XVI. Sorhoez
AITAK: Sorhoak edo phentzeak ardurenik egiten dira zolagunetan, zeren hezetasuna maite baitu belharrak.
Zoletako lurra berenez aberatsena da, zeren urek gain-beheiti ekhartzen baitiote lur ona eta belhar ondakinak.
Ez-da hargatik errana zola guzietako sorhoak onak direla. Badira hezeegiak galtzen dituenak. Halakoetan ethortzen da belhar hila eta ihia.
Ixuria duten lurretan dira sorho hobeenak, bertzenaz lurra ona bada.
Lur agorrean belhar guti biltzen da. Lur hezean berriz belhar indargabea.
SEMEAK: Iduri luke hortarik sorho guti baizik ezin egin daitekeela gure tokietan bederen. Ez-da hemen hein oneko lurrik. Batzuek xutegi, bertzeak urez ithoak... zer egin?
AITAK: Gizonari emana izan zayo antzea baliaraztekotan. Hari dihoakio makhurren xuxentzea.
Zuk diozu ez-daitekeela sorho hanbat egin.
Nik diot berriz etxalde bakhotxean, lurren erdiak gutienetik sorho behar direla.
Ez sorho txar, sorho on.
Gales-herrian, 1690ean, lau milun eta lau ehun mila hektara lur ziren laboraturik, eta lau miliun hektara sorhotan.
1832ean, laborantzak ziren lau milun eta erdi leheneko doblea ematen zutenak; sorhoak zazpi miliun.
1710ean, Angeletierran khondatzen ziren hogoi eta bederatzi miliun azienda buru. Berrogoi urtheen buruan baziren hiru hogoi eta hamahiru miliun.
Bazka egitera hari behar gare, ene semea, nahi badugu ongi athera.
Ez-bada belhar hainitz biltzen etxe batean, lurrek bortxaz beheiti eginen dute; hainitz bada, goiti.
Orai artha berezi bathekin xehatuko darozkitzut sorho-lurren medeatzeko moldeak. Adi zazu ongi ene solasa eta burutan har zazu, zeren laboraria galdua da sorho onik ez-badu eta erreka joko du segurki.
SEMEAK: Sinhesten dut hori: gauza jakina da, belharrik gabe, ez-dukeela abererik; eta abererik ez-duenak ez-du onkhailurik.
Ernerik egonen naiz beraz, zuk galdegiten duzun bezala. Bainan has zaite, othoi, sorho agorretarik; ezen hekiek ahal dira ontzeko gaitzenak.
AITAK: Noiz-nola; ez bethi; ephaitza nolakoa den.
Sorho agorretan badira bi mota:
Batzuek dira patar xutetan;
Bertzeak lur berenez gaixtoetan.
Haukien medeatzeko ez-da bide bat baizik. Lur halakoek behar dute lanthu; eta onthu ondoan, sorho berriz utzi. Aintzinean erran izan darotzut nola ontzen diren lurrak ongarriz eta luhumendaz. Bertze aldi batez mintzatuko gare gisuztatzeaz.
Orai ikhus dezagun nola ontzen diren patarretako sorhoak.
Maldetako sorhoak izanen dira agorrak, zeren aspalditik uharrek larrutu baitituzte beren onkhailu guzietarik.
Uharrak khendu duena, uharrari behar zayo bihurrarazi.
Bideetako eta laborantzetarik jausten diren urak erreketan ekhartzen dira patarreko sorhora. Menditik, oihanetarik eta othardietarik heldu diren urak, ur aberatsak dira. Basurek gizentzen dute phentzea.
Horra nola agorra iduri duen lurrak ekhar dezakeen bazka ona, ordokietakoa baino hobea.
SEMEAK: Orhoitzeko da!
AITAK: Patar xutean urik ezin bil badezazuke, ez-da lekhua on sorhotako.
Bada bertze gauza bat sorhoetan premia dena.
Behar dira ongarriztatu.
SEMEAK: Zer! sorhoak ere bai!
AITAK: Sorhoak ere... Neguan ematen zayote ongarria; eta primaderan, usteldu ez-diren belhar ondakinak arrasteluarekin khentzen.
SEMEAK: Hori handia zait hargatik! Laborari gehientsuek ongarria eskas dute lur lanthuentzat; eta nondik atherako dute sorhoentzat?
AITAK: Alde batetik, asko tokitan lur arauka ez-dute zorho aski. Halakoei dihoakote gehiago egitea, eta izanen dute behar den ongarria.
Bertze aldetik onkhailu hainitz uzten dute galtzera. Bertze egun batez xehatuko dut hori.
Orai nohakizu mintzatzera zolagunetako sorhoez. Zaude bethi erne.
Jendea bethi antzostuz dihoa: egun oroz asmu berriak badira.
Guziak ez-dira on atheratzen; bainan zenbaitek laguntza handiak egiten darozkigute.
Orai arteo zolagunetan ez-ginduen lan handirik egiten. Erreka zenbait ongi edo gaizki.
Egungo egunean molde berri batez antolatzen dira zolaguneak.
Hori deitzen da drainatzapena.
SEMEAK: Izen hori ez-dut behinere aditu.
AITAK: Hemen berria bada-ere, ez-da guzietan orobat. Angeletierran, Belxikan, Alemanian eta Frantzia guzian arrontua da.
Oraikoan erranen darotzut zertako drainatzen diren lurrak et[a] zer on ekhartzen duen; bihar erranen dut nola drainatzen den.
Azaleko lurra hein batean harro dago berenez; azalpekoa tinko, harri xehatuz ez-bada egina.
Gure tokietan, gehienetan bederen, azalpeko lurra da buztina, edo laphitza.
Buztinak eta laphitzak ur guti uzten dute jaustera berak baino beherago.
Beraz, uri-urak gelditzen dira bi lurren artean; erran-nahi da azaleko lurraren eta azalpekoaren artean.
Holetan zolagune eta lekhu ordokietan, ixuririk ez-den lekkuetan, lurrak hezeegi daude.
Udan azalarteko ur hori usteltzen da. Horrengatik ikhusten dira errekak, phentze zoletan, gorrituak.
Aziendek edaten badute holako uretik, berak ere galtzen dira.
Nola bada nahi duzu ona izan dadien toki hekietako bazka?
SEMEAK: Tzarra da-ere egiazki.
AITAK: Phentze horietako belharra ilhauna eta tzarra bada, han eginen diren ogi, arthoak ez-dira hobeak izanen.
SEMEAK: Ikhusia da.
AITAK: Premia da beraz ur galgarri haren khentzea.
Errekek ez-dute ongi khentzen eta toki hainitz hartzen dute alferretan.
Drainadurak khentzen du hobekienik, eta lurrari baliostasun handi bat ematen dio.
|