zuhamu beratza den, burzuntzak badu on handia, zeren lanik eman-gabe laster heldu baita.
Fagoak ematen du mendietan edo zelhayetan orobat. On da urekotzat, bahe eta zethabe usteizat. Orgak ere egiten dira zuhamu hortaz, idorra balinbada. Erretzeko egur on bat du. Fago hezkurretik olioa egiten da; xerriak ere gizentzen dira hezkur hortaz.
Izaya, edo zapina, gure tokietako zuhamurik handiena da eta zuzenena. Iratiko oihanean, ehun pia baino luzeagorik bada. Geriza nahi du lehenbiziko bortz edo sei urtheetan. Aria hortaz, ongi heldu da oihanetako huts-arteetan. Zur arina du, eta nola zuzena baita eta luzea, untzietako eta etxeetako hainitz balios da. Tirrimintin mota on bat ere athera daiteke izayetarik.
Lerra, edo pinoak, aberasten du Kaskoinia. Hartarik heldu dira arraxina, tirrimintina, alkhaterna, zurak, egur ona, haziak aziendentzat. Mendian ethorriko da nola zelhayean, legarrean nola larrean; ez hotzaz, ez beroaz ez-du axolarik. Gure mendiak ikhusi nahi nituzke oro lerraz estaliak.
Urkhia ez-da hanbat on etxe zurerietako, bainan bai benuzeriako, orga eta karrosa egiteko. Hartarik atheratzen dira tresna propiak. Guk egiten ditugu kaikuak, azpilak, ophorrak eta ophotsak. Ruzian, azaletik thanua atheratzen dute, eta izerditik agorient mota bat. Ala patarrean, ala ordokian, orobat ematen du.
Lizarra, gure aldeetan, bakhan ikhusten da berreotarik kanpo; eta bizkitartean zuhamu ederrenetarik da berenez; ona zurgintzako nola benuzeriako. Lur fresko, arin eta gizenetan, arbola gaitza egiten da.
Gaztirraga ethortzen da bizkarretan eta zelhayetan. Ez-du lakhet toki urtsua. Hemen ez-dut nihon ikhusten bakhar batzuek baizik mahastietan, gereziak bezala phaldotzat kozkortuak. Zertako ez-utz handitzera zuhamu eder eta balios hori? Amerikako zuhamu hautenek bezain tresna ederrak egiten dira gaztigarretik. Sekulan ez-da biphiatzen.
Akazia hedatzen hari da gure tokietan, eta oraino lasterrago heda laiteke ongi ezagutua balitz haren baliostasuna. Nola-nahika heldu da. Goizik ematen ditu mahats phaldo hautak. Zalhitzat eta tresna egiteko ez-du bertze zuhamu baten minik.
Haltzak errekak eta aintzirak ditu lakhet; bertze arbolarik ethorriko ez-den lekhu tzarretan heldu da hura, eta sanhotzen du tokia. Ez-du hargatik maite hegoa-aldea. Urekotzat ona da, bainan ez-tresna egiteko, fardoegi da. Obratzeko errexa delakoan baliatzen da kadira eta espalakoin egiteko. Lan feriesa atheratzen da haltzetik.
Heltzaurrak du, guziek dakiten bezala, zurik hautatuena tresnen egiteko. Lakhet ditu toki harritsuak.
Gereziak ere zur ederra du; lur onean ontsa heldu da.
Fruitutako bertze arbolez aiphatuko dut geroxago.
|