XI. Neurri zaharren eta berrien bardinkantza
AITAK: Atzo erran narotzun egungotzat uzten nuela herrietako goldeak nolakoak diren xehatzea eta araren neurrira ekhartzea.
SEMEAK: Atsegin handirekin entzunen dut hori, ezen on da jakitea nahiz tratukotzat, nahiz bertze egiteko askorentzat, zer aditzen den herri bakhotxean tokiko goldeaz.
AITAK: Hori ere hala da. Bainan nola eraintzez baitugu oraikoan aiphu, erranen dut golde desbardin hekiek zenbat hazi galdegiten duten bakhotxak.
SEMEAK: Garbitasun handia izanen da hola.
AITAK: Hasiko naiz Bayona aldetik, eta iraganen naiz Eskal-herri guzia gaindi.
Erran den Larrondo Atharraztarraren arabera, Bayonako eta Uztaritzeko kantoinamenduetako herrietan, goldeak badagokitza 41 ara eta 88 zantiara iraganik.
Beraz herri horietan erain behar laite 84 libera haziren ingurua golde lurrean.
Hazparrengo kantoinamenduan eta Khanbon goldea egiten da 29 araz eta 16 zantiaraz, eta erain behar dira 58 libera hazi goldean.
Sarako goldeak badaramitza 27 ara eta 92 zantiara iraganik. Erain behar dira 56 libera hazi.
Ezpeletan, Itsasun, Luhuson, Ainhoan eta Zuraiden, goldea egiten da 32 araz eta 32 zantiaraz; erran-nahi da 65 libera haziren eraintza.
Donibane-Lohizuko kantoinamenduko goldea da orotarik handiena. Badagokitza 46 ara eta 53 zantiara eta erdi hurran. 93 libera haziren eraintza.
Bidaxungo kantoinamenduko goldean badira 24 ara eta 32 zantiara. 49 libera haziren eraintza.
Bastidako kantoinamenduan eta Akhamarren, goldeak idukitzen ditu 34 ara eta 19 zantiara hurran. 68 libera haziren eraintza.
Donibane-Garaziko eta Baigorriko kantoinamenduetako goldea egiten da 27 araz eta 37 zantiaraz. 55 libera haziren eraintza.
Heletako goldeak badagokitza 28 ara eta 57 zantiara. 59 libera haziren eraintza.
Oztibarreko goldean badira 25 ara eta 35 zantiara. 51 libera haziren eraintza.
Donaphalioko kantoinamenduan eta aiphatu ez-diren Iholdiko kantoinamenduko herrietan, goldeak badaramitza 28 ara eta 9 zantiara. 56 libera haziren eraintza.
Zubero guzian goldea egiten da 22 araz eta 40 zantiaraz. 45 libera haziren eraintza.
Horra nolakoak diren erran den murde Larrondoren khontuak Eskal-herriko goldeen gainean.
Jakinez geroz zenbat ara lur den landa batean, erain zazu bi libera hazi arako, eta behar den guzia izanen da.
SEMEAK: Hori ongi da, bainan edo-zein landa ez-da izanen xuxen-xuxena, ez goldekoa, ez bi goldekoa. Gertha daite golde bat eta erdikoa edo hiru laurdenetakoa, gutiago edo gehiago.
AITAK: Hala da. Xuxen jakin daiteke ordean. Lur guziak aldizka neurtuak izatu dira. Kadastrako errexistroan guziak izendatuak dira. Aski da herriko-etxera goatea eta nork-berak han ikhasiko du zenbat ara dagokan landa bakhotxak.
SEMEAK: Bi libera hazi arako, nahi dut; bainan zenbat untzako libera?
AITAK: Hamasei untzakoa.
SEMEAK: Ez-othe zen hobe izanen orai arteo bezala lakha kontuka egitea?
AITAK: Ez, lakhetan eta gaitzeruetan makhur gehiago da phisuetan baino. Ez bakharrik herritik herrira, bainan etxetik etxera gaitzeruak desbardinak dira. Enganatzaile askok badituzte orobat bi gaitzeru, bata erospenetako eta bertzea salpenetako.
Neurtzeko moldeak ere hainitz egiten du. Horrengatik ez-da deusere phisua bezain xuxenik, eta hobeena laiteke gaitzeru eta lakha guziak surat ematea.
|