XXIV. Bertze ongarriez
AITAK: Orai arteo mintzatu natzaitzu xeheki abere gorrien ongarriaz. Gaur aiphatuko ditugu bertze ongarri guziak.
SEMEAK: Bai, aita. Bethi atsegin berri batekin entzuten zaitut gauza horren gainean.
Hori da alabainan laborantza guziko erroa.
Nekhazaleak, zer du jakin-beharragorik?
AITAK: Frantzia beherean, ez-da etxerik egiten priastegirik gabe. Bainan han-ere etxe zaharretan, etzen lehenago priaztegirik.
Alde hetan ez-delakotz hemen bezala ihaurkinik, gu baino ohartuagoak dira ongarri egiteko bide guziei.
Ez-dute beraz jende ongarria bazterrerat uzten; eta ikhusten badute etxe bat priaztegirik gabe, jabeari eskaintzen diote priaztegiak egitea beren diruz hekietako gozoa berentzat altxatzekotan.
Hemen ere, orotan behar laizteke priaztegiak. Korral xoko batean egin daite xoxa ttipi bat.
Hortarik ethor laizteke bi on:
Alde batetik, garbitasuna;
Bertzetik, lurrentzat onkhailu hautenetarik bat.
Frantzia beherean, herrausturik ematen da landetan. Hemen ere hala egin daiteke, edo bertzenaz gainerako ongarriekin nahasteka.
SEMEAK: Bai egiazki, erran duzun bezalako xoxak premia laizteke. Deus ez-da itsusiagorik etxe bazterrak holako zilkhinkeriaz betheak ikhustea baino. Bertzalde gizontasunaren ohoreak ere manatzen du holako lekhu gerizatu bat antolatzea. Ahalkegabea da gizona non-nahi jarriko dena jendearen ibil-bidetan, hitz estalika baizik aiphatzen ez-diren beharretako.
AITAK: Zaldi eta urde ongarriak lazter berotzen dira.
Emeki berotuz hainitzez hobeak atheratzen dira.
Hila bethe baten buruan, lurrei eman dakiozkete.
Luzez atxikiz, galden dute beren baliostasunetik.
Urak eta iguzkiak goizegi ernaraz letzazketelakotz, atherbean behar dute metatu.
Arkhina ere barnean idukitzen da. Idorra balinbada, on du hastetik samats urin zorta batez hezatzea; eta urinik ez-bada, urez bustitzea.
Ongarri hiru mota horiek enplegatu behar dira xuria edo zurmindura abiatzen zayoeten bezain laster. Atherbetan laster egiten da xuria eta bizkitartean ongarri mota horiek atherbean metatu nahi dira.
SEMEAK: Ez ordean heyan berean?
AITAK: Ez hori. Ongarriak ez-du behinere heyan utzi behar; gaixto da azienden osagarriarentzat; eta ongarri haukiek bertzeak baino gehiago.
Ameriketarik heldu den xori ongarria oiloarena baino hainitz hazkarrago da, nahiz bertzelaz berdintsuak diren.
Oilo ongarria etxe guzietan bada eta balio du arthatsuki biltzea, zeren onkhailu beroenetarik baita.
Balaiteke asko erraiteko xori ongarriaren gainean.
Batzuek arrangura dira harbia edo arthoa erre diotela.
Bertze batzuek diote, xori ongarria erabili ondoan, lurrak mehatu eta agortu zeraizkotela; landak pozoatuak dituztela.
Erran horietan badelarik zerbait egiarik, erraileak bizkitartean enganiotan dira.
Arrangura horiek heldu dira xori ongarria nola erabil ez-jakitetik.
Ongarri hori ezartzen baduzu idortearekin, erretzen du.
Ezartzen baduzu aro hezearekin, on handia dakharke.
Gure baratzetako hazi xeheen gainean oilo eta xori ongarriak hauta-hautak dira. Baratzeak ez-du maite ez samaski ez ongarri larririk.
SEMEAK: Lehenago ere erran duzu ongarriak izan nahi duela ontsa ongarritua eta usteldua baratzetara emateko.
Bainan nik aditu izan dudan erraitekorik handiena xori ongarriaren kontra, hauxe da, lurrak errekaratzen dituela.
AITAK: Ez-da hori haren hobena. Huna non den egia.
Zeri ere ematen baitiozu xori ongarria, hari baizik ez-dio onik egiten: erran-nahi da, ez-duela gerokotzat lurra gizentzen.
Arthoari ematen badiozu, arthoa baliatzen da haren indarraz, bai eta ere lurrak bere baithan dagozkien bertze gozoez.
Orduan hau gerthatzen da.
Arthoak bildu du xori ongarriaren on guzia eta bertzeetarik ere bai; beraz lurrak, deus bildu gabe, beretik eman du, eta galtzetan gelditzen da.
Hortarik kontu hau athera zazu; lurra mantenu onean idukitzekotzat, ez-dela xori ongarria bakharrik erabili nahi, luhumenda, eta bertze onkhailurik gabe.
Emozute xori ongarria harbi, ilhar eta artetako uzta xehe guziei.
Bainan luzez lurrean egon behar diren uztek, hala nola artho, ogiek, ongarri goriagoak galdegiten dituzte.
Baldin arthoari eraiterakoan ematen badiozu samaskia aspira, eta sorthu den ondoan xoiri ongarri izpi bat ondora, altxatuko duzu uztarik ederrena, eta lurra etzaitzu mehatuko.
SEMEAK: Orai aditzen dut ongi nola erabili nahi den onkhailu hori. Ageri da ezen laborariaren arrangurak heldu direla, ez ongarri horren gaixtotasunetik, bainan bai laborariaren jakitate eskasetik.
AITAK: Etxeetako herrautsak, morterokiak, khederra, heya zoletako lurrak, karriketako lohiak, hosto, arlantz, liho ondakin, artho zango, guziak onkhailutzat on dira.
Ongarria ere hobea egin laite, hiratzea horitzen hasi orduko ebakitzen balitz. Guk berantegi daramagu.
Itsas bazter guzian gorbela biltzen da. Bainan han laborariak huts handia egiten du gorbela metan utziz usteltzera; ahularazten du. Hobe da berehala lurrean sarthuz. Eta harroketarik baxamarrean atheratzen dena hobea da itsasoak artikitzen duena baino.
|