XXXII. Abereen bazkatzeaz eta gizentzeaz
AITAK: Angelesak munduko laborari guzien nausi dira azienda haztetan eta gizentzetan. Idi bati eginaraziko diote haragia, bertze bati zihoa, nahi denaren arabera.
SEMEAK: Bitxi da hori!
AITAK: Ez zuk uste bezain. Jateko mota batek ematen du haragirat, bertze batek zihorat, bertze batek odolerat edo indarrerat.
Jarraikiz-jarraikiz, begiratuz eta ohartuz, ikhasi dute zer berthute dagokan jateko bakhotxak, midikuek erremedioen eta janharien berthutea bezala.
Laborariak sinhets beza abereak ez-direla jan idorretik lekhora jan hezean bat-batean ezarri behar.
Faruxak eta bazka ferdeak heldu direnean, guti bat ematen da belhar idorrarekin. Geroago eta gehiago.
Bat-batean aziendak janhariz aldatzen badira, ethortzen zayote hantura edo bertze gaitz zenbait.
Orobat, bazka ferdeak akhabatzerakoan, ez-dezatzula abereak bat-batean ezar jan idorrean: bero laizteke.
SEMEAK: Erran diezadazu nola behar diren gizenarazi.
AITAK: Azienda lazter gizenarazten baduzu,
Bazka gutiago aski dukezu;
Lasterrago sarthuko zare dirutan;
Mentura txar gutiago dukezu, ephea laburrago delakotz.
SEMEAK: Hortarik ageri da probetxu hobeak direla denbora gutiz abereak gizenarazten badira.
AITAK: Bay, bainan probetxu horiek ez-dituzu atheratuko, artharik ematen ez-baduzu.
Hortakotzat, emazu bazka guti aldian, eta maiz; ez-eman bethi jateko bera, alda zazu.
Frantzian, aziendei ematen diote belhar, faruxa, trefla, luzerna, allibre, suge-ilhar, ilhar-xehe, zaldi-baba, lur-sagar, pastenagre, beterraba, aza, gaiztaina, artho, olo, garagar, sekhale eta bertze asko gauza; bakhotxak duenetik.
Bihi ematen abiatzen dira hastetik, eta geroago eta gehiago, azienda ongi gizendu arteo. Bihiak egiten du gizenerat hobeki ezenetz belharrak; hunek egiten du gehiago haragirat.
Bihia ehorik ematen dute, nahastekatuz lur-sagar, pastenagre, beterraba, aza edo bertze zerbaitekin, eta gatz liphar batez onthurik.
Azkenerat, irina ur ephelean orhaturik, ophilka ematen dute.
Edatekoa ere epheldurik, zahiarekin eta garagar irinarekin ekhartzen dute egunean bietan. Guk eman dezakegu artho irina.
Batzuek edatekoa gutitzen dute emeki-emeki.
Jan-bidea ttipitzen abiatzen bazayo aziendari, ematen diote bazka ferde puxka bat, gatzarekin eta minagre xorta batekin. Bainan hori aski ez-bada, barur eginarazten diote.
Jatekoa egosirik ematen dute: berthute gehiago du hala. Urde bati eman bazineza lur-sagar gordina, ez-laiteke hain laster gizent nola egosiarekin, eta gehiago xahu zinezake.
Alemanian, Angelieterran eta Frantziako asko tokitan ere, bazka ferdeak prentsarazten dituzte aziendei jaterat eman aintzinean.
Hortarakotz, bazka ebakia ezartzen dute bokheter handi batean, sothoan edo bertze zenbait toki freskotan. Gero urez estaltzen dute doy-doyean.
Zenbait egunen buruan, bazka hori berotzen eta hazten da.
Orduan atheratzen dute eta aziendei ematen.
Bainan, nola jan hori bakharrik emanez, hazkarregia bailitake, artetan lasto, xurikin, belhar idor edo bertze zerbait ematen dute.
SEMEAK: Zertako prentsatzen da bazka?
AITAK: Hobe delakotz dudarik-gabe.
SEMEAK: Hobe balitz, hemen-ere egin laiteke.
AITAK: Ez-da errana, ene semea, hobe diren gauza guziak egiten ditugula. Segur-ere da ez-ditugula egiten. Gauza jakina da hobe dela zuhur izatea, barrayatu baino; langile, alfer baino; laborantza arthatzea, ezenetz nolazbaitka erabiltzea. Bizkitartean, zenbatak ez-dira guthartean barrayatu, alfer, laborari txar? Gure herrietan-ere batzuek beren egitekoetan goiti hari dira, beren lanari esker; bertze asko beheiti, beren artha eskasez. Ez-dezazula uste izan Eskal-herrian dela nihon den laborantzarik argituena: lehenago-ere erran izan darotzut gosetea gindukeela, hemen baino bihi gehiago nihon ez-balitz altxatzen.
SEMEAK: Sinhesten dut egia hori, ezen badira guthartean onthasun ttipian, bertze batzuek handian bezenbat bihi altxatzen dutenak.
AITAK: Bazka berotua hobe den bay edo ez, gerorrek frogantza egin dezakegu.
Hala-nola bazkari on batean jateko gozoenak gutiziatzen baikaitu, aziendak orobat hautatzen dira bazka hobeenaz.
Eman dezoguten beraz faruxa berotua freskoaren aldean, eta dugun ikhus zeini lothuko diren gogotikenik.
Erranen darotzut oraino ez-dutela toki guzietan belhar edo bazka ferdea bokheterean prentsatzen. Taulen gainean, urez bustirik, espalka metatzen dute; eta berotu denean aziendei ematen diote.
SEMEAK: Uste nuke hola ez-dela hain ongi, zeren belhar guzia ez-baita hain ongi berotzen. Bainan, zertako da belhar berotua bertzea baino hobea?
AITAK: Berotzeak ganbiatzen du hainitz.
Arno prentsatua hobea da ezenetz lakoko arnoa. Azienden bazketan orobat gerthatzen da.
SEMEAK: Oray aditzen dut.
AITAK: Ez-da baitezpada gauza aditu beharra; ikhus daitekeena da.
Bazka prentsatua emanez idi bati, hobeki gizenduko da ezenetz freskoarekin. Hori begiz ikhus daiteke.
Badira oraino bertze bi gauza:
Osagarritanago izanen da hola hazten den azienda.
Eta ongarri hazkarragoa utziko du.
Beraz, oraidanik guk-ere bazken parte bat beroarazi behar dugu.
|