XVIII. Belharrez
AITAK: Ez-da aski belharra izatea; belhar ona behar da.
Belhar usaindu, edo erdi ustelak, hobeak dira ongarrirako ezenetz azienda bazkatzeko.
Halakoak azienden galgarri dira.
Urak jorik, herrautsarekin gelditu den belharretik begira zatzu zure abereak. Osasuna gal lezakete, eta hobeki atherako zare, gutiago bazka emanik ere, garbitik emanez.
Belhar ephaiteko arorik hobeena da lore bethean, hazia egin aintzinean.
Zohitzera uzten bada hazia, belharrak galtzen du bere indarraren erdia.
SEMEAK: Erne egoteko da beraz belhartzetan.
AITAK: Bai, eta nihork uste duen baino erneago.
SEMEAK: Etzait bada iduritzen hanbat erran-nahi duela.
AITAK: Zorokeria! ez-othe da bada ageri den gauza haziak, onthu denean, belharrari khendu dioela bere gozorik hobeena? Ogi zohiaren lastoa, ala ogi burutu-gabearena othe laizteke goriago bazkatzat? artho kapetatzen dena, ala artho zohituaren khuzkurra laizteke hobeago?
SEMEAK: Hala da egiazki: ez-nintzen ohartzen. Orai ezagutzen dut zenbat dihoan, eta sinhesten dut ongi lorean ebaki nahi dela belharra. Ez-da hori gauza itsua.
AITAK: Ez, ene semea, ez-da hori ez gauza itsua, ez eikikoa, ez naskikoa. Askotan, bero gaitz batek iraganarazten du kenka gaixtoan den belharra, eta bere baliotik hainitz khentzen dio.
Belharrak nahi du ongi idortu.
Idortzean, ibiliago eta hobeago.
Iguzki bero batek harrapatzen badu belharra, idurri du batzuetan idorra, hala ez-delarik oraino.
Sartzen bada barnerat, itxurak enganaturik, belhartegian bihurtzen da, berotasuna hartzen du eta gozoa galtzen. Zenbait aldiz ere, ikhusi izatu da su hartzen eta etxeak erretzen.
Behinere gerthatzen bazare belharra hezeegirik sartzera, uri beldurrez edo bertzela, xuhurra baduzu ez-duzu hala utziko; atherako duzu aphur bat ondoko egunetan.
Artha horren eskasez, hainitz gal dezakezu.
SEMEAK: Ongi hartzen dut hori: ikhusten dut ez-dela zuhurtzia barnean idukitzea idorra ez-den belharra, zeren hutsalduko baita segurki, eta etxea erreko baitu menturaz. Sinhesten ere dut asko etxe, nola ez-dakitelarik erre direnak, belhar berotutik egin izan direla.
Bainan aro onik ez-badu egiten belharra kanporat emateko, zer egin?
AITAK: Begiratuko diozu maiz, eta ohartzen zarenean berotzen hari dela, barnean berean harrotuko duzu arras hoztu den arteo. Hori bera aski da.
SEMEAK: Ederki, horren gainean argitua naiz. Bainan badut arrangura bat oraino.
AITAK: Zein hura?
SEMEAK: Aixtian erran duzuna, belharra xutik ez-da utzi behar zohitu den arteo. Bizkitartean ebakitzekotzat aro ona behar laitekeenean, gertha daite orobat aro tzarra. Deus ez-dut erraiten uri baten gatik, iguzki ederra ethor daite. Bainan urite jarraiki bat heldu denean?
AITAK: Ikhusten baduzu belharra iragaiten hari dela, edo basurek jotzeko heinean dela, ez-da gogoetaka ez-eta ere dilindaka egoterik: ebaki zazu laster belharra eta khen zazu uraren menetik.
Horren gainean erranen darotzut ez-dakikezun gauza bat.
Badira tokiak, hala nola Lorrena, zeinetan belharrak iguzkiztatu-gabe idorrarazten baitituzte.
Urite handienarekin idor daite belharra.
SEMEAK: Harritzen naiz.
AITAK: Etzare hola izan behar. Orai artean ikhusi ez-ditutzun gauza guziek harritzen zaituzte. Egungo-egunean non-nahi bada hori baino gauza harrigarriagorik. Hori ez-da asmu berri bat; zaharkitua da erabiltzen den tokietan.
Urite denean, ebakitzen dute belharra zohitzerat utzi-gabe.
Biharamunean, edo hiru, lau egunen buruan, metatzen dute ather-arte batez. Uria gelditzen ez-bada, baderamate beren lana aintzina.
Meta handiago eta hobeago. Balinbada hogoi edo berrogoi orga belhar, hobe oraino.
Meta ongi antolatzen dute espalka eta zaphatuz; gauza premia da.
Belhar meta berotuko da goitxago edo berantxago, nolako trenpua duen.
SEMEAK: Bainan berotzeak su emanen dio.
AITAK: Ez, frogantzak eginak dira.
Iduri du, su lotzekotz, belharra izan behar dela barnean, lekhu agorrean. Kanpoko meta haizeak eiki begiratzen du.
Erran den belhar meta, batzuetan laugarren eguneko, bertze batzuez hainitzez geroago, berotuko da hainbertze, non eskuak meta barnean ezin iharduki baitezake.
Orduan meta barrayatuko da, atheri delarik ahal bada.
Bustiak diren aldeak laster idortzen dira, eta belharra sartzen da barnera.
Ez-aski berotu izanez, ez-bada idorra, metatzen da berriz, biharamunean sartzeko, edo geroago, bi aldi horiek aski ez-baditu.
SEMEAK: Beldur naiz ez-den errex ezagutzea noiz den ethorria metaren barrayatzeko ordua.
AITAK: Ez-da hain gaitz ezagutzea noiz den hain bero non eskuak ez-baitezake jasan.
Beldurrago izateko da xuriaren.
Xuria deitzen dute zurmindura mota bat.
Eskua metaren barnean sartzen denean, heya beroa denetz ikhustekotzat, athera behar da belhar izpi bat ahalik urrunenetik; eta xuria abiatua bada, berehala barrayatzen da meta, haizea ematekotzat.
Bere berotasunaz beraz holetan idorrarazten den belharra, ez-da bertze bat bezain ederra begira; uherrago da; bainan gutienetik bertzea bezain ona da, eta hobea ere, ontsa atzemana denean.
Frogantza egina izan da abereei emanez bi belharrak aldean, eta ikhusiak izan dira uherraz hautatzen.
Lorrenako belharrak hola idortzen dira, eta-ez gure tokietan bezala.
Egun hautan erran dudana, aberetegiko hatzak ez-du belhartegian sarthu behar.
Hortaz ere askok ez-dute aski arrangura. Eta bizkitartean, belhar khutsatua baino, aziendek lastoa ere hobe lukete.
|