XXV. Gisuaz
SEMEAK: Ez-darotazut oraino erran deusere, oroz gainetik aiphatua den onkhailu batez.
AITAK: Zeinetaz ?
SEMEAK: Gisuaz.
AITAK: Horren gainean eman gogo darotzut xehetasun bat, laborariarentzat alferra ez-dena.
Gizon eskolatuek berezten dituzte lur-onkhailu guziak bi izenetan.
Lurra goritzen duten gauza guziak deitzen dituzte ongarriak.
Lurra medeatzen dutenak deitzen dituzte medeagarriak.
Gisuak ez-du lurra gizentzen, bai ordean medeatzen.
Lur buztintsua urratzen eta zathitzen du; bere dorphetasunetik khentzen dio.
Horrengatik lur legartsu eta arin direnek ez-dute gisu beharrik. Hobe dute ongarri eta luhumenda.
Gisua, azpira ezarri gabe lurraren gainean uzten bada, bere balioaren erdia galtzen du, zeren mariatzen baita lurrari bere egin-bidea egin-gabe.
Holetan, zer hari da laboraria? Ez-du balio soinera har detzan gisu-labe egiteko gastuak eta nekheak.
Ongi athera nahi bada, gisua landaratu bezain sarri, hedatu eta azpira eman behar du.
Orduan lurreko hezetasunak mariatzen du; lurrak hartzen du haren hatsa eta zathitzen da. Hola hartzen du bere onkhailu medeagarria.
Ez-dezazula bihia erain, gisua mariatu den aintzinean, zeren ordu hartan ernatzen den haziaren botea erre bailitake. Gisua mariatu den ondoan, eraiten duzun hazia, ederki ethorriko da.
Lur buztintsuek galdegiten dute gisurik gehiena.
Gisuak berotzen eta zathitzen du. Legarrak ez-du berotzen, bainan bai zathitzen eta hezatzen, ura beregana deitzen duelakotz.
SEMEAK: Ez dut ontsa ikhusten nola ezarri behar den gisua landetan. Alabainan iduritzen zait gisu bizia, azpira emateagatik hedatzen bada lehenik, laneko idien aztaparrak erreko direla landa iraultzean.
AITAK: Halaxe da. Ez-da abererik erabilarazi behar gisu bizian. Huna gisuaren ezartzeko bi molde.
Batzuek gisua landetan ezartzen dute meta ttipika eta lurrez estaltzen. Ontsa mariatu ditakeenean, gisua eta lurra phalaz hedatzen dituzte alde orotara.
Bertze batzuek gisua nahastekatzen dute luhumenda edo lur ustelarekin.
Lur ustela samatsa bezala metatzen dute. Orai lur andana bat ezartzen dute, gero gisu andana bat gainean, eta hola-hola azkeneraino. Hogoi edo hogoi eta hamar egunen buruan, landan hedatzen da, eta eraintza egiten da berehala.
Larre-lur gizena ere on da hortakotzat, bainan haintzurtu berriak ez-du hainbertze balio nola usteltzen atxikiak.
Phezoin-asketako lurra da hortakotzat hobeenetarik.
Bainan ez-da halakorik nola gisua hildora saskitoz ematea.
SEMEAK: Gure tokian gisu-labe handiak dira, eta bertze batzuetan hainitz ttipiagoak. Zein dira hobeenak?
AITAK: Handiak.
Behintzat, gisu-labe ttipiak xahutzen du arauka handiak baino errekin gehiago, eta badu handiak bezenbat poxelu.
SEMEAK: Ikhusten dut hori. Bainan, non da onthasuna aski eremu duena, gisu-labe handi bat berehala bero-beroan enplegatzeko? Gisuak ez-du ezen zahartzerat utzi behar; aditzea dut ahul laitekeela.
AITAK: Hala da hori. Gisua zahartzerat uzten duenak ez-daki zer bidegabea egiten dioen bere buruari.
Gisua berriago eta hobeago, nahiz esku-lanetako, nahiz laborantzako.
Ez-du ordean horrek erran nahi gisu-labe ttipia hobe dela handia baino.
Gisu hainitz aldian egiten duena merkeago atheratzen da.
Etxekotzat behar ez-duen guzia sal dezake, edo ordainetan eman.
Ez-dut bizkitartean gisu saltzea hanbat laudatzen. Dirua lerrakor da; eskuetan ere urtzen zaiku nola ez-dakigula. Gisua saltzea baino hobeki egin ginezake bertze bide bat hartzea. Huna nik zer nahiko nukeen ikhusi.
Bi etxeko jaunek elkar hartzen dute. Egiten dute gisua erdizka, lana ere bai.
Partzuergo hortan bia baino gehiago ere sar ditazke. Hainitz laudagarri dira partzuergoak molde guziz. Lanak arintzen dira guzientzat. Deusere ez-da hain ederrik nola batasuna eta adiskidetasuna. Bi gizon partzuer direnean nekhean eta gozoan, adiskide-mamitzen dira; elkharri gogo onez laguntza eginen diote noiz-nahi-den.
SEMEAK: Uste nuke nik ere on handia ethor laitekeela buru hortarik, bai moltsakotzat, bai eta biziko gozoarentzat.
AITAK: Ez-da dudarik. Zerbait erranen dut oraino horren gainean.
Eskal-herriko gisu-labe zilhoek iduri dute Moisen mendean eginak. Luphean zilho bat nolazpait egin, aintzindegi bat eman, eta hara gisu-labea. Mundu bat errekin ez-da hekien berotzeko aski.
Frantzian badira gisu-labeak molde hainitz hobekoak. Gure tokietan ere, teilarietan egiten dituzte labe batzuek zerbait iduri dutenak.
Zertako ez-dugu orobat eginen gisuarentzat? Erranen duzu diru hainitz behar laitekeela. Bainan gariastiak badu bere merkea. Merkearen bilha gabiltzalarik, maiz garastia atzematen dugu.
Bil daitezela zenbait etxeko-jaun; guzien artean egin dezatela gisu-labe behar-den-bezalako bat. Bakhotxari etzayo hainitz bat gostako eta guziek on handia atherako dute.
Herri guzietan behar laizteke kartierka etxeko-jaunak bildu; gisu-labeak egiten dituzte teila labeak bezala; ematen diotzate estalgiak eta egiten dituzte atherbeak errekinarentzat.
Othea aski izanen dute orduan eta aintzinean baino gutiago; ez-dute egurrik beharko eta hekien gizu-labeak ez-dira erdi-erreak geldituren.
Zer errextasunak ez-lituzkete!
Ez-laizteke-ez orai bezain herabe gisu-labe bati lotzera!
Eta zer on handia lurrentzat eta moltsarentzat!
Bainan lehenbiziko gastu horrek lotsatzen gu!...
Bizkitartean kartier bakhotxean bada asko gisu-labe. Ezar baginetza bata bertzearen gainean hekietan egin diren galtzeak urthe bakhar batzuez, diru galdu denarekin izanen ziren kartierean gisulabe berri bat edo bia nik erran bezalakoak. Halakoetan harria osoki erre laiteke.
SEMEAK: Nork daki, aita; menturaz egun batez lan hortan abiatuko gare.
AITAK: Hala biz, ene semea.
|