XV. Bazka berdeez
SEMEAK: Aspaldi ohartua naiz etxalde guti dela halako ephaitzetan, non phentze edo sorho aski baitute abere moltzo hazkar baten hazteko.
AITAK: Ikhusten dut zure inguruei begia idukitzen diozutela. Hola behar da, ene semea; ikhusiz ikhasten da.
Sorho gutiegi dela gehien tokietan, egia diozu.
Bainan badira bertze sorho batzu eginartekoak deitzen direnak, edo bertzenaz artifizialak.
SEMEAK: Zer belhar mota ematen dute?
AITAK: Gure aldeetan, faruxa, trefla, luzerna, edo allibrea. Frantzian badituzte oraino bertze zenbait; bainan han ere treflak eta luzernak hartzen dute tokirik gehiena.
Belhar hoikietarik eremu handiak eraiten dituzte. Aintzinean, hamar abere buru hazten ziren lekhuan, orai badira hogoi.
Eta hori aski ez-den, aziendak lehen ziren baino ederragoak, hazkarragoak eta gizenagoak ere dituzte.
Bada beraz han esne, gasna eta mozkin gehiago.
Lur eremuak aintzineko berak dira, bainan goriagoak.
Bihia beraz nasayago heldu da.
Holakoak dira eginarteko sorhoen ondorioak.
SEMEAK: Guk ere sorho horietarik hainitz egin behar dugu.
AITAK: Orai ere badugu gure hauzoek baino gehiago. Ez-dugu halere aski eta ez-gare hortan geldituko. Eginarteko sorhoak egin ditugunaz geroztik, ogi eta artho gutiago erain izan dugu. Azienda gehiago hazten ere dugu eta nola sorho horiek ez-baitute hainbertze lan nola laborantzek, lur berriak athera ditugu lan artetan.
Orai badugu aintzinean bezenbat eraiteko lur, eta hobeak.
Aurthen etxe ondoko landan allibre erainen dugu laneko idientzat; neguan, ur hegiko larrea phezoinez inguratuko dugu, eta arthoak egin ondoan, abiatuko gare haren haintzurtzen.
SEMEAK: Holetan gure onthasuna hainitz edertuko eta baliostuko da!
AITAK: Jo dezogun lanari, ene semea; lanak berea badarama bethi.
SEMEAK: Diozu allibrea erainen dugula. Zertako allibrea eta ez bertze zerbait?
AITAK: Orai arteo faruxa egin izan dugu. Behiei ez-dakiokete deusere eman hoberik. Allibrea ordean hazkarrago baizik ez-da. Nahiz ez-den on, ez behi, ez hiltzeko aziendentzat, esneari eta haragiari ematen dioten usainagatik, baditugu laneko bi idi pare eta bi mando ere bai. Allibrea Hekiek janen dute, eta faruxa nasayago dukegu bertzeentzat.
Trefla eginen dugu bertze urthean faruxaren ordain.
Treflaz aiphatzen dugunaz geroztik, erran nahi darotzut belhar hori ez-dela ongi ethortzen ogi ondoan. Gainerako belhar tzarrek bidegabe egiten diote.
Trefla egiten da harbi ondoan; ongi heldu dira bata bertzearen ondotik, zeren lurrari ez-baitiote khentzen gozo mota bera.
Treflak ematen du sorho edo phentzeak baino bietan gehiago.
Hezerik janarazten bada, aldian aldikoa ebaki behar da, loratu den aintzinean.
Hezean progotxa ahal baino gehiago denean, idorraraz daite, nahiz ez-den orduan hain on.
Idortzekotzat, lore bethean ebaki nahi du, eta ez berantago.
Ez-da hedatzen belharra sorhoan bezala, zeren gal bailezake hostoa eta ez-laite khuzkurra baizen geldi.
Sail ebakiak harrotzen dira maiz, arin-arina altxa-arrasteluaz eta barrayatu gabe bazterretara. Erdi-idorrak direnean, meta ttipitan ezartzen dira, zaphatu gabe. Haizeak eta iguzkiak laster ekharriko dituzte idortasun onera.
Erran dut hezerik hobe dela trefla; bizkitartean belhar eskasa denean, hartarik begiratzeko da.
Bi ephai-aldi ditu treflak.
Etzayo gehiagorik galdatu behar, nahi denean zerbait onik egin.
Bi aldiz ebaki ondoan lurra iraultzen da; eta ez-da han berean treflarik erainen bortz urthez, zeren ez-bailaite ongi ethor.
Treflarentzat onkailu ona, igeltsu herrautsa da ezagutua.
Hostoa aski ongi egina denean da hobeenik ematea igeltsua.
Beso zabaletik botatzen da ogia bezala eta ematen da hektarako bi erregu herrauts.
Zekhalea ephaitzen bada burutzera dihoanean, muskiltzen da berriz, eta holetan bazka phuska handia eta ona ematen du aziendentzat.
SEMEAK: Eta, zer diozu faruxaz?
AITAK: Faruxak ez-du bere parerik abereen gizenarazteko eta behiei esne emateko. Bainan ez-du ebaki-aldi bat baizik.
Behin sorthuz geroz, ez-da beroaren beldur. Lurra ere ez-du errekaratzen: kontrarat, on egiten dio, eta faruxaren ondotik ogia ederra heldu da.
SEMEAK: Eta luzernaz zer diozu?
AITAK: Luzernak iraupen handia du. Hezerik ez-da eman behar aziendei neurriz baizen, beldurrez hantaraz detzan.
Bustia bada uriaz edo ihintzaz, ez-da zuhur pikorrik ere ematea.
Luzerna idortua denean da hobeenik.
SEMEAK: Barda agindu zinarotan erranen zinduela gaur zer den zaldi-baba.
AITAK: Ez-nuen ahantzia. Zaldi-baba, edo feberola, baba mota bat da, etxe-baba baino xeheagoa eta biribilagoa. Bertze aiphatu ditugun eginarteko sorhoak baino hazkarragoa da azienda bazkatzat. Deus ez-da hoberik urde gizentzeko. Frantziako laborantza ederretan eraiten da hainitz zaldi-baba, ez-bakharrik aziendentzat ona delakotz, bainan oraino uztaldan eraintza mota berak bata bertzea-ganik urruntzekotzat.
SEMEAK: Uste duzu abereek on duten othe joa?
AITAK: Segurki. Bazka merkeena hura da. Bereziki ona da, lastoarekin eta harbiarekin nahastekaturik.
Othea jotzen da lehenik eta bazterrerat aldaratzen.
Gero jotzen da lastoa; eta gero biak batean.
Orduan jotzen da harbia gainetik.
Balinbada sagar phatsik, edo mahats phatsik, bazkari ematen zayo eta nahastekatzen. Phatsak ontzen du hainitz.
Etxe ondoetako otheak maiz larrutuak daude. Zortzitik edo hamabortzetik larre urrunetara orgekin othe biltzera goan nahi laiteke. Han atzeman laite hobea eta ez-laiteke egun oroz haste.
|