XIX. Ogarriaren premiatasunaz
AITAK: Egun aiphatuko dugu ongarriaz.
SEMEAK: Bai, othoi; ezen aditzea dut ez-dela deus ere hobeagorik lurrentzat.
AITAK: Ai! ene semea, diozu hobeagorik!... errazu ongarria hain premia zayoela lurrari nola guri arthoa edo ogia.
Badelarik bertze janhari asko, bat ez-da laborearen orde jar daitekeenik.
Lurrarentzat ere deusik ez-da ongarriaren orde ezar daitekeenik.
Emanik ere gisu, igeltsu, merla eta ehun bertze gauza; ongarririk ematen ez-bazayo, lurrak laster eginen du ukho.
Erran dut bazka egitera hari behar dugula, bazkatik heldu baita ongarria.
Abere ongi haziak ematen du ongarri hainitz.
Barnean haziak, larrean dabilanak baino gehiago.
Gure onak ongarritik ethorri behar du; eta ongarri egiteko, on dira lurrak ekhartzen dituen gauza guziak. Belhar edo animale, oro usteltzen eta ongarritzen dira.
Bada asko ongarri mota.
SEMEAK: Nik ez-dut hanbat ikhusten! Samatsa eta arkhin guti bat; zer da bertzerik?
AITAK: Erraiteaz bertzerik ez-dela gure herrietan, ez gaituzu laudatzen.
Horrek erran nahi du ez-garela erne gure onaren biltzera, eta bat baino gehiago galtzerat uzten dugula.
Ihaurkin guti den tokietan, nekhazalea erneago da: alde orotara begira dago nondik atzemanen duen zerbait lurren ontzekotzat.
Frantziako zelhai ederretan ez-da, ez hiratze, ez eta othe ondo bakhar bat.
SEMEAK: Ai! ai! nola egiten dute ongarria?
AITAK: Egiten dute guk baino gehiago eta hobeagoa, eta biltzen dituzte guk ez-bezalako bihi-aldeak.
Eskaldunak iduri du onthasun soberaz dagoela; beren baitharik heldu diren onez nardaturik, hekietarik bazterrerat uzten duela, sobera balu bezala.
Zoroak! errekara botatzen dute abere eritasunez hil dena. Ez-dakite hortarik heldu direla min gaixtoak! ez-dakite hobe dela lurrean ehorztea lurren onkhailurik handiena!
Ene semea, etzaitezela izan axola-gabea ongarriaren gainean, ezen ongarri duenak altxatuko du bihi.
Abereak larrera sobera ibiliz, galtzen dugu ongarri hainitz.
Maiz eta ardura abereak erdigoseak dagode alhapidetan, eta gero txarrak heldu dira.
Bertzalde, larretako alhapideak baitezpadakoak balinbalira, zertan laiteke Frantziako eta Angeletierrako nekhazalea? Han laborantza gehienek eta aberatsenek larrerik ez-dute. Toki hekietan iraganen duzu hamar eta-hogoi lekoa bide, nahiz alde batera, nahiz bertzera, golde bat larre ikhusi gabetarik.
Guri dihoakigu beraz hango nekhazaleek bezala egitea.
Holetan abereak barnean hazi behar ditugu.
SEMEAK: Bai, bainan non da bazka?
AITAK: Ai! ene semea, nago heyan buru gogorra duzunetz. Ez-othe darotzut iadanik aski erran sorho berriak egin behar direla, eta zaharrak onthu.
Egin detzagun phentzeak gure laborantzetan; herts detzagun gure larre hobeenak eta han egin detzagun laborantzak.
SEMEAK: Diru ordean behar da hortakotzat.
AITAK: Hala da hein batean.
Nik ez-darotzut erran berehala hersteko eta lantzeko larreak.
Nori-berari zayo bere indarren neurtzea et[a] araberara lanak egitea.
Ez-da hain etxeko jaun ttipirik zeinak ez-baitezake herts urthe batez larre phuska bat.
Bertze urthean lantzen du, osoa ez-bada, erdia.
Hunela eginez, urthe gutirik barnean, Eskal-herri guzia denetik bertze bat egin laiteke.
Angelesek gure abere buru batentzat, badituzte hamar.
Nola egin dute?
Behintzat, lanthu dituzte beren larreak; eta gero lurrik txarrenak estali igeltsuz eta merlaz.
Orduan hobeenak sorho eta laborantza egin dituzte.
Txarrenak, treflaz, luzernaz eta bertze belharrez erain ondoan, nahi duten azienda hazten dute.
|