XX. Ongarri motez
AITAK: Eskaldunek, aztura zahar baten arabera, egiten dute samatsa.
Hori ongi delarik, ez-da aski.
Egin dezakete oraino egiten duten baino ongarri gehiago, eta hobeagorik.
Ongarri mota bat baino gehiago bada.
SEMEAK: Zoin dira hekiek?
AITAK: Jende ongarria, guzietarik hobeena, eta guzia galtzerat uzten dena;
Samats urina eta gernua;
Urde ongarria;
Zaldi ongarria;
Arkhina;
Xori eta oila ongarria;
Zokhoetan eta bazterretan ustelkin guziak, metatu gabez galtzerat uzten direnak.
Xitxuriez aintzinean mintzatu naiz, bas-urez ere bai. Geroxago aiphatuko ditut gisua eta igeltsua.
Badira oraino saltzeko bertze ongarri mota batzu eginartekoak edo artifizialak deitzen direnak. Bainan ez-dut hekietaz aiphu handirik eginen, zeren Eskal-kerrian, erosi gabe, egin baititake behar den ongarri guzia. Eta halakoak Bayonan eta bertze hirietan dira saltzeko.
SEMEAK: Ez othe dira onak?
AITAK: Batzuek diote bayetz eta bertzeek ezetz. Nik ez-dut frogatu.
SEMEAK: Zertako bada hori?
AITAK: Ene semea, nik sinheste ttipia dut hekietan: beldur naiz enganatua izateko.
Bertzalde oraino diru behar da hekietarik erostekotzat: nik ez-dut soberarik.
Eta nork-berak, bere eskuz egin ahal dezakeena, premia da egin dezan erostera goan-gabe.
Laborari onak egiten du bethi ongarria nasai; hartarako bideak hartzen ditu.
Laborari txarra eta alferra ez-da ongarriz gainditua; maizenean bere lurrak ezin estal detzazke.
Halakoa ikhusten da galdeka; bethi zerbaiten eskasean da; hauzoan ditu tresna beharrenak; bethi arrangura da ezin helduz bere lanetara. Hura segur izanen da erromes.
SEMEAK: Ez-othe da bada zilhegi eskas eta behar den gauza hauzoari galdegitea.
AITAK: Ez-dut hori erraiten, ene semea. Nik diodana da, laborari bakhotxak izan behar dituela bere tresnak. Zure goldea hausten baduzu iraulden hari zarelarik, hauzoak gogotik emanen darotzu berea lanaren akhabatzeko. Gogo gaixtoz eman baleza, bera ez laiteke hanbateko gizona.
Bainan goldea hautsi neguan, ogi-egitetan, eta berritu ez-baduzu artho-egitetako, horrek erran-nahi du gizon ez-axola zarela.
Nor da ez-axola gauza batetako, segur da ez-axola dela hainitzetako.
Halakoak ez-du onthasun erosteko lanik, bizirik-ere berrehun urthe.
Gizon behar guziak ez-dira baitezpada alferrak eta axolagabeak. Enultasun eta tontotasuna gaitz gaixtoak dira etxean, eta hainitz jasanarazten diote laborariari.
Gizon bat ikhusten baduzu xuhurra, ostatuetarik urrun dagoena, bethi bere lanetan, eta halarik ere bethi erromes, harek badu nonbait hutsa. Harek ez-daki edo lanean, edo lanaren baliarazten.
Bere egitekoetan gaizki dohana begira bedi ongi-dohanari; segi betza haren erran onak, nahiago ez-badu buru-gaixtokeriaz errekan gelditu.
Ez-da onthasuna bera heldu; lan ongi eginak dakharke.
SEMEAK: Hori da gauza garbia. Eta orai, ene aita maitea, ongarriez mintzo garenaz geroztik, azpira ala gainera da hobe emanik?
AITAK: Gehienetan azpira, zeren iguzkiak eta haizeak ez-baitiote hala indarrik gutituko.
Agerian dagoen ongarriak hainitz galtzen du; hutsaltzen da.
Bertzalde, ongarria azpira emanez, lurra harroago idukiko du, eta hainitz erran-nahi du harro egote horrek.
Gure tokietan, ogia phuska bat handitu denean, gainetik ematen diote ongarria.
Ongi egitekotz, larrienetik azpira behar luke eraiterakoan, et[a] xehea geroago gainetik.
SEMEAK: Ederra laiteke, ahala balitz.
AITAK: Erran dut aintzinean ez-dugula ongarririk aski egiten; galtzerat-ere hainitz phuska uzten dugula.
Izan gaitezen garen orai arteo baino atzarriagoak; har detzagun bazka biltzeko moldeak; orduan badukegu azienda eta ongarri aski.
Bizkitartean, erran dudanean ongarria azpira eman behar dela, ez-dut erran ehortzi behar dela lurrean barna.
Belharraren erroetara heltzen ez-den ongarria, pharte on bat galdua da. Erroak joko dituen bezala ezar zazu.
Lurrak barna irauli behar du, eta irauli aintzinean hedatzen den ongarritik pharte bat barnegi sartzen da.
Nik nahi nuke irauli ondoan, eta mokhorra jo aintzinean, ezarri ongarria. Hola neurri on bat har laite.
SEMEAK: Ez-da ordean lana hain errexa.
AITAK: Ene semea, etzaitezela errexketa ibil; ibil zaite onketa.
Ongarriak ez-du izan behar ez-barnegi, ez-kanpotik eraintzetan. Belharraren erroetara egon behar du, aixtian erran dudan bezala. Laborariak hortarik ezagutuko du zer neurritan sarthu nahi den ongarria.
Akhabatzerakoan, mintzatuko natzaitzu ongarri berdeez.
Toki batzuetan suge-ilharra edo artho beltza, Frantsesek sarrasin deitzen dutena, eraiten dute ogi-ondoan; bertze batzuetan, sekhalea, baba edo bertzerik oraino.
Loratzen direnean belhar horiek, ehorzten dituzte, lurra irauliz; eta gero hekien gainera eraiten dute arthoa edo bertze zerbait.
Holetan lurra ontzen da, harroago dago eta ez-da behar hainbertze ongarri.
SEMEAK: Etzait iduri lurra hanbat ontzen dela berari khendua berari emanez! Ehun libera khendu, ehun libera bihurtu, kito da hori!
AITAK: Ene haurra, etzinen hola mintzatuko baldin aintzineko erranak burutan hartu izan bazintu.
Erran izan darotzut lurreko gozoek baino airekoek gehiago ematen diotela belharrei. Horren frogak ere eman darozkitzut.
Ehortziko duzun belharra airetik aberastu da gekienik. Beraz, hura lurrari ematen diozunean, lurra irabazitan gelditzen da.!
Lurrak eman du bat eta hartzen ditu hiru: ez-da hori kito gelditzea, baizik-ere bi herenez ontzea. Iratzea bera bakharrik ezar bazineza ere, on handi bat egin zinezake.
SEMEAK: Hala da! aithortzen dut. Barkha diezadazu, aita maitea: gazte eta ahanzkor naiz oraino. Ene ahal guziaz eginen dut zure solas zuhurrez baliatzera.
|