XXXVII. Oihanen baliostasunaz
AITAK: Oihanik ez-duen etxaldea murritzik dago! Han egurra xuhur; — hezkurrik ez; — behar-orduan, zur puska hauzoan; — urthe txarretan, artho erosteko mozkin biderik nihon ez ageri. Horiek guziak ez-dira laborariarentzat on.
SEMEAK: Egiazki holako etxaldeak ez-du diru hainitz balio; ezen laborantza puska bat izanik ere, behar den bihia ez-da bethi segur.
AITAK: Ez, urrun hortarik! sobera maiz eskasten da.
Bainan oihan ona duen etxeak badu bethi diru-bide.
Oihanak iduria-gatik lo dagoen onthasuna, ez-dago alfer; bethi egiten hari da.
Ez-da onthasunik oihanak bezenbat mozkin garbi ematen duenik eta nekhe gutiagorekin.
Harek ere, bertze gauza guzien arara, artha zerbait behar du, bainan ez laborantzak bezenbat hurranik ere; eta ez-da bertze onthasun bat bezain eri eta galkor.
Oihana da onthasunik segurena.
Lehenagoko mendeetan, gure mendi eta larre guziak oihanez estaliak ziren.
SEMEAK: Nola bada daiteke hoin onthasun onak, errexak eta segurak galtzera utzi izan baitira?
AITAK: Xehetasun luzeegietan sarthu beharko nuke, erran nahi banu nola eta nola gerthatu den galtze handi hori guzia. Horren urrun hedatu-gabe, erran dezaket nolakoak diren oraiko gure hutsak.
Aspaldidanik laborariak haritz guti landatzen du. Landatzen dituenak ere gaizki egiten ditu, eta ondoan ez-diote artharik eman nahi.
Beren baitharik ethortzen diren haritzak ere haizkoraz sakhailatzen ditu.
SEMEAK: Bainan laboraria ez-da mendi gainetara goaten arbolen sakhailatzera.
AITAK: Behereetakoen xahutzea asti laite harentzat. Arteainek arrasatzen dituzte mendietakoak.
Non da artzaina baino xahutzaile gaixtoagorik? Bero-aldi baten hartzeko, tantay gazterik ederrena ondotik eramanen du. Zertaz dukete artzainek axola? Ez-dira gehienak muthil? Nausiek ez-dituzte ikhusten, eta nausiek berek ere lagun letzazkete herriko komunean bederen. Jainkoari damutzen zaizkon gauzak egiten dituzte, deusere ez-balitz bezain deskantsu.
Ene semea, gurea ez-den onthasuna bertzeena da; eta niholaz-ere ez-dezazula ez-uki, ez-daina bertzeen ona. Jainkoak begira zaitzala! Ttipitik handira, gutitik hainitzera, etxetik galeretara, bizitik hiltzera, horien guzien artean urhats bat baizik ez-da.
Goazin berriz ere gure artzainetara.
Artzainek gure mendietan egin izan dute egundainoko gerlate, uholde eta harri-abar guziek baino bidegabe gehiago; eta ez-dira oraino baratu.
Gerlateetan xahutu da arbola frango; bainan ez-da egun oroz gerlate, eta oihanak berritzen dira. Uholdeek ere erros gora ezarri dute asko zur eder, bainan oihanak utzi dituzte beren lekhuan. Harri-abarrek behin-bethikotz dainatu dituzte hainitz landare gazte; bainan oihanak hekien gatik oso egotu dira.
Artzainek ordean orayetako onak eta gerokoak guziak arront badaramitzate. Suz erretzen dituzte mendiak. Sasietan heldu diren arbolak arradizaraino xahutzen dituzte. Orduan mendiak larrutzen eta agortzen dira, zeren hautsak lehenbiziko udan belhar ona ekharrarazi ondoan, gerokotzat lurra idortzen baitu.
SEMEAK: Xitxuri hori ez-da beraz landetakoa bezala.
AITAK: Bai, ene semea; bainan landak luhumendatzen, ongarriztatzen eta molde oroz ontzen dira. Mendietan halakorik ez-da; hautsak agortzen ditu. Nihonereko bidegabe guziak darraizkote erretze horiei.
SEMEAK: Ez-othe-da bada legerik horien debekatzeko?
AITAK: Bai bada segurki, eta garratza ere! Non dira ordean gizonak legeari bere bidea emanen diotenak?
SEMEAK: Iduritzen zait oihanzainak, guarda-xanpetrak, hauzaphezak, juyeak eta poliziako komesarioak zerbaitetako direla.
AITAK: Hortakotzat segurik ez-dira orai arteo hanbat baliatu. Uste izateko da noizbait komesarioek bederen begiak argituko dituztela. Egia erraiteko komesarioak berriak dira oraino eta ohartuko dira ondikozko erretze horiei.
Badira herrietako buruzagi eta etxeko-jaun asko komesarioak gogo gaitzez ikhusten dituztenak. Adimendu laburrak! Nik ez-dut komesario beldurrik; ene eginbideak zuzen bethe nahi ditut. Bainan norbaitek bidegabe egin, edo egin-gogo badarot, uste nuke laguntza ona izanen dudala haren aldetik.
Gure menderaino erretzaileak eta hekien laguntzaileak gehienetan utzi izatu dira Jainkoaren justiziari. Hemendik aintzina lurreko justiziarekin ere ikhusteko badukete. Aixtian erran darotzut mendi arbolez gabetuak agortzen direla. Orai bertze hainbertze diot larreez eta larre inguruez.
SEMEAK: Hori ez-da ene baithan ongi sarthu. Erran duzu ezen hautsak, bertze onkhailurik gabe, uda lehenean indar puska bat egiten duela; gerorat kalte ere bai. Hori aski othe da bada lurraren agortzeko?
AITAK: Gauza aski mengoa handitakoa da xehetasunetan sartzekotzat. Ene solasari jairraik zaite beraz ongi.
Aintzinean aiphatu izan dudan bezala, belhar eta arbola guziek ura edaten dute beren hostoetarik: erran-gabe doha arbolak edaten duela belharrak baino hazkarkiago, hala nola idiak xinhaurriaren aldean.
Arbolak hainitz edari behar duela, nork-berak errexki ezagutuko du. Bero baten ondotik uria heldu bada, laster-egiten duzu arbola baten azpira; eta arbola urez ase arteo etzare segurki bustiko.
Oihanetan badira arbola hainitz eta handiak; hedoyek dakharketen hezetasuna deitzen eta bereganatzen dute; hedoyak geldiarazten dituzte.
Baldin lekhua biphila balitz, hedoyek aintzinago jo lezakete; bainan oihanek baratuz, han uzten dute sabelean dagokaten ura.
Aria hortaz gerthatzen da hezeagoak direla oihantsu diren aurkhintzak toki larrutuak baino.
Bertzalde aurkhintza oihantsuetan ez-da hezetasuna galtzen ephaitza biphiletan bezala. Arbolen hostayak trabatzen ditu iguzkia eta haizea, eta lurra ez-da agortzen.
Ura nasai da oihan hainitz den lekhuetan.
Oihanik ez-den tokian; belharrak xiphiltzen dira, lurra xigortzen eta hirrikatzen da. Ithurri guti halako ephaitzetan.
Lekhua idorrago eta laboraria gaizkiago. Bihi guti, belhar gutiago, aziendarik ezin haz. Arbolarik gabe ez-du ez-gozo, ez-mozkin, ez-laguntzarik batere.
Oihanetarik ez-da jabearentzat bakharrik on handia, bainan bai herriko egoiliar guzientzat ere.
Herrietako buruzagien eginbidea da beraz herriko larreak oihanez bethetzea; eta ez-da segurki gobernamenduaren hobena baldin hori ez-bada hola egiten; gure hauzapezek badute hortaz aditurik aski, guti khexatzen badira ere gehienak.
SEMEAK: Gaizki hori! iduri luke ezen kargu bat hartzen duenak, karguak manatzen diozkien eginbideak bethe behar lituzkeela.
AITAK: Ongi mintzo zare. Bainan hainitzek ez-dute hauzaphezgoa urguiluz baizik bilhatzen. Kargu horrek badu errekesta. Eder zaiku entzutea: «Agur, Jaun Hauzapheza!» Ongia ere egin ginezake, bera bere baitharik heldu balitz. Ai ordean! bermatu gabe geroni, etzaiku nihondik onik erortzen. Oihanak ere nahi gintuzke... non dira?
Badakigu bertzeek zer egin behar luketen; bertzeentzat midiku gare, eta guretzat ez barber ere. Berehalako ona ikhusten ez-badugu, gutiak begiratzen gare geroxagokoari.
Hori da egia lastimagarria!
Eta bizkitartean gizona itsua izan behar da ez-ikhustekotzat zahartze on bat segura lezokeela bere buruari, baldin arbolaz bethe baleza bere onthasuna. Orai hiru-hogoi urthe dituzten gizon guziek urthean arbola bat landatu izan balute, Eskal herria jadanik oihanez nazai zaitekeen. Hala othe da? — Zenbat larre eder dagode buluzik alde orotan, haritz bakhar bat gabe! Guziei baliatuko zitzayoeten ona, guzientzat galdua!...
Ondikozko totalkeria batek azpian gauzkitza: totalkeria etxeko-jaunetan, totalkeria herriko buruzagietan!
SEMEAK: Zinez-ere, harritzeko da! Guk bederen oihanak egin detzagun gure ahalaren arabera.
Zer behar da hortako?
AITAK: Xoko batean mindegi puxka bat, neguko lan-arteetan landare zenbait lurrean ezarri; aintzinean ezarriak edo beren baitharik sortu direnak xederratu. Ez-da lan gaitza! Ni ez-naiz baliatuko zu bezenbat naski, bainan zuk doblatuko duzu zure onthasunaren balioa.
|