XXXV. Oilo, Antzara eta Ahateez
AITAK: Deus guti erranen dut antzarez eta ahateez. Azkenerat aiphatuko ditut. Ez-dira on toki guzietako; bainan oiloa premia da laborari-etxean, eta xeheki mintzatuko naiz hartaz.
Oilotegia ez-da lekhu hotzean nahi, ez-beroegian ere. Iguzki-haize aldea du lakhet. Pitotxa ohartuko da, oilotegia ez-bada ongi hertsia. Neguan, goseak etxeei hurbilarazten du; eta zirriturik atzematen badu, ez-da oilotegia garbitu arte geldituko.
Oiloei athea goizik idekitzen zayote eta goizik hersten.
Tenore bertsuetan bazkatu behar dira bethi, erroteko orduak ez-nahastekotzat.
Oilo moltxo handiak, txarki bazkatua delarik, ez-du hainbertze probetxu ekharriko nola moltxo ttipi ongi hazia denak.
Egarria etzayote jasanarazi behar; ez-dute hala deus onik egiten. Premia da ura menean izan dezaten bethi.
Gazteak hobe dira erroteko, zaharrak xitako. Aria hortaz, korokatzen diren oilo gazteak, freskarazi behar dira, eta zaharrak xitan ezarri.
Xitoak goizik izateko, oiloari oloa ematen zayo; harek ernarazten du, eta lasterrago abiatzen da erroten, lasterrago ere korokatzen da.
Beranteko xitoetarik ez-da begiratzeko. Hekietarik ez-daite ez-oilo, ez-gaphoin ederrik egin.
Bi urthez azpiko oilorik ez-da xitan ezartzen. Oilo harro, haize edo basek ez-dituzte xitoak ongi atheratzen.
Diote arroltze luzeetarik ethortzen direla oilaskoak, eta biribiletarik oilandak. Diote ere argitara begiratuz arroltzeari ezagut daiteela hea oilarrak jokhatua denetz.
Arroltze erron-berriak eta phisuenak dira hobeenak xitako.
Xitoak atheratzen abiatzen dira hogoi eta bat egunen buruan. Bi egun badagozke amarekin jan-gabetarik. Lasterregi ama-ganik khentzen direnak herbal gelditzen dira.
Hotzetik, haize eta bero handietarik begiratu nahi dira. Herbal direnei ematen zayote ogi phorroa arnoan bustirik. Ur garbiak ez-diote eskas egin behar. Premia da hurbildanik jarraikitzea hegatsa egin dezaten arteo.
Hiru hilabethetan gaphoindatzen dira oilaskoak.
Oiloak eta gaphoinak kayolan ezartzen dira gizentzen, toki ilhunean, bainan ez hotzean. Ogi eta garagar egosia on dute, artho orhea ere bai. Orhe hori mokotik sartzen zayote, hastean hein bat emanez, azkenekotz paparoak iduk-ahala.
Oiloak aztaparretarik eritzen direnean, hobeenik da berehala hiltzea; ez-dira sendatuko.
Kukurusta beltzen bazayote, buztan gaineko bixikan min dukete. Orduan aski da bixikari mokoa haixturrez moztea eta urez garbitzea.
Pipita dutenean mihian, kukurusta histen zayote. Ixkilinba mokoaz pipita khentzen da, eta urez garbitzen ahoa.
Beheitikoa balinbadute, ogi arnoan bustiak eta lur-sagar egosiak sendatzen ditu.
Oiloek on dute mihura egosirik; tomatea, mahatsa eta mahats-lapa gaixto.
Orai mintza gaitezen antzara eta ahateez.
Ongi hazten diren antzarek, urthe bakharrean egin dezakete hiru erron-aldiz ehun arroltzetaraino bakhotxak.
Antzara-piro sorthu-berriak begiratu behar dira hotzetik eta uritik, eta ez-dira kanporat igortzen jatera eman-gabe. Goseak igorriz, gerthatzen da askotan lephoa bihurtzen dutela belharrari tiraka hari direlarik.
Gizentzekotan, ezartzen dira lekhu hertsi, ephel, itsu batean. Khentzen zaizkote ixter artetako lumak, handik bero ez-ditezentzat. Orheak gizentzen ditu hobekienik, eta gazte direnak zaharrak baino lehen.
Antzarak bezala hazten eta gizentzen dira ahateak; bainan ura hurbil behar dute eta jatekoa arauka nasaixago, zeren ez-baitute antzarek bezala belharra alhatzen.
|