IX. Ogi hazi xuxentzeko moldeez
AITAK: Ogi haziaren xuxentzeko hiru molde badira:
Menaslora urdinarekin,
Gisuarekin,
Khederrakin.
SEMEAK: Nik ez-dakit zer den menaslora urdina.
AITAK: Frantsesek deitzen dute sulfate de cuivre. Galdegiten baduzu izen hortan potikariei edo hirietako drogistei, ongi entzunen zaituzte.
Bederatzi laurden edo pinta uretan urtharazten dira hiru untza menaslora urdin. Hartara ematen da bi erregu bihi, higitzen da ongi phala batekin urak ogia heza dezantzat guzia. Agertzen den harrapoa khentzen da. Oren erdi baten buruan, bihia atheratzen da eta idorrarazten gero eraitekotzat.
Batzuek diote menaslora urak ondorio hobeak dituela bertze errekituek baino. Nekhe da hori xuxen jakitea, ez-baita errex ezagutzen. Hori ikhasi nahi duenak, erain dezake zathi bat hazi menasloratuarekin eta egun berean bertze bat hazi bertze moldez antolatuarekin. Eta oraino landa zathi batean gertha daiteke bertzetan baino ilhindi khutsu gehiago: frogantza luzeak behar dira horren gainean khautuki mintzatzeko.
Bizkitartean gehienek gisua ibiltzen dute hazietan. Ez-dakit heya hori hola egiten duten, noiz-nahi gisua eskuanago dutelakotz.
Huna nolatan gisuztatzen den hazia.
Erregu bat ogi gisuztatu nahi bada, ezartzen da bertz batean berotzen hamar laurden ur. Noiz-ere hain beroa izanen baita ur hura, non eskuak nekhez ihardukiko baitio, sutik khentzen da eta hartan mariarazten lakha bat gisu bizi.
Ordukotz hazia ezartzen da bokheter baten barnean. Gain-behera ematen zayo bertzaren barnekoa. Gisu urak altxatu behar du bi edo hiru erhi trebes ogi haziak baino gorago.
Nahasten duzu phalarekin eta gero bokhetera estalirik uzten duzu hala-hala barnetegi bero batean, eta ez haizea dabilan tokian, hogoi-eta-lau orenez.
Ephe hortan, bi edo hiru aldiz ogia nahasten da phalarekin; gero azpiko tapa khentzen zayo bokheterari, eta jausten den ura ixurtzen zayo haziari gain-behera.
Hogoi-eta-lau orenen buruan, ura khentzen da alde bat, eta ogia hedatzen da larrainean.
Idortuxe-ta, egun berean erain daiteke. Hainitzen sinhestea da hobe dela utziz zenbait egunez gozatzen.
Hala egiten bada, ogia ez-da hedatu behar. Metan ezartzen da eta noizean behin murrua harrotzen, bero ez-dadientzat.
Hazi hori ez-da ilhinditzen, laster ernatzen da lurrean eta marmutzek ezin jan dezakete.
Hazi guzia atheratzen ere da, eta holetan gutiago aski daite ezenetz gisuztatu-gabea eraiten balitz.
Laborari batzuek nahiago dute khederra gisua baino, eta huna nola xuxentzen duten.
Gaitzeru bat khederri ematen diote hogoi laurden ur irekitu; makhila batekin higitzen dute ongi, eta gero gainera ezartzen dute hogoi-bat laurden ur hotz. Hogoi eta lau orenik barnean hiru edo lau aldiz nahasten dute oraino.
Gero ogia bokheter batean ezarri-eta, gain-behera botatzen zayo kheder-ura ongi nahasirik, ura hazia baino hiru edo lau pus gorago gelditzen delarik.
Ogiarekin phalaz ongi nahasten da orduan, eta hala-hala uzten bertze hogoi eta lau orenez.
Hekien buruan, bokheterari tapa khentzen zayo, eta ogia idortuxe denean on da berehala eraiteko.
Solas hau ez-dut akhabatuko erran gabe landetan ikhusten denean ilhindi bat, arthatsuki behar dela bildu eta urrun botatu landatik eta ongarritik, bertzenaz bertze urthekotzat pozoina utz bailezake. Landa ilhinditsua nahi da baitezpada garbitu gisuz eta artha emanez.
|