VIII. Ogi eta hazi hobeenez
SEMEAK: Eskal-herriko ogietan zein da hobeena?
AITAK: Frantsesek deitzen dute blé de tête, erran nahi baita buruko bihia.
Guziak burutik heldu dira segurki; izen hori ordean ematen diote ogi ederrenari, zeina arrontean gerthatzen baita ogi-buru gorenetan.
Ogi hautena da gogor, bildua, phisu, ongi bethea, hanpatua edo torroil; leguna da eta kolorez hori arin; eskuetarik errexki lerratzen da; ponparazten bada taularen edo harriaren gainean, harrabots arina egiten du; hortzen artean ere gogor da eta kraskako bat eginez hausten da; erdiko arrailadura, edo erreka, meharra du eta ez barna.
Buruko bihitik, erran nahi da, ogi hautenetik, egiten dira eraintzak.
Haziaren biltzeko, hautatzen dira, landan aurkhintza ederrenean, ogi espalak. Buruko bihia berezteko, mahain bat ezartzen da ezkaratzean, alde bateko zangoei bi harri azpian emanez. Orduan mahaina buru batetik gorago dago. Ogi espala joka erabiltzen da buru hartan kanpoko aldera; bihirik ederrenak eta pisuenak alde hartara erortzen dira. Eta berriz, mahaina hunkituz bihi txar zenbait atheratzen bada, hekiek bertze aldera lerratzen dira.
Horra nola biltzen den ogi hazia. Nola-nahi eginik ere, artha berezi bathekin garbitu behar da hazia, khendurik zikhin guziak ongi, eta oroz-gainetik ilhindi khutsurik gabe.
Erran darotzut ogi hautena zein den; orai aiphatuko ditut bertzeak. Horiek dira ondoko bihia eta bihi arrataila.
Nola ogi hautena hazitako baizik ez-baita berezten, ondoko bihia da tratuko ogia. Ogi hau xuhailxago da ezenetz buruko bihia; axala latzago du; eskutik nekhezago lerratzen da; harrabots gutiago du erortzean; hortzen artean errexkiago hausten da eta kraska gutirekin.
Bihi arrataila, edo errefusa, da ogirik txarrena. Nabarkara da, ximur, mehats eta erreka barnenarekin.
Buruko bihia da phisuenik; harek du irina xurienik eta gorienik.
Ondoko bihiak, phisu gutiago du, irina-ere ez-hain xuria, orhea xuhurrago.
Bihi arratailak deus-guti du balio.
Buruko bihitik baizen ez-da hazirik altxatu behar.
SEMEAK: Eta zer diozu hazi aldatzeaz?
AITAK: Batzuek diote hazia maiz eta maiz aldatu nahi dela.
Bertzeek diote deusik ez-duela egiten.
Nik dagokat ogi ederra duenak, ez-duela hazia aldatu behar; bertzenaz bai.
Lur onean uzta txarra altxatu duenak, hazia laster alda beza.
Lur mota bakhotxak lakhetago du hazi mota bat bertzeak baino. Beraz noiz-eta-ere haziaren aldatzeaz behartuko baitzare, hauta zazu bethi ogi ederrean, bainan zure lur mota bera bezalakoan sorthutik.
Lur harritsua baduzu, hauta zazu lur harritsuko ogitik; buztintsua baduzu, buztintsukotik.
Ez-bazare lehen urthean ongi heldu, alda berriz ere.
Ongi athera bazare, egon hartan.
Ilhindia baduzu, laster alda.
Nola ez-baita ogi arras ilhindi gaberik, erranen darotzut bihar nola xuxenduko duzun hazia.
|